2018-09-28

HOGEITA HIRUGARREN HILABETEA

Eleder Iruñeko Zitadelan_2018-9-27

HOGEITA HIRUGARREN HILABETEA: BALOIAREN HILABETEA

Izter, belaun, oinak luzatu eta... indarrari bultzaka zabiltza aspaldian. Baloia kolpe-lagun hartu eta korrika-korrika espazioen joana deskubritzen. Oinak baloia laztantzen duela sinetsita zabiltza... eta ni irrikaz, oinak baloia mintzen duela konturatzen zaren egunean egingo didazun galdera erantzuteko desiratzen.  


Zorionak, pottolo! Osaba Ekaitzek bertso bikaina oparitu dizu: 

Hogeita hirugarrena
dator baloi gisan, 
borobilduta zure
ametsen gerizan,
punba hor, punba hemen,
ta punba berriz han,
ikusiz ostikoka
zein pozik zabiltzan,
gol ugari sartuko
dituzu bizitzan.


2018-09-14

ITAKA_Ramon Olasagasti_2018-9-8


Ramon Olasagasti "Sasiolako errotaria" liburuarekin

Irin arteko zurian beltzak doministiku egiten du beldurrak astinaraziz. Eta errotarriak danba! Itzulia ematen dio misterioaren barne urduritasunari. Aurpegi zuri irineztatuak itzal iheskorren ispilu bihurtzen dira oharkabean, eta baso arteko putzua baliatzen dute ur fresko saltariaz begietako maskara kentzeko. 

Eta zast! Esku bat bizkarrean. Sokari tira eta tira egin nahi dion korapilo gaiztoaren garrasia. 

Eta zast! Zergatik ez duzu bakean uzten errotarriaren erritmo isila? Zergatik ez diozu ogiaren goxotasuna ontzen uzten?

Eta zast! Denborak harrapatzen bazaitu! Denborak harrapatzen bazaitu jakingo duzu zer den joan gabe etortzea, irinak irentsitako mamu horrek. 


Irailaren 8an bisitan etorri zitzaigun irratira Ramon Olasagasti.  "Sasiolako errotaria" liburu saritua (Lizardi Saria) aurkeztera. Mendia poltsikoan ekartzeko esan genion eta... irratsaioan duzue entzungai oparitu ziguna. Eskerrik asko eskainitako tarte ederrarengatik, Ramon! 

Xabier Sagasta marrazkilariak ere parte hartu zuen irratsaioan, Sasiolako errotariari eginiko marrazki ederrak hizpide hartuta. Mila esker, Xabier!




2018-09-10

ITAKA_Koldo Zubeldia_2018-6-16

Goierriko Hitzaren argazkia

Hiruzpalau hilabete pasa ondoren berriro bisitan etortzen zaigu Koldo Zubeldia irratira. Ederra izaten da berarekin solasean aritzea, bere ahots lehor hautsiaz irakurtzen dizkigu bere izen-sinadura daramaten poemak. Konturatzerako hogeita zazpi saio egin ditugu elkarrekin. Azkena ekainaren 16an. Ea hurrengoa urriaren bukaeran egiten dugun. Segi sortzen, Koldo!

2018-09-07

Emozioa gozamen

Eleder eta Irati Iruñeko Takoneran_2018-9-6

- Ama! Ama!
- Zer maitte?
- Ama! Ama!
- Nun bihotza?
- Ama! Ama!
- Nolakoa txiki?
- Ama! Ama!
- Ikusten det!
- Zer, ama?
- Ez dakit! Ze ikusi behar det?
- Ama! Ama! Han!
- A bai! Ze politteeeeeee(eta une horretantxe klik! argazki makinak nahigabe)eeeeeeee!

Eta han... han ez zegoen ezer berezirik, han zehazki ez zegoen bidean lehen ikusitako galtzerdidun oilarrik, indioilar harrorik, ahate eder eta itsusirik, antzar karranakaririk... Han zegoen belarra eta belarra eta belarra. Nahikoa, ordea, emozionatu eta barne-begiak dantzan jartzeko. Belarra eta belarra eta belarra. Nahikoa, ordea, elkarrekin emozio hori gozamen iturri bihurtzeko. Han zegoen mundua Elederren begietara. 


2018-09-05

ITAKA_Karlos Linazasoro_2018-9-1


Karlos Linazasoro

Eta punbala! Ustekabean baloiak kristala hausten duen bezala, hautsi ditzake gauak goizeko ordu txikiak eta beldurrak histeria eta kaosak nora eza. 

Imajinatu piztia izaugarri bat, izugarri handia bai, baina batez ere, izugarri izugarria, beldurgarria, iluntasuna irentsi eta beltza zulo bihurtzen duen horietakoa. Imajinatu bere ahotzarra su, su-kea pozoi eta arnasa itolarri bihurtua. Imajinatu begien bestaldean eternitate suntsitu bat. Eta atera argazkia horri.  

Ezinezko egoera horretan errealitatea kabitzen dela konturatuko zara eta irribarreren bat ikusiko duzu argazkian ezpainarteak urkatua. 

Eta punbala! Kolore guztiak zuri-beltz bihurtzen dira gauak goizeko ordu txikiak hausten dituenean. 


Irailaren 1ean bisita egin zigun Karlos Linazasorok irratira. Erein argitaletxeak argitaraturiko "6012" bere lana besapean hartuta etorri zen. Ikasturteari hasiera bikaina eman genion kantuak eta batez ere kontuak bide-lagun hartuta. Eskerrik asko, Karlos!