2020-02-20

GALDERAK


Euskalerria Irratirako astearterako prestatu nuen irrintzia:


Gizarte eta politika mailako eztabaida fokuak identifikatu eta galdera potoloen bila hasten naiz tartean-tartean irrintzi honen bidez horiei erantzuteko gai ote naizen neure burua estutuz. Zaldibar, Mendigorria, haur eskolak eta hizkuntza, Txina, eutanasia, kale-inauteriak Iruñeko eskoletan, emakumeen eta gizonezkoen arteko soldata arrakala Nafarroan, hauteskundeak han, aurrekontuak hemen… Oraingo honetan ere dena esanda dago eta dena esateke.

Asteburua pasa dut erantzuten saiatu nahiko nukeen galdera horren bila eta oraingoan kale. Hain nahi nuen potoloa galdera, hain nahi nuen zikina, hain nahi nuen hautsia… erantzun oro garbiegi topatu dut eta ez nau galdera bakar batek ere erakarri, ez neure burua estutzeko, ez zurea, entzule, neure kezkara kateatzeko. Akaso izango da nagikeria, pereza esaten duten hori.

Galdera ezinezkoen bila aritzen gara sarri, harro, puztuta, guk ere zerbait esan behar dugula sinetsita, eta gutxien espero dugunean, ezustean harrapatzen gaituzte beste galdera askok. Eta ezinezkoak hor sortzen dira, erantzuteko ezintasunetik. Ni gaurko irrintzirako galderaren bila eta hiru bota zizkidan atzo arratsaldean hiru urteko semeak ordubete eskasean, eta marka da gero, ezin zer eta nola erantzun asmatu.

1.- Zertan ari da emakume hori?

Iruñeko autobus geltoki zaharreko parkean oinetakoak kenduta, belauniko, zapi baten gainean errezoan ari zen.

2.- Nor da gizon hori?

Etxera bidean San Fermin parrokiaren aurretik pasatzean gizon bizardunaren marrazki-irudi handiak arreta eman zion.

3.- Zegatik erre behar dugu eskolan Miel Otxin ostiralean?

Astea galdera potoloen bila hasi eta erantzun potoloen bila nabil orain, edonori bai, baina batez ere hiru urteko haur bati zor baitzaio zintzotasunez erantzutea. Eta isiltasunak ez du balio.



2020-02-18

ITAKA_Eneko Dorronsoro_2020-2-15

Eneko Dorronsoro_Segura Irratia_2020-2-15
"Agirre" lana aurkeztera etorri zen larunbatean Eneko Dorronsoro trikitilari ataundarra Segura Irratiko Itaka saiora. Diskoan trikitiarekin sortutako hamabi kantu ederrek Fredi Pelaezen teklatua dute lagun. Urtarrilaren 25ean Ataungo San Gregorio auzoko Joxemiel Barandiaran Museoan aurkeztu zuen diskoa, otsailaren 28an bigarren saio bat eskainiko du (sarrerak agortuta daude) eta aurrera ere izango da (Ordizia, Beasain...) Eneko zuzenean entzuteko aukera. Sormen lan polit honen nondik norakoak ezagutarazi zizkigun Enekok, baina hausnarketa sakonetarako tartea ere izan zen larunbatean. Plazer bat trikitia eta ukelelea (eskerrik asko, Lohitzune Berastegi) jolasean ikustea bertatik bertara. Mila esker bikote bisitarengatik eta bejondeizuela.