2015-11-04

AKTITUDE KONTUA DA

Khurrame eta Irati Txindoki gainean
Pasa den igandean Txindokin izan nintzen, aitarekin, Khurramekin eta Wakarrekin.  Lagun handiak egin ditut azken hilabeteotan Khurram eta Wakar. Pakistandarrak dira. Hizketaldi sakonak izaten ditugu, tabu, muga eta zapirik gabeak. Urdua hitz egiten dute eta ingelesa. Gaztelania ere bai. Panjabia da euren ama hizkuntza. Bitxia da, baina, euskara ikasten hasi aurretik ikasi dute euskara erabiltzen.
Euskaraz agurtzen dugu beti elkar eta euskarazko hitz berri bat ikasita joaten dira beti etxera. Ikasi dute euskaraz irribarre egiten. Euskaraz egiten dute irribarre. Esango nuke jarrera kontua dela, eta nahiz eta aktitude hitzak euskara jatorretik askorik ez izan, gustatzen zait aktitude kontua dela esatea. Aktitude kontua da. Ingurua euskaraz gozatzen ikusten duenak, ingurua euskara goxatzen ikusten duenak euskara erabiltzen ikasten du.

Institutuko guraso elkartearen kezka da: ikasleek, hau da, euren seme-alabek, ez dute euskararik erabiltzen. Arlo akademiko oso hertsira mugatzen omen dute euskararen erabilera institutuetako ikasleek, hau da, gurasoen seme-alabek, hau da, udalerrietako herritarrek.
Euskaraz egiteaz gogoratzen ez den ikasleak, seme-alabak eta herritarrak euskararekiko aktitudea behar du bere baitan, baina, batez ere, euskararekiko aktitudeak behar ditu bere inguruan. Kezkatuta dagoen guraso horrek, izan euskaldun edo ez, badaki euskaraz irribarre egiten, badaki euskarazko animoak ematen eta batez ere badaki hain ezdeusak diruditen baina, hain garrantzitsuak diren keinu esanguratsu horiek euskaraz egiten. Aktitude kontua da.

Orain gutxi Iñaki Eizmendiri entzun diot irakasleak berritsua behar duela izan. Berritsu entzulea, hizketaldiak sortzen dituena, hizketarako uneak eta guneak errazten dituena, ikasgelan, pasabideetan, jangelan… Aktitude kontua da.

Euskaraz gozatzen dugunok euskararekin gozatzen dugula erakutsi behar dugu, hori ez baita ikusten ikusarazi ezean.


Bidea luzea da, Txindoki han dago, baina aktitudea, jarrera pauso bakoitzak indartzen du. Eta ederra da Txindoki gainera iritsi, elkarri eskerrak euskaraz eman eta Khurrami bizkarretik helduta argazkia ateratzea. Bat, bi eta klik. Ez dago zalantzarik. Irribarreak euskaldunak dira. Eskerrik asko, bikote. Shukriya.



Euskalerria irratiko atzoko irrintzian testua entzungai http://euskalerriairratia.eus/komunitatea/IratiGoikoetxea/1446741707540




2 comentarios:

  1. Oso ederra zure hausnarketa eta oso zuzena, nire ustez. Dirudienez, maiteago dugu debekatzen zaiguna baimentzen zaiguna baino. Edo, agian, ez da maite izatearen kontua, erakarpenarena baizik...nork daki!

    ResponderEliminar
  2. Eskerrik asko, Kilker! Kilkerrak ere kantuarekin erakartzen du ondoan duena. Isilik dagoenean, inor gutxi ohartzen da bere presentziaz!

    ResponderEliminar