2011-12-22

URTEBETEKO ZORIONA





Gutxi edo asko egunotan denok izaten dugu hizpide loteria. Abertzaleek nahiz abertzale ez direnek, Raxoi nahiz Zapatero zaleek, txikiek eta altuagoek, Erreal zale nahiz Athletic zaleek, fededun eta ateoek, mendizaleek eta itsasaldea nahiago dutenek, gordo nahiz plako daudenek... Gutxi edo asko egunotan denok izaten dugu hizpide loteria; "eske... krisi garaiotan... laguntza pixka bat", "eske... gustura lanari utziko nioke...", "eske... ondokoari tokatzen bazaio...", "eske... lankideen aurrean lotsagarri gelditzea ere...", "eske... total!". Eskean, eskean... ez dakit bete edo hustu egiten dugun gure burua...

Astelehenean, bazkalorduan, Maria lankidearekin hizketan aritu nintzen. Loteriaz. ¿Y no has comprado la lotería del insti? ¿Y si toca? Eta nik pueska... pues si toca, me alegraré un montón por vosotr@s.
Me parece muy bien esan zidan.

Ba horixe. Ez dut sekula loteriarik erosi. Ez dut urtebeteko "zorionik" nahi. Mariak berak kontatua, telebista saio batean entzuna: loteriak urtebeteko zoriona ematen du. Ez dut nire zoriona iraungitze-data duen probabilitate eskas baten esku utzi nahi. Ni egunero saiatzen naiz ehuneko ehunean nire buruaren zorion izaten. Ehuneko ñimiñoz osatutako ehunekoa da. Nahiago ditut ehuneko txiki-txiki-txiki-txiki-txikiak ehuneko erraldoiak (godoak) baino. Aipatu nezake hazienda, monarkia, nik neure buruarekin koherente izateko dudan konpromisoa... baina, hori guztia kontuan hartuta, kontua hori guztia baino sinpleagoa da. Ez naiz loteria gosez bizi; loteria salgai dagoela ere ahaztu egiten zait, ilusioa ez dit loteria salgai dagoela adierazten duen oharrak pizten, ilusioa ohar horren aldamenean kortxoa partekatuz irakurle talde sortu berriaren aipamena egiten duen oharrak pizten dit, adibidez.

Zer? Hasi dela zenbaki-kantua? Ba horixe! Ni ere banoa opor aurreko festara ikasle-irakasleei pare bat bertso kantatzera. 

Zer? Ah, bai! Zorte on! Ni zuengatik poztuko naiz. Eta neure buruarengatik ere bai!

2011-12-14

IRAKURLE TALDEA


Emozioez hizketan jarri dugu martxan Irakurle Taldea Zizur Nagusian. IES Zizur BHI-ren ekimenez, ikasle, guraso eta irakasleak elkartuko dituen irakurle taldea lehenengoz elkartu zen asteartean arratsaldeko seietan Zizur Nagusiko liburutegian. 

Ederra da barne-emozioak askatzea. Emozionatzea. Emozionatuta nengoen asteartean. Batetik udal-liburutegi berri bat ezagutzeko aukera izan nuelako; herri berrietara hurbiltzen garen kanpotarrok (eta baita bertan bizi direnek ere) herriko gune publikoak ezagutu eta erabiliz, herria gureago sentitzen dugula uste dut. Bestetik, lehendik ezagutzen nituenak gertuago sentitzeko eta ezagutzen ez nituenak ezagutzeko aukera ematen digulako halako talde batek. 

Asteartean bertan Mikel Alvira idazle iruindarrari irakurri nion elkarrizketa batean; berari istorioak kontatzea baino gehiago interesatzen zaiola emozioak sortzea. Irakurle taldeak bizikidetza omen dira, hori Luis Arizaletari ikasi diot. Eta bizikidetza emozioak partekatzea, entzutea, elkar aberastea denez, emozionatuta nago liburuek sorraraziko dizkiguten haserreak, pozak, tristurak, harridura uneak, ustekabeak, beldurrak, irribarreak, malkoak... elkarri eman eta elkarri hartuko dizkiogulako. 

Irakurle taldea martxan dago... eta zuk ere gurekin batera bidea egin nahi baduzu... Urtarrilaren erdialdera arte Alberto Ladron Arana idazle iruindarraren "Ahaztuen mendekua" irakurriko dugu. Zuk ere liburua irakurri nahi baduzu, eta liburuarekiko zure barne-sentipenak gurekin partekatu nahi badituzu, txoko birtualean (http://irakurzizur.blogspot.com) ere topatuko gaituzu!





2011-12-13

ASTEARTEA ETA HAMAHIRU




Bitxia da zebrabide baten erdian katu beltz bat ikustea. Badirudi katu berak itxura ezberdina hartzen duela arrasto zurien gainean edo errepide belztuaren gainean dagoenean. Arrasto zurien gainean, katu beltza izan daiteke zulo bat; errepide belztuaren gainean katu beltza ezerezaren arrastoa da, mugimendurik gabeko isiltasun baten oso antzekoa.

Iratzargailua berandu esnatu da gaur. Hiru minutu. Gehitxo milimetroak erdizka zenbatzen diren goiz baterako. Loa bizkar gainean ibiltzen da halako egunetan. Betazalak makurtzeraino egiten du bultza loaren pisuak. Irratia tarrakataka ari da, ezin trenarentzako geltoki lasairik topatu, eta minutuak aurrera doaz eta esne beroak putz egiten dit aurpegian, lentiletan lurruna itsatsiz. Eguna lainotua dator nonbait.

Olio ziztadak sumatu ditut galtza jantzi berrien gainean. Lau ttantto ilaran, lau ttanttoko irribarrea mingaina ateraz. “To, moldatu hadi nahi badun!”. Eta moldatu egin behar. Minutu bat erabakitzeko: olio ttanttodun galtzak jantzi edo armairuko azken zokoan aspaldian aspertuta dagoen gonari egin tira. “Ez dun inor konturatuko eta tira”… mingaindun irribarre eta guzti banoa korrika eskaileretan behera. Galtza olioztatuak. Ze arraio, moda berria.

Ona omen da eskaileretan gora eta eskaileretan behera ibiltzea. Ipurdia gogortzeko ariketarik onena. Ez, ez zaizkit berriro eskaileretan gora egiteko gogoarengatik ahaztu institutuko giltzak etxean. Bila hasi behar gainera… nork bota ditu zakarretara? Inork ikusita ere… institutua zakarrontzian! Birziklatzeko ontzian.

Eta hortxe azaldu da, ez da oso handia, baina, buztanaren luzeak handitu egiten dizkio begiak. Bai, buztanaren luzearengatik ditu begi handiak. Hortxe dago, gorputz erdia arrasto zuriaren gainean eta gorputz erdia errepide belztuaren gainean duela. Hortxe dago katu beltza. Zulo bat eta ezerezaren arrastoa, biak ditu gorputz erdibanatuan. Eta horrek egiten du beldurgarri, zuloaren erdian ezerezaren arrastoak zintzilik izateak. Katu gizajoa. Eta gizajoa ni goizak hari begira harrapatu nauen hau.

Eta horrelaxe joan da goiza institutuan. Zulo eta ezerez artean. Fotokopia gaizki eginak; esku artean galdutako arkatzak… Sagu txiki bat ere ikusi dut korrika pasabidean aurrera eta han, pasabidearen azken muturrean katu beltza.




ITAKA (Felix Eskisabel 2_2011-11-26)


Lotarako ordua da, kaleko argien nekean nabari da, eta isiltasun errepikatuan. Iluntzen duenean, isiltasuna bikoiztu egiten da, gautxoriak isiltasuna arrantzatzeko ahaleginean ibiltzen dira; arrantza-sareko zuloetatik egiten die, ordea, ihes. Isiltasunak. Umeak egoten dira gautxoriei eta arrantza sareei eta ihesi dabiltzan isiltasunei begira; lotarako orduan leiho ertzera inguratzen diren umeak. Begiak ixten dituzte umeek eta une batez lo hartzen dute. Zutik. Hara norabait begira.

Eta une horretantxe umeak zutik, hara norabait begira lo hartzen duen unean, une horretantxe hasten da ordularia gaua zenbatzen, iluntasun bat eta iluntasun bi. Eta une horretantxe gautxorien arrantza-sareetatik ihesi dabilen isiltasuna ipuinak kontatzen hasten da. Eta une horretantxe, umeak lehenengo zurrunga ttikia egiten duen une horretantxe, badirudi ipuinek oihartzun txikiak egiten dituztela. Eta une horretantxe, iluna ilun-iluna denean, une horretantxe leiho ertzera inguratzen diren ume guztiak entzuten jartzen dira, eta goizeko etorkizunaren irrikan iragana da umeek amesten dutena. 






Behin eta bi aldiz. Istorioek, ipuinek eta iraganak azken punturik ez dutelako. Bigarren astez jarraian Ataungo Arrondo auzoko Espilla baserriko Felix Eskisabelekin izan ginen. Entzuteko modukoak kontuak, kantuak eta barre algarak. Entzuteko modukoa astoak eta otsoak elkarri kantatuz izandako elkarrizketa. Entzuteko moduakoa iragana Felixen begietan.

Azaroaren 26ko goizean ezkaratzean zain Mari Karmen Urteaga izan genuen, Patxi Ezkiagak sonata baterako lau nota oparitu zizkigun eta Jonmikel Intsaustik Hitzontzi lehiaketako lehenengo saskia eskuratu zuen. Azken saltoa Katamaloren "Min hau" kantuarekin egin genuen.

Saioa jaitsi eta gorde nahi izanez gero egin klik!


2011-12-12

... ur(d)(r)e


HITZA: URDE

"Baziren bi txerri, Ttip eta Ttup, bi txerri tturrin-tturrin, buztana arin, mutur gorri...". Zenbat kantu ordu Txirri, Mirri eta Txiribitonekin... pentsa, hogei urteren bueltan letra-doinuak ez zaizkit ahaztu... Ostegunean ezagutu nituen Ttip eta Ttup Arrasaten... bi txerri-urde eder, ehun eta berrogei bat kilokoak, biak otzan, begi-urdin eta sinpatikoak. Kantuan aritu ginen elkarrekin (belarri tente-erneek musikarako gaitasun aparta dute), bazkaldu ere gutxi gorabehera elkarrekin egin genuen eta baita argazki rallya ere. Pena... atzo zuten akabera... txerriaren patua, San Martinak pasa ondorenean ere laban artean bukatu beharra... pena...



 


AFORISMOA: "Zituen zorrak erosi egiten zituen"


Bazen behin zituen zorrak erosten zituen (bizilagun bat?). Zorrak zor izateari uzten zion zor berrien gonapean.
Zulo hutsezko ibiltaria da egun bizilaguna, ingurua betez bere burua zulodun bihurtu duena.








HAIKUA:

"Zerua urrez 
janzten den arratsetan
dena da zulo"


2011-12-02

EGIN APUSTU ZURE BURUARI! (VIII)



Batzuetan asteak horrelaxe joaten dira... pisutsu. Eta pisatzen duena izaten da Iruñerriari hozkaka (gosez? zeren gosez?) egon den behelainoa, eta bulegoko aire mugimendurik gabea, eta ordenagailuan pilatutako hitzen nora eza, eta eskumut
urreko ordulariaren aurrera joan beharra, eta bileren geldotasuna eta... Batzuetan asteak horrelaxe joaten dira... pisutsu. Eta ostiral iritsi berrian sorbaldak okertu egiten dira pisuaren pisuz eseri eta Mikelen begiradaz oroitzen zarenean... "Irati aurrekoan problemarik ez zenuen jarri eta gaur jarriko duzu?". Eta begirada horrek astearen amaierako azken ahalegina merezi duenez... kontzertuak, antzerkia, ikuskizunak... beste batzuentzat utziko ditugu... gu matematikekin kateatuta geldituko gara... gu, Mikel eta biok bai behintzat...




NOR EGON DA NOREKIN?

-Atzo arratsaldean Xabi kontzertu batera joan zen.
-Gorka Anarekin egon zen.
-Asierrek ez zuen Saioa ikusi.
-Maria zineman egon zen.
-Saioa antzerkia ikustera joan zen.

-Neska bat eta mutil bat zoora joan ziren.
-Josu eta Sara ere kontuan hartu behar ditugu.

... nor egon zen norekin?