2010-01-29

BAKEAREN NAZIOARTEKO EGUNA


EZ DAGO BAKERAKO BIDERIK, BAKEA DA BIDEA (Mahatma Gandhi)

Gu ere bakerako pausoak marrazten egunero saiatzen garen arren, gaur bereziki bakea oihartzun txiki bihurtu nahi izan dugu institutuan. Olerki, kantu, bertso eta irudiz jantzi dugu gaurko atseden ordua.


Haizea,

haizeak eskuari laztana,

eskuak laztanari bihotza,

laztanak bihotzari beroa,

bihotzak beroari babesa,

beroak babesari laguna,

babesak lagunari argia,

lagunak argiari bizitza,

argiak bizitzari haizea,

bizitzak haizeari eskua.




Bakea besteen ispiluetan nork bere buruari begiratzea da;

tarteka nork bere begiak itxi eta besteenak zabaltzen saiatzea.

Ematea, entzutea, ulertzea.

Bakea hari baten bi muturrekin hiru korapilo egitea da.


Beldurrik gabe egin hozka, gertuago sentituko dituzu guk eman ditugun pausoak.



2010-01-25

JAKIN-MINA


Jakin-mina
; begiratu eta lausoa ikustea, begiratu eta itzala ikustea.

Jakin-mina; zirrara bero bat bizkarrean behera, izerdiaren ubidea hezur arrastoei kolpeka.

Jakin-mina; pentsamenduaren jolasa, zeharka emandako pausoa, bustitzen ez duen itsasoa.

Jakin-mina lo-lapur,

jakin-mina
argi-gose,


jakin-mina
ibiltari.

Nekatu egiten du jakin-minak, dakizunaren aurretik korrika egitera behartzen zaituelako. Neke gozoa da, ordea, jakiteko gogoak gozatzen duena.

2010-01-22

EGIN APUSTU ZURE BURUARI!(VIII)


Ekaitzak Iratin burrunba egiten duenean tximisten argia ipuin bihurtzen da.


Gaurko problema txikia anai-arreben inguruan.


MARIA ETA JUAN

Mariak Juan izeneko anaia bat dauka. Juanek anaia eta arreba kopuru bera du. Mariak duen anaia kopurua ahizpa kopuruaren bikoitza da. Zenbat neska eta zenbat mutil daude familian?

2010-01-19

EDERTASUNA


Perfekzioaren ispilu. Perfekzioak huts egiten duenean ispiluak matematika egiten du. Horrelakoetan lasai galdetu ispiluari inguruetako ederrena zein den, ezer erantzun aurretik zure gorputzaren irudia islatuko baitu.

Lehengo astetik nuen buruan bideo eder hau erakutsi behar nizuela; urrezko zenbakiaren aurkezpena egin behar nizuela. Gaur José Antonio Moler matematikaria izan dugu institutuan, eta kontu interesgarri askoren artean urrezko zenbakiaz aritu zaigu hizketan.

Bideoa ikusteaz gain ariketa txiki bat proposatzen dizuet (etxean esan gurasoei edo anai-arrebei , edo inguruan duzuen edonori laguntzeko). Bi neurketa ariketa egin behar dituzue:

  1. Zuen altuera eta zilborretik oinetarainoko distantzia neurtu. Eta egin bien arteko zatiketa.
  2. Neurtu ukalondotik eskumurreraino eta eskumuturretik hatz puntetaraino dagoen distantzia, eta egin bien arteko zatiketa.
Neurketak eta zatiketak egin ondoren sartu blogean emaitzak. Ea zein diren lortzen ditugun zenbakiak! Ba ote du bakarren batek bideoan azaltzen den zenbakiaren antzik?

Ikerketa polit hau egiteko zuen laguntza behar dut. Lagunduko didazue?


2010-01-15

EGIN APUSTU ZURE BURUARI!(VII)


"Korapilo baten erdian milaka hari mutur nora ezean dabiltza."


BI ASMAKIZUN KORAPILOTSU

Zenbat pisatzen du adreilu bat eta erdik baldin eta adreilu batek kilo bat eta adreilu erdia pisatzen badu?


Zenbat balio du zazpi sardina eta erdik, sardina eta erdi bakoitzak euro bat eta erdi balio badu?


2010-01-14

HAITI



Dardara baten oihua;

oihu isilaren garrasi mutua.
Zer ikusten dute (zer ikusten zuten)
lurrak irentsi dituen zure begiek?

2010-01-11

LOTSATIA



Amak kontatu zidan atzo, amona Engraxik elurra lotsatia dela esaten zuela. Lotsatia omen da elurra; denok lotaratzen garen garaian, gauean, egiten omen du elurrik gehien. Ilunpean askatzen omen ditu elurrak, malo-malo eta mara-mara, bere soineko zuriak.

Azken egunotan, ordea, ez dakit ez ote den lotsagabe samar ibili! Gauean bakarrik ez, egunez ere jolasti aritu da kukuka, orain bai, eta orain ere bai. Azken egunotan oporretan egon garenon jolas bihurtu dira elurraren lotsagabekeria guztiak. Ederra da Murumendira joan eta belaunetik gora izterrean barna laztan lizunen bustia sentitzea. Ederra da txantxangorriaren masail gorrituen maitemina begietan iltzatzea.

Herenegun Mikelekin hizketan aritu ginen eta elur egunotan amarekin batera baserri inguruan ogi apurrak botaz ibiltzen dela kontatu zigun. Ogi apurrak txoriek zer jana izan dezaten. Ama semeak ogi apurrak elur gainean utziz; ama semeak aitaren ezkutuan. Aitari ez baitzaio etxe inguruan txoriak pilatzea gustatzen. Hura entzunda salto egin zidan oroimenak bederatzi urterekin idatzi nuen ipuin batera. Beasaingo idazlan lehiaketan saria atera zuen. "Txoriak ditut maite" jarri nion izenburua. Elur-egunetan txoriei zepoak jarriz ibiltzen zen mutil koadrila baten gaiztakerien aurrean txoriei laguntzen zien neskatilaren istorioa kontatu nuen. Zepoen inguruan eseri eta ontzi ezberdinekin zarata ateratzen zuen neskak txoriak tranpetatik uxatu nahian. Mutilen amorrurako neskak lortzen zuen nahi zuena. Horratx irudimenaren arrastoak!

Irudimenik ederrena, ordea, bizitako hura da. Irudimenez beteriko paisaiak, argazkiak, uneak oparitzen dizkigu elurrak, eta ez dago nor bere errealitatearen protagonista izatea baino irudimen ederragorik!

2010-01-02

URTE BERRI ON!




Zabalik dauden begiek erdia ikusten dute. Zabaltzen ditugun begiek bikoitza.

Sukaldeko egutegia aldatzea baino errazagoa da, desioa bat idatzi eta sutara botatzea baino sinpleagoa, bizilagunari urte berri ona opatzea baino...

Orri zuri bat hartu eta bide bat trazatzea; bidearen alde banatan bi begi marraztea. Orri zuri mugatuak beti utziko dizu begiak nahi adina zabal margotzen. Bideari begira marraztu behar dituzu begiak, baina, orri zuria da ikusi behar duzuna eta orri zuriaren muga eta mugaz harago dagoena.

Orri zuri bat da urte berria. Urte berri on!