Arriskua beti dago presente. Eztenak
batzuetan egiten du zizt. Eta ipurdia eztenaren parean egokitzen zaizunean…
izan daiteke kasualitatea, kausalitatea, patua, zoria, hala behar zuen,
zerbaitegatik gertatzen dira gertatzen direnak eta niri gertatu beharra ere,
gaur, orain, hemen… eta ipurdia eztenaren parean egokitzen zaizunean mina
egiten du. Ez dakit eztenak edo ipurdiak. Hori bai, kaka zahar guztiak
eztarrian korapilatzen dira.
Ederra joan zen larunbateko
irratsaioa. Gozatu egin zenuen, Irati, eta Iñakiren hitz-jolasek bera ere
gustura aritu zela helarazi zizuten. Zergatik ez aitortu: lan bikaina egin
zenuen mikrofonoaren aurrean, Iñaki Zubeldiaren lan berriak merezi zuen tarte
eder bat eta asmatu zenuten galde-erantzunetan.
Orain dela 46 urte idatzitako
“Euskaldun bat Marten” eta argitaratu berri duen “Martetarrak Zarautzen”
liburuak izan genituen hizpide. Goizeko hamarretan puntuan Audacity-ri Klik.
REC. Grabatzen. Zuzen-zuzenean egindako saioak asteazken iluntzetan errepikatua
eta blogean zintzilikatua izateko aukera eduki dezan.
Audacity. Arriskua beti dago
presente. Eztenak batzuetan egiten du zizt. Batzuetan baino ez, ia inoiz ez. Ia
salbuespen marka izan zen larunbatean. Ipurdia eztenaren parean egokitu eta
kaka zahar guztiak eztarrian korapilatu zitzaizkidan. Azken minutuan Olatz
Zugastiren kantu eder batekin agur esaten ari nintzela zeharka ikusi nuen ordenagailuko
pantaila urdintzen, error eta reiniciar. Bi orduz saiatu nintzen irratsaioa
berreskuratzen. Google-ko jarraibide ulertezinei jaramon eginez, Iñigo
lankideak ia-ia lortu zuen. Baina ia kondena marka izan zen larunbatean.
Erraza izan zitekeen: gertatu da eta
kitto. Baina, mina ematen dizuna eztena edo ipurdia den ez dakizunean kaka
zahar guztiak eztarrian korapilatzen zaizkizu. Frustrazioa, inpotentzia,
haserrea… erraza izan zitekeen: onartu eta kitto. Baina, geure burua zigortzen
dugu sarri gertatzen direnak zergatik gertatzen diren ulertzen ez dugunean.
Epailea: ni
Akusatua: ni
Kausa: ordu eta erdiko sormen lan
ederra galtzea
Kondena: ordu eta erdiko sormen lan
ederra sortzea
Urtarrilaren 19an arratsaldeko
17:00etan Martuteneko kartzelan sartuko dut neure burua. Eta gorputza. Ordu eta
erdiko sormenera kondenatu dut neure burua. Eta gorputza. Literatura kartzelan.
Nirekin batera sartuko ditut Nagore Ezeiza eta Ekaitz Goikoetxea. Errugabeak
dira, baina, neurekin kondenatzea erabaki dut. Tarteka gertatzen dira halakoak
ere. Literatura kartzelan. Ordu eta erdiz. Sormenera kondenatuak.
Agian ausartuko naiz Audacity bidez
saioa grabatzen. Hori izan daiteke askatasuna eman diezadakeen fidantza:
kartzelan eskainitako literatur saioaren grabaketa. Agian ausartuko naiz
Audacity bidez saioa grabatzen.
Euskalerria irratiko atzoko irrintzian testua entzungai:
No hay comentarios:
Publicar un comentario