2016-01-25

ITAKA_Maddi Noguera_2016-1-2

Maddi Noguera

Formato txikian entzun genuen, Beasaingo Liburu eta Disko azokan. Ez dakit 40-45 minutuz... parez pare, bera aurrean genuela... Eta harrapatu egin gintuen. Hori da denbora: 40 minutu. Harrapatu egin gintuen bere ahotsak, bere aurpegiak, bere begiradak, bere gitarrak... Hori delako musikak duen magia. Eta hala proposatu genion: guk gozatu dugun hau gure entzuleek gozatzea nahi genuke. Etorriko zara irratira? Berak baietz. Ahots, aurpegi, begirada eta gitarra hartuta etorri zen Maddi Noguera, ataundar musikari gaztea, irratira urte berriari zuzen-zuzenean musikaz kaixo esatera. 


2016-01-19

ITAKA_ Isuo Sasiia eta Jon Murua_2015-12-19


Jon eta Isuo Segura Irratian

 

Elkarri marrazki bana eginda etorri ziren. Elkar aurkeztu zuten zuzenean; irratian. Elkarri begietara begira. Isuok Jon aurkeztu zuen eta Jonek Isuo. Isuok Joni buruz esan zuena: gizon orekatua, aurpegi borobil samarrekoa, betaurrekoduna, beti bizar pixka bat izaten duena, beti neurri berean. Berezitasuna: kopeteko begia, hirugarren begia, tipo espiritualaren ikur. Jonek Isuori buruz esandakoak: mutil saltaria, dantzan hasten denean pasioz salto txikiak egiten dituena, bizitzarekiko jarreraren isla. Inoiz iritsi da ilargiaz harago salto egitera. Dena ez zuen kontatu Jonek Isuori buruz (badaezpada ere). 
Gitarra eta tronpeta lagun, musika-kantura etorri zen bikotea Segura Irratiko Itaka saiora. Idiaren zaintzari buruzko hamar estanpak diskoa aurkeztera; besteak beste. Asmoa hori bazen ere, hori eta askoz gehiago eman zioten irratiari. Musika zoragarria egiten dute, berezia, patxadan, lasai-lasai, barru-barrura iristen den horietakoa. Plazera izan zen goiza eurekin partekatzea. 
Lanean ari dira bigarren diskoarekin, jarraituko diegu arrastoa. 


2016-01-13

KARTZELARA GOAZ



Arriskua beti dago presente. Eztenak batzuetan egiten du zizt. Eta ipurdia eztenaren parean egokitzen zaizunean… izan daiteke kasualitatea, kausalitatea, patua, zoria, hala behar zuen, zerbaitegatik gertatzen dira gertatzen direnak eta niri gertatu beharra ere, gaur, orain, hemen… eta ipurdia eztenaren parean egokitzen zaizunean mina egiten du. Ez dakit eztenak edo ipurdiak. Hori bai, kaka zahar guztiak eztarrian korapilatzen dira.

Ederra joan zen larunbateko irratsaioa. Gozatu egin zenuen, Irati, eta Iñakiren hitz-jolasek bera ere gustura aritu zela helarazi zizuten. Zergatik ez aitortu: lan bikaina egin zenuen mikrofonoaren aurrean, Iñaki Zubeldiaren lan berriak merezi zuen tarte eder bat eta asmatu zenuten galde-erantzunetan.

Orain dela 46 urte idatzitako “Euskaldun bat Marten” eta argitaratu berri duen “Martetarrak Zarautzen” liburuak izan genituen hizpide. Goizeko hamarretan puntuan Audacity-ri Klik. REC. Grabatzen. Zuzen-zuzenean egindako saioak asteazken iluntzetan errepikatua eta blogean zintzilikatua izateko aukera eduki dezan.

Audacity. Arriskua beti dago presente. Eztenak batzuetan egiten du zizt. Batzuetan baino ez, ia inoiz ez. Ia salbuespen marka izan zen larunbatean. Ipurdia eztenaren parean egokitu eta kaka zahar guztiak eztarrian korapilatu zitzaizkidan. Azken minutuan Olatz Zugastiren kantu eder batekin agur esaten ari nintzela zeharka ikusi nuen ordenagailuko pantaila urdintzen, error eta reiniciar. Bi orduz saiatu nintzen irratsaioa berreskuratzen. Google-ko jarraibide ulertezinei jaramon eginez, Iñigo lankideak ia-ia lortu zuen. Baina ia kondena marka izan zen larunbatean.

Erraza izan zitekeen: gertatu da eta kitto. Baina, mina ematen dizuna eztena edo ipurdia den ez dakizunean kaka zahar guztiak eztarrian korapilatzen zaizkizu. Frustrazioa, inpotentzia, haserrea… erraza izan zitekeen: onartu eta kitto. Baina, geure burua zigortzen dugu sarri gertatzen direnak zergatik gertatzen diren ulertzen ez dugunean.

Epailea: ni
Akusatua: ni
Kausa: ordu eta erdiko sormen lan ederra galtzea
Kondena: ordu eta erdiko sormen lan ederra sortzea

Urtarrilaren 19an arratsaldeko 17:00etan Martuteneko kartzelan sartuko dut neure burua. Eta gorputza. Ordu eta erdiko sormenera kondenatu dut neure burua. Eta gorputza. Literatura kartzelan. Nirekin batera sartuko ditut Nagore Ezeiza eta Ekaitz Goikoetxea. Errugabeak dira, baina, neurekin kondenatzea erabaki dut. Tarteka gertatzen dira halakoak ere. Literatura kartzelan. Ordu eta erdiz. Sormenera kondenatuak.


Agian ausartuko naiz Audacity bidez saioa grabatzen. Hori izan daiteke askatasuna eman diezadakeen fidantza: kartzelan eskainitako literatur saioaren grabaketa. Agian ausartuko naiz Audacity bidez saioa grabatzen. 


Euskalerria irratiko atzoko irrintzian testua entzungai: 




2016-01-12

ITAKA_Tere Irastortza_2015-12-5










Ez zegoen hutsunerik; orratz batentzat tokia baino ez. Ez zegoen hutsunerik, norbait saiatu zen oin punta ñimiño baten keinua itzal bihurtzen. Norbait saiatu zen, baina, orratz batentzat tokia baino ez zegoen. Eta hutsunea ez da putz eginez sortzen, hutsuneak ez du ezerezik bere baitan, hutsuneak bete egiten du zuloa, eta hor orratz batentzat tokia baino ez dago. 

Hor orratz batentzat tokia baino ez dago. Muntua betetzen zenuten; hutsune eta guzti. 


Mundua betetzen zenuten olerki liburu ederra aurkeztera etorri zitzaigun Tere Irastortza abenduaren 5ean irratira. Tarte gozoa izan zen. Oso goxoa. 


2016-01-11

Neguko oporretan gozatutakoak eta Antonio


GANBO (1413 m)_2015-12-25

Giro zoragarriarekin, inguru ederrean, konpainia bikainarekin (eskerrik asko, aita) goiza borobildu egiten da Aralarren bihotzean. Han atzean Txindoki sudur zorrotz. 

Ganboko postontziarekin

ANTONIO DE PABLO_1955-2015_2015-12-26

Gozamen uneetan halako eztenkadekin egiten dugu topo. Eta minak iraun egiten du. Institutuko egunerokoan iraun egiten du minak. Eta zuk utzitako irribarre-ahots ozen sarkor ederrak. 

Sekulako idatzi ederrak ari dira ikasleak zure omenez egiten. Plazera izan da zure lankide izanik, ikasleek bezainbeste ikastea zugandik. 

Zoriontsua egin zintuen
irakasteko jardunak,
zenbat ikasgai eman dizkigun
zure kritikotasunak,
izugarrizko indarra zuen
zure giza-nortasunak,
Ai Antonio, opari dira
zu bezalako lagunak,
ta zure faltak ekarri arren
une triste ta ilunak,
hain indartsu zen zure baitango
ahotsaren oihartzunak,
biziberritu egingo ditu 
institutuko lagunak. 


BERIAIN (1493 m)_2015-12-27

Zorionak, zure urtebetetzean zorionak... belarritik tiratzean zorionak ta muxu bat, zuretzako. Urte askotarako, Irati! 
Ez dago zorion opari ederragorik zuretzako: izugarri maite dituzun lagunekin goiz pasa eder bat egitea mendian. 

Waqar, Ekaitz, Khurram, Joxe eta Irati. Argazkilari Luis. 

AIAKO HARRIA (Erroilbide, Txurrumurru eta Irumugarrieta)_2015-12-29

Ezagutzeke, ezagutzeke... mendirik mendi ibilian ibili ondoren... azkenean... eraztun-heldulekuari eutsi eta ipurdiak gora! Han goitik ere itsasoa ikusten da. Eta nola gainera! 

Ni eta itsasoa. Tira, itsasoa eta ni.

Granitoaren ezkutaleku
historiak ekarriak,
hiru tontor gain interesgarri
lotzen ditu uztarriak,
xenda bihurri, harkaitz jolasti,
ta bista ikusgarriak,
itsaso eta mendi artean
biltzen diren mugarriak,
iraganaren aztarna bizi 
dira Aiako Harriak. 


Iñaki, Joxe, Luis eta ni. Eskerrik asko Iñaki gidari lanengatik eta...!


AGAUTZ (974 m) - SASTARRI (995 m)_2015-12-30

Zer da, zer da? Zenbat eta gehiago ezagutu, goiza orduan eta gehiago gozarazten dizuna? Agautz gaina Ataun, Lareotik gora. Bisitan datorren edozein laguni erakusteko txoko aparta. 

Joxe eta biok Agautzen. Argazkilari Pablo. 
Zer da, zer da? Zenbat eta ilunago egon ingurua burua orduan eta gehiago argitzen dizuna? Erraiak bere horretan, halaxe ezagutu genituen han barru-barru-barruan. 

Sastarriko kobaren atarian espedizioaren ondoren. Argazkilaria: barrunbeetako ...

SAN SILBESTRE ZUMARRAGA-URRETXUN_5 km eta ... _ 2015-12-31

Bikotekako lasterketa mistoa. 85 zenbakiarekin Gorka Santesteban eta Irati Goikoetxea. Eskerrik asko Gorka parte hartzera animatzeagatik eta eskerrik asko Luis; ezin entrenatzaile hoberik aurkitu. 

Aldea nabari da, ezta?

1.go itzulia:


2. itzulia:




IRIMO (901 m)_2016-1-1

Urte berri on, kuadrila! Eguneko 24 ordutan, asteko 7 egunetan eta urteko 12 hilabeteetan zorionik ederra izan dezazuen (eta zorion hori lortze bidean lan egin dezazuen) opa dizuet: 24·7·12=2016

Gaur lehertzen da urtezahar eta
urteberriaren lehia,
begiratu ze dotore eta 
eder dagoen izeia,
izango dezu argaldu edo
maitemintzeko ideia,
goizer entzun eta jarraitu
zure bihotzaren deia,
zorionaren urtea baita
bi mila ta hamaseia.

Joxe, Khurram, Waqar, Irati eta Gorka

ETXEBARRIKO HAITZAK-LARRAITZA ETA KREZMENDI URBASAN_2016-1-5


Sorginak toki sorginduetara joateko ohitura du. Zer egingo diogu!


Luis eta Irati. Argazkilari Joxe eta Pablo.

LIBURUAK GAILURREAN_IRAKURKETA GOZAMEN


Irakurri eta gozoki bihurtu ditudanak: X hil da, Mundua betetzen zenuten (bigarrenez), La buena suerte, Atertu arte itxaron, Gerezi denbora, Lasai ez da ezer gertatzen, Martetarrak Zarautzen. 

Irakurri ditudanak
 Zain ditudanak; berandu baino lehen irakurriko ditudanak: Zu eta Orain hilak ditugu. 


Zain ditudanak