|
Khurrame eta Irati Txindoki gainean |
Pasa den igandean Txindokin izan nintzen, aitarekin, Khurramekin eta
Wakarrekin. Lagun handiak egin ditut
azken hilabeteotan Khurram eta Wakar. Pakistandarrak dira. Hizketaldi sakonak
izaten ditugu, tabu, muga eta zapirik gabeak. Urdua hitz egiten dute eta
ingelesa. Gaztelania ere bai. Panjabia da euren ama hizkuntza. Bitxia da,
baina, euskara ikasten hasi aurretik ikasi dute euskara erabiltzen.
Euskaraz agurtzen dugu beti elkar eta euskarazko hitz berri bat ikasita
joaten dira beti etxera. Ikasi dute euskaraz irribarre egiten. Euskaraz egiten
dute irribarre. Esango nuke jarrera kontua dela, eta nahiz eta aktitude hitzak
euskara jatorretik askorik ez izan, gustatzen zait aktitude kontua dela esatea.
Aktitude kontua da. Ingurua euskaraz gozatzen ikusten duenak, ingurua euskara
goxatzen ikusten duenak euskara erabiltzen ikasten du.
Institutuko guraso elkartearen kezka da: ikasleek, hau da, euren seme-alabek,
ez dute euskararik erabiltzen. Arlo akademiko oso hertsira mugatzen omen dute
euskararen erabilera institutuetako ikasleek, hau da, gurasoen seme-alabek, hau
da, udalerrietako herritarrek.
Euskaraz egiteaz gogoratzen ez den ikasleak, seme-alabak eta herritarrak
euskararekiko aktitudea behar du bere baitan, baina, batez ere, euskararekiko
aktitudeak behar ditu bere inguruan. Kezkatuta dagoen guraso horrek, izan
euskaldun edo ez, badaki euskaraz irribarre egiten, badaki euskarazko animoak
ematen eta batez ere badaki hain ezdeusak diruditen baina, hain garrantzitsuak
diren keinu esanguratsu horiek euskaraz egiten. Aktitude kontua da.
Orain gutxi Iñaki Eizmendiri entzun diot irakasleak berritsua behar duela
izan. Berritsu entzulea, hizketaldiak sortzen dituena, hizketarako uneak eta
guneak errazten dituena, ikasgelan, pasabideetan, jangelan… Aktitude kontua da.
Euskaraz gozatzen dugunok euskararekin gozatzen dugula erakutsi behar dugu,
hori ez baita ikusten ikusarazi ezean.
Bidea luzea da, Txindoki han dago, baina aktitudea, jarrera pauso bakoitzak
indartzen du. Eta ederra da Txindoki gainera iritsi, elkarri eskerrak euskaraz
eman eta Khurrami bizkarretik helduta argazkia ateratzea. Bat, bi eta klik. Ez
dago zalantzarik. Irribarreak euskaldunak dira. Eskerrik asko, bikote.
Shukriya.