... BAINA NAZKARIK EMAN GABE. Hau da, nazkatu gabe, gustura aritu ginen "askoaz" eta "gutxiaz", finituaz eta infinituaz, sartzeaz eta ez sartzeaz. Gustura aritu ginen, oso gustura. Inoiz baino sutsuago. Bai, inoiz baino sutsuago. Matematika sutsuki hausnartzen baita, pentsamenduari tira eginez, barruak hustuz. Eta hustutakoarekin 11K gela betez. Egunero saiatzen garelako ikasgela betetzen, batzuetan irriz, askotan ideiez, gehienetan emozioz eta inoiz bitxikeriez ere bai. Eta ederrenak guk asmatutakoak izan ohi dira; guk asmatutako irriak, guk asmatutako ideiak, guk asmatutako emozioak eta guk asmatutako bitxikeriak.
Tarteka-tarteka halakoak gertatzen dira: lasai-lasai erradioaren definizio formala ematen hasi eta sekulako eztabaidadebatehausnarketaendredoondorioetara iritsi. Ederra izan zen atzokoa. Oso ederra. Ideia guztiek, uste guztiek, euren arrazoia izan zutelako itsatsirik. Uste duzun hori ustela izanda ere, uste duzun hori ongi arrazoitua badago, ez da hain ustela. Ustela ez dela ere esango nuke. Zuzentasuna ia-ia nahigabe ikasten da, gure arrazoia arrazoitzen, ordea, landuz ikasten da. Eta zuek, txiki, ongi ari zarete, ari zarete ikasten. Ari zarete pentsamenduari tira egiteaz gain, korapiloa nola egin ikasten. Eta ez dago pentsamendua korapilatzea baino ederragorik.
Erradioa zentroa zirkunferentziarako edozein punturekin lotzen duen zuzenkia da. Beraz... zenbat erardio ditu zirkunferentziak? Eta hor hasi zen lan-festa. Mikelek enbido eta Begoñak hordago, Iñigok dale eta Oscarrek bale, Anek arre eta Nereak barre, Maiak so eta Martinek eraso...
Eta Irati... orkestra zuzendu nahian, hatz arteko batutan infinitua kateatuta nuela...