2011-12-13

ASTEARTEA ETA HAMAHIRU




Bitxia da zebrabide baten erdian katu beltz bat ikustea. Badirudi katu berak itxura ezberdina hartzen duela arrasto zurien gainean edo errepide belztuaren gainean dagoenean. Arrasto zurien gainean, katu beltza izan daiteke zulo bat; errepide belztuaren gainean katu beltza ezerezaren arrastoa da, mugimendurik gabeko isiltasun baten oso antzekoa.

Iratzargailua berandu esnatu da gaur. Hiru minutu. Gehitxo milimetroak erdizka zenbatzen diren goiz baterako. Loa bizkar gainean ibiltzen da halako egunetan. Betazalak makurtzeraino egiten du bultza loaren pisuak. Irratia tarrakataka ari da, ezin trenarentzako geltoki lasairik topatu, eta minutuak aurrera doaz eta esne beroak putz egiten dit aurpegian, lentiletan lurruna itsatsiz. Eguna lainotua dator nonbait.

Olio ziztadak sumatu ditut galtza jantzi berrien gainean. Lau ttantto ilaran, lau ttanttoko irribarrea mingaina ateraz. “To, moldatu hadi nahi badun!”. Eta moldatu egin behar. Minutu bat erabakitzeko: olio ttanttodun galtzak jantzi edo armairuko azken zokoan aspaldian aspertuta dagoen gonari egin tira. “Ez dun inor konturatuko eta tira”… mingaindun irribarre eta guzti banoa korrika eskaileretan behera. Galtza olioztatuak. Ze arraio, moda berria.

Ona omen da eskaileretan gora eta eskaileretan behera ibiltzea. Ipurdia gogortzeko ariketarik onena. Ez, ez zaizkit berriro eskaileretan gora egiteko gogoarengatik ahaztu institutuko giltzak etxean. Bila hasi behar gainera… nork bota ditu zakarretara? Inork ikusita ere… institutua zakarrontzian! Birziklatzeko ontzian.

Eta hortxe azaldu da, ez da oso handia, baina, buztanaren luzeak handitu egiten dizkio begiak. Bai, buztanaren luzearengatik ditu begi handiak. Hortxe dago, gorputz erdia arrasto zuriaren gainean eta gorputz erdia errepide belztuaren gainean duela. Hortxe dago katu beltza. Zulo bat eta ezerezaren arrastoa, biak ditu gorputz erdibanatuan. Eta horrek egiten du beldurgarri, zuloaren erdian ezerezaren arrastoak zintzilik izateak. Katu gizajoa. Eta gizajoa ni goizak hari begira harrapatu nauen hau.

Eta horrelaxe joan da goiza institutuan. Zulo eta ezerez artean. Fotokopia gaizki eginak; esku artean galdutako arkatzak… Sagu txiki bat ere ikusi dut korrika pasabidean aurrera eta han, pasabidearen azken muturrean katu beltza.




No hay comentarios:

Publicar un comentario