2018-05-23

SAN KRSTOBALDIK IHESI. HARA ITZULTZEN GARA...

Josu eta Irati aurkezpen-antzezpen lanetan_2018-5-20

Atzo bete ziren 80 urte Ezkabako ihesaldi saiakeratik. Hunkigarria izan zen beste behin Gotorlekuko ate nagusiaren aurrean bizitakoa, sentitutako, entzundakoa, ezagututakoa. Eskerrik asko Txinparta elkarteari omenaldi hau antolatzeko egiten duen lanagatik eta urte osoan egunero-egunero egiaren, justiziaren eta erreparazioaren alde egiten duen lan aktibo eta beharrezkoarengatik. 

Guk hitzez egin genuen gure ekarpena: 

Ihesi
hatz arrastoak oin puntetan ihesi,
ihesi
ideiak, ametsak, ilusioa, sufrimendua,
ihesi etorkizuna
mendian gora,
mendian gora. 
Aldapan behera korrika egin zuten guztiek
mendian gora egin zuten ihes. Ezkaban gora.
Izerdi, malko, euri, ihintz bustiak umeltzen digu gaur memoria.
Ihesi joan ziren
baina beraien zapatak hemen utzita.
Laurogei urteren ondoren
ibiltzeko gogoa dute zapatek. 
Eta gure oinak dira ibili beharko dutenak.
Gure oinak
beren zapatetan. 

Ekaitz kontu-kantuan_2018-5-20

Ekaitzek kantatutako bertsoak (Kataluniako dokumentalista batek esku artetik kendu zizun poema beste baterako, artista!): 

Isiltasuna, izua, mina,
itxaropena, desira,
laurogei urte hauetakoa
ezin da hitzez deskriba;
ai, Nafarroa, ai, Nafarroa,
zerbait aldatzen ari da,
baina oraindik iraganeko
zauriak bizirik dira,
urte gehiegi eman ditugu
beste aldera begira.


Gerra ZIbila hegaldatu zen
giza larruz giza larru,
atsekabean murgiltzeraino
horrenbeste bihotz barru,
bai PPri ta bai Elizari
hartu nahi nieke kargu,
guk gure lore eta botila
Ezkabaraino dakargu,
gizarte batek egiten eta
egoten jakin behar du.

Omenaldira bertaratutakoak_2018-5-22



No hay comentarios:

Publicar un comentario