2011-12-14

IRAKURLE TALDEA


Emozioez hizketan jarri dugu martxan Irakurle Taldea Zizur Nagusian. IES Zizur BHI-ren ekimenez, ikasle, guraso eta irakasleak elkartuko dituen irakurle taldea lehenengoz elkartu zen asteartean arratsaldeko seietan Zizur Nagusiko liburutegian. 

Ederra da barne-emozioak askatzea. Emozionatzea. Emozionatuta nengoen asteartean. Batetik udal-liburutegi berri bat ezagutzeko aukera izan nuelako; herri berrietara hurbiltzen garen kanpotarrok (eta baita bertan bizi direnek ere) herriko gune publikoak ezagutu eta erabiliz, herria gureago sentitzen dugula uste dut. Bestetik, lehendik ezagutzen nituenak gertuago sentitzeko eta ezagutzen ez nituenak ezagutzeko aukera ematen digulako halako talde batek. 

Asteartean bertan Mikel Alvira idazle iruindarrari irakurri nion elkarrizketa batean; berari istorioak kontatzea baino gehiago interesatzen zaiola emozioak sortzea. Irakurle taldeak bizikidetza omen dira, hori Luis Arizaletari ikasi diot. Eta bizikidetza emozioak partekatzea, entzutea, elkar aberastea denez, emozionatuta nago liburuek sorraraziko dizkiguten haserreak, pozak, tristurak, harridura uneak, ustekabeak, beldurrak, irribarreak, malkoak... elkarri eman eta elkarri hartuko dizkiogulako. 

Irakurle taldea martxan dago... eta zuk ere gurekin batera bidea egin nahi baduzu... Urtarrilaren erdialdera arte Alberto Ladron Arana idazle iruindarraren "Ahaztuen mendekua" irakurriko dugu. Zuk ere liburua irakurri nahi baduzu, eta liburuarekiko zure barne-sentipenak gurekin partekatu nahi badituzu, txoko birtualean (http://irakurzizur.blogspot.com) ere topatuko gaituzu!





2 comentarios:

  1. Martxan jarri duzuen egitasmoa, IZUGARRIA!Euskara eta literatura biziz eta sentituz, modu inklusiboan (ikasle, guraso irakasleak..., elkarrekin, emozioak eta sentipenak askatu bide:BEJONDAIZUELA!

    ResponderEliminar
  2. Proiektua ederra eta oso aberatsa, non eta Nafarroan, zer eta eskola bereko hiru estamentuak elkar bilduz: IKARAGARRIA!!! Euskarak halako ekimenak behar ditu, biziak eta bizigarriak, gaurkoak eta biharkoak, hemen eta Euskal Herriko edozein txoetan. Bejondaizuela.

    ResponderEliminar