Gure aiton-amonen aiton-amona zahar-zahar-zaharrak
tximuak zirela irakatsi izan digute txiki-txikitatik. Gure odol-bide korapiloz
beteetan tximu-sena dabilela, alegia. Gure barne bulkadei hozkarik egin gabe
jolasteari esaten diot nik tximuarena egitea. Jolastea gogo-nahi-irrikak pizten
diren momentuan; batez ere egunez eta kalean. Jolastea mingain, esku eta oinen
jolasa mutilatu gabe. Badirudi ez dakit nork, noiz, non idatzitako arau
absurduren bat medio adin batetik aurrera (esan dezagun, adibidez, zazpi
urtetik aurrera) ezin garela saltoka-saltoka ama, aita, lagun, bikote edo
ezagun baten lepora korrika betean hurbildu eta ezin dugula besarkadaka eta
muxuka jan. Nonbait, hori ez da formala. Badirudi ogitartekoa etxean janda
atera behar dugula kalera. Nonbait, ez da formala pintxo janetik kanpo etxean
egindako ogi-txokolate pastela janez kalean gora joatea. Badirudi kalean ezin
dugula barre algaraka egin, ozen, denek entzuteko moduan. Badirudi diot, inor
gutxiri ikusten baitizkiot esku-beso, hanka-oin eta ezpainartea nahierara aske.
Betidanik egin izan dut tximuarena kalean. Baita
zazpi urteko muga pasa eta gero ere. Zazpi urteko muga pasa eta gero batez
ere. Aitaren besotik zintzilik, salto
txikika paseatzea gustatzen zait; ama muxuka jaten dut urrutira ikusi eta
korrika hurbiltzen natzaionean, platano-sagarrak janez ateratzen naiz kalera
gose banaiz eta barre algaraka lehertzen naiz kale nahiz saltokietan anaiak edo
bikotekideak horretarako arrazoia ematen badidate. Nire barne tximinoak etxeaz
haragoko zoologikoa maite du. Nire barne tximinoak ez du etxerik edo gau
iluneko mozkorkeriarik behar jolasean aske ibiltzeko.
Behin mutil batek esan zidan arreta ematen ziola
eta izugarri gustatzen zitzaiola kalean azaltzen nuen jarrera jolastiak.
Ezagutzen ez nuen emakume bat hurbildu zitzaidan kalean pasa den astean.
Elederri kontu-kantari ari nintzaion eta Luisi muxu txikiak ematen. Hurbildu
eta irribarre egin zidan. Eta esan jarraitzeko jarrera alai horrekin. Asko
gustatu zitzaiola kalea neure egiteko erakusten nuen modua. Tximuarena egitea
gustatzen zait esan nion. Eta berak eusteko horri. Eta ze inbidia. Eusteko horri eta ze inbidia
ematen didazun esan zidan. Oso erraza da esanez agurtu nuen, zure eskura ere
badago tximuarena egitea.
Ez dakit, eguneroko joan etorrietan hits ikusten
dut kalea, ilun, triste, aspergarri, tenteegi, isilegi, formalegi.
Euskalerria irratian entzungai. Gaurko irrintzia:
http://euskalerriairratia.eus/komunitatea/IratiGoikoetxea/1487089754046
No hay comentarios:
Publicar un comentario