2017-02-28

LAU HILABETE

Elederren eskua_2017-2-28

LAU. SOINU-HOTSEN HILABETEA.

Antzarak, beleak, asto txikiak eta igelak; zoologiko bihurtu da zure eztarria, oihan basati. Ahots kordetan zilipurdika dabil zure hots-soinuen oihartzuna, afinatzen pasatzen duzu goiz erdia eta kantuan beste erdia. Zure ahotsa gustuko ote duzun jakin nahian lau ahotsetara egiten diozu kantu bizitzari. Eta gu zure aho kobazuloan sartu nahian ipurtargi bihurtuta. 

Zorionak, pottolo! Osaba Ekaitzek bertso bikaina oparitu dizu: 

Orain eskuen dantza,
orain lenguaia,
uneoro berritzen 
da zure paisaia,
abababububaba,
ababubuiaia,
nahizta zure kodeak
deszifratzen saia,
zuk bakarrik dakizu 
bere esanahia.

Eleder hizketan:

2017-02-27

Itaka_Goizalde Landabaso-2017-1-28

Goizalde Landabaso
Badaezpada ere kopia. Dabilen errekari ura igerian joaten zaion bezala, ez dabilen pentsamenduari memoria joan ez dakion zilipurdika.

Badaezpada ere kopia. Etorkizunak iraganarentzat tokirik gorderik ez badu, badaezpada ere kopia. Orain eta orain iragana berritu dezagun. 

Badaezpada ere kopia. Irribarre nola egin ahazten bazaigu, badaezpada ere kopia. Ez badugu asmatzen lo egiteko begiak itxi behar ditugula. 

Badaezpada ere kopia. Atzera egitea beti delako tentazio.

Badaezpada ere kopia. Aspertzen bagara trapu zaharrak astintzeko aukera izan dezagun. 

Bizipen orijinalak desagertu egiten direlako. Badaezpada ere kopia. 


Goizalde Landabasorekin solasean aritu ginen urtarrilaren 28an "Babeserako kopia" liburuaz. Eskerrik asko mahaigaineratutako hausnarketa guztiengatik!


2017-02-14

TXIMUARENA EGITEA



Gure aiton-amonen aiton-amona zahar-zahar-zaharrak tximuak zirela irakatsi izan digute txiki-txikitatik. Gure odol-bide korapiloz beteetan tximu-sena dabilela, alegia. Gure barne bulkadei hozkarik egin gabe jolasteari esaten diot nik tximuarena egitea. Jolastea gogo-nahi-irrikak pizten diren momentuan; batez ere egunez eta kalean. Jolastea mingain, esku eta oinen jolasa mutilatu gabe. Badirudi ez dakit nork, noiz, non idatzitako arau absurduren bat medio adin batetik aurrera (esan dezagun, adibidez, zazpi urtetik aurrera) ezin garela saltoka-saltoka ama, aita, lagun, bikote edo ezagun baten lepora korrika betean hurbildu eta ezin dugula besarkadaka eta muxuka jan. Nonbait, hori ez da formala. Badirudi ogitartekoa etxean janda atera behar dugula kalera. Nonbait, ez da formala pintxo janetik kanpo etxean egindako ogi-txokolate pastela janez kalean gora joatea. Badirudi kalean ezin dugula barre algaraka egin, ozen, denek entzuteko moduan. Badirudi diot, inor gutxiri ikusten baitizkiot esku-beso, hanka-oin eta ezpainartea nahierara aske.

Betidanik egin izan dut tximuarena kalean. Baita zazpi urteko muga pasa eta gero ere. Zazpi urteko muga pasa eta gero batez ere.  Aitaren besotik zintzilik, salto txikika paseatzea gustatzen zait; ama muxuka jaten dut urrutira ikusi eta korrika hurbiltzen natzaionean, platano-sagarrak janez ateratzen naiz kalera gose banaiz eta barre algaraka lehertzen naiz kale nahiz saltokietan anaiak edo bikotekideak horretarako arrazoia ematen badidate. Nire barne tximinoak etxeaz haragoko zoologikoa maite du. Nire barne tximinoak ez du etxerik edo gau iluneko mozkorkeriarik behar jolasean aske ibiltzeko.

Behin mutil batek esan zidan arreta ematen ziola eta izugarri gustatzen zitzaiola kalean azaltzen nuen jarrera jolastiak. Ezagutzen ez nuen emakume bat hurbildu zitzaidan kalean pasa den astean. Elederri kontu-kantari ari nintzaion eta Luisi muxu txikiak ematen. Hurbildu eta irribarre egin zidan. Eta esan jarraitzeko jarrera alai horrekin. Asko gustatu zitzaiola kalea neure egiteko erakusten nuen modua. Tximuarena egitea gustatzen zait esan nion. Eta berak eusteko horri. Eta  ze inbidia. Eusteko horri eta ze inbidia ematen didazun esan zidan. Oso erraza da esanez agurtu nuen, zure eskura ere badago tximuarena egitea.

Ez dakit, eguneroko joan etorrietan hits ikusten dut kalea, ilun, triste, aspergarri, tenteegi, isilegi, formalegi.

Uste dut politagoa eta erakargarriagoa  litzatekeela eguneroko normaltasunean tarteka buruak lepo gainean joan behar duela ahaztuko bagenu. 


Euskalerria irratian entzungai. Gaurko irrintzia:
 http://euskalerriairratia.eus/komunitatea/IratiGoikoetxea/1487089754046

2017-02-11

Itaka_Satarka-Bordari 2016 lehiaketak_2017-1-21

2016-12-10_Saria jaso ondoren Elederri bularra ematen_Hondarribi

Aspaldiko ezagunak dira Satarka eta Bordari lehiaketak. Gaztetxotan buelta bat baino gehiago egin genituen Hondarribiara saria jasotzera. 18 urtez gorakoen mailan 18 urte bete berritan irabazi nuen saria ere ez dut ahazteko. Orduko hartan hilekoari idatzi nion besteak beste. Aurten Elederri, hileko haragiztatu eder honi.   Lehiaketetan aspaldian parte hartu gabea, Eleder jaio bezperatan sentitu nuen egun horietako bizipenak poesia bihurtzeko gogoa. Hala sortu nuen "Eleder aurreko (E.A.) zortzi egunak" poema sorta. Izan ere, kristorik ez dugunok seme-alabak asmatzen ditugu... ideia horri tiraka sortutakoa da.

...
Kristorik ez dugunok seme-alabak asmatzen ditugu gure egutegi propioan.
Kolore gorriko egunentzat ez dago tokirik,
bestelako egunentzat ere ez.
Dena da zu.
Eta zu.
...

Lana lehiaketara bidaltzea erabaki nuen. Lanak aurkezteko epea urriaren 28an bukatzen zen, Eleder urriaren 28an jaio zen; imajina ditzakezue ibilerak. 2. saria jasotzen izan ginen abenduaren 10ean Hondarribin nire kristo Eleder eta ni. Zoragarria izan zen. 


Saria jasotzen euskara teknikariaren eskutik

Lagun asko izan nituen Hondarribin sarikide Iñigo, MariJoxe... Nafarroako ikasle gaztetxoak ere bai. Eurekin irratsaioa osatu genuen urtarrilaren 21ean. Zorionak saritu guztiei, parte hartzaileei eta hogeita hamairugarrenez sariketa hau posible egin duten antolatzaileei. Honatx irratsaioa (ezkaratzetik atalean Itxaro Mendizabal aritu zen bikain estrainekoz) entzungai:


Saritu, epaimahai eta antolatzaileak_Hondarribi_2016-12-10


2017-02-06

Mingaina txulora!

Elederren mingain jostaria

Mingaina ateratzen ikasi du Elederrek. Amak erakutsi dio. Eta lehenengo aldiz erakusten dena behin eta berriro errepikatzea irakastea denez, esan dezaket: nik irakatsi diot nahi-behar izanez gero, mingaina atera dezkeela (atera behar duela) ezpainarte eder horretatik. 

Ez nuen uste hain bizkor ikasiko zuenik; gauaren luze-ilunak bezperako jolasak lanbrotu-lausotuko zizkiola uste nuen; baina hara non esnatu eta mingaina atera didan goizeko lehen muxua ematera hurbildu natzaionean. Mingaina txuloan sartu behar duela esaten zaio haurrari maiz; itsusia (itsusia?) dela, hori ez dela umearen itxura (itxura?), zer esango (nork?) duten...

Gizarteari, egunerokoari, munduari, bizilagunei, amari eta geure buruari mingaina ateratzeko arrazoi gehitxo ditugu, ordea. Ahoa bete hortz eta mingaina kanpora atera behar itoko ez bagara. Tamalez, badaezpada ere itotzea hobea dela esaten digute sarri. 

Nik nahita irakatsi dizut  jolasteko gogoz eta ez natzaizu orain mingaina txuloan sartu behar duzula esanez hasiko. Ito behar baduzu izan dadila bizitzaren ur handitan igeri egiteko eskubidea borrokatuz isuritako izerditan eta ez mingaina ezin aterata hortz artean sortutako korapilotan. Eta mingaina txuloan sartzen baduzu, izan dadila zuk hala nahi izan duzulako eta ez inork hori egiteko esan dizulako.