2018-05-23

SAN KRSTOBALDIK IHESI. HARA ITZULTZEN GARA...

Josu eta Irati aurkezpen-antzezpen lanetan_2018-5-20

Atzo bete ziren 80 urte Ezkabako ihesaldi saiakeratik. Hunkigarria izan zen beste behin Gotorlekuko ate nagusiaren aurrean bizitakoa, sentitutako, entzundakoa, ezagututakoa. Eskerrik asko Txinparta elkarteari omenaldi hau antolatzeko egiten duen lanagatik eta urte osoan egunero-egunero egiaren, justiziaren eta erreparazioaren alde egiten duen lan aktibo eta beharrezkoarengatik. 

Guk hitzez egin genuen gure ekarpena: 

Ihesi
hatz arrastoak oin puntetan ihesi,
ihesi
ideiak, ametsak, ilusioa, sufrimendua,
ihesi etorkizuna
mendian gora,
mendian gora. 
Aldapan behera korrika egin zuten guztiek
mendian gora egin zuten ihes. Ezkaban gora.
Izerdi, malko, euri, ihintz bustiak umeltzen digu gaur memoria.
Ihesi joan ziren
baina beraien zapatak hemen utzita.
Laurogei urteren ondoren
ibiltzeko gogoa dute zapatek. 
Eta gure oinak dira ibili beharko dutenak.
Gure oinak
beren zapatetan. 

Ekaitz kontu-kantuan_2018-5-20

Ekaitzek kantatutako bertsoak (Kataluniako dokumentalista batek esku artetik kendu zizun poema beste baterako, artista!): 

Isiltasuna, izua, mina,
itxaropena, desira,
laurogei urte hauetakoa
ezin da hitzez deskriba;
ai, Nafarroa, ai, Nafarroa,
zerbait aldatzen ari da,
baina oraindik iraganeko
zauriak bizirik dira,
urte gehiegi eman ditugu
beste aldera begira.


Gerra ZIbila hegaldatu zen
giza larruz giza larru,
atsekabean murgiltzeraino
horrenbeste bihotz barru,
bai PPri ta bai Elizari
hartu nahi nieke kargu,
guk gure lore eta botila
Ezkabaraino dakargu,
gizarte batek egiten eta
egoten jakin behar du.

Omenaldira bertaratutakoak_2018-5-22



2018-05-12

ITAKA_EUSKAL LIBURUAK KALERA_2018-4-14



Aurten asteburu osoko ekimena izan zen "Euskal liburuak kalera II". Apirilaren 20-21-22 egunetan kaleak liburuz jantzi zituen. Ekimenaren saio ezberdinez hizketan aritu ziren Martin Kortaberria, Irati Jauregi eta Joxe Goikoetxea irratian.


ITAKA_MIRIAM LUKI eta MIKEL FERNANDEZ


Miriam Luki (poesia) eta Mikel Fernandez (prosa) urretxuarrekin Iparragirre sariketaz.


ITAKA_POTTO-KORTA_2018-3-3


Aratz Igartzabal eta Eneko Araiztegirekin solasean aritu zen Ekaitz bertsolaritzaz eta... 

 


ITAKA_KOLDO ZUBELDIA_2018-2-17


Koldo Zubeldia poeta zaldibiarrarekin solasean.  

ITAKA_ARANTXA ITURBE_2018-1-28




ARANTXA ITURBErekin solasean besteak beste "Koadernoa zuri" liburuaz.

 

2018-05-05

MAHAITASUNEZ-MESAME ATZO ZIZUR NAGUSIAN

Edu, Mikele, Saioa, Olaia, Ekaitz, Elena, Leire, Beñat, Irati eta Andoni_2018-5-4_ Zizur Nagusia

Orain, maiatzean, beteko da urtebete proiektuak taula gainera salto egin zuenetik. Ideia, prestaketa, lanketa askoz lehenagokoa da, ordea, Ekaitzek Olaia, Mikele eta Edu lagun hartuta definitua. Urtebete honetan asko dira egindako plazak: Atarrabi, Beasain, Ordizi, Tolosa bi aldiz, Uharte. Atzo Zizur Nagusiko herrirarren aurrean oholtzaratu zen ikuskizuna-emanaldia-errezitaldia-solasaldia-jolasa-hausnarketagaia (nola definituko zenuke, Ekaitz?) eta ekainaren hasieran Legorrretan izango da. Ez da gozamen hutsera mugatzen den saioa, gozamen hutsa da mahaitasunez mesametzea, baina ez da hori bakarrik. Kontua ez da ordubete eta laurdeneko denbora tartean eseri, begiratu eta entzuten egotea. Hezkuntza lan tresnatzat hartuta proiektuak hilabete inguruko lanketa egiten du herrian transexualitatea ardatz hartu eta aniztasunarekiko errespetuaren inguruan (sekulako lana egiten duzu, Ekaitz!). Aldiko hazten doan lan-talde zoragarria osatu du Mahaitasunez-Mesamek eta ni ere barruan harrapatu nau. Eskerrik asko Olaia, eta nola ez zuri Mikele, eta nola ez zuri Saioa, eta nola ez zuri Irune, eta nola ez zuri Edu, eta nola ez zuri Leire, eta nola ez zuri Andoni, eta nola ez zuri Beñat, eta nola ez zuri Elena, eta nola ez zuri Jone, eta nola ez zuri Ekaitz bizi taupada koloretsu horiek zuekin batera partekatzeko aukera emateagatik.

Ez da gozamen hutsera mugatzen den saioa, bertaratzen direnak hausnartuz irteten dira aretotik, hitz egiteko gogoz. Aretotik etxerainoko arrastoa utzita joaten dira bertaratzen direnak. Ez dira ohartzen, edo ziurrenik bai, beraiek ere mahaitasunez mesametzen hasten direla aretotik atera orduko.

Hurrengoa Legorretan, ezta, kuadrila? Ekainaren 9an.  


2018-05-01

HEMEZORTZIGARREN HILABETEA

Gora eta gora

HEMEZORTZIGARREN HILABETEA: ESKAILEREN HILABETEA. ETA ALGARARENA. ETA AIIIIItonaRENA. 

Belaun-jolasetan zer den aurrera pausoa eman eta gorputzak gora egitea. Eta desafio egitea han beheran gelditu den amatxori. Zer den joatea eta joatea eta berriro joatea, eta igotzekorik ez dagoenean barre-algaraka beherantz joaten nork lagunduko dion eskean jartzea. Zer den nahita baina nahi gabe, nahi izanda baina nahi gabe, zerbait ahoskatu eta aitona saltoka eta muxuka jarri zaizula ohartzea. Zer den zoriona.  


Zorionak, pottolo! Osaba Ekaitzek bertso bikaina oparitu dizu!
Hemezortzigarrena
pozaren lehengusu,
irrifar zabal batek
edertzen zaitu zu,
aittona ahoskatzen
dezu hain amultsu,
eta zorionari
emateko muxu,
eskailerak binaka
igotzen dituzu.