2011-12-22

URTEBETEKO ZORIONA





Gutxi edo asko egunotan denok izaten dugu hizpide loteria. Abertzaleek nahiz abertzale ez direnek, Raxoi nahiz Zapatero zaleek, txikiek eta altuagoek, Erreal zale nahiz Athletic zaleek, fededun eta ateoek, mendizaleek eta itsasaldea nahiago dutenek, gordo nahiz plako daudenek... Gutxi edo asko egunotan denok izaten dugu hizpide loteria; "eske... krisi garaiotan... laguntza pixka bat", "eske... gustura lanari utziko nioke...", "eske... ondokoari tokatzen bazaio...", "eske... lankideen aurrean lotsagarri gelditzea ere...", "eske... total!". Eskean, eskean... ez dakit bete edo hustu egiten dugun gure burua...

Astelehenean, bazkalorduan, Maria lankidearekin hizketan aritu nintzen. Loteriaz. ¿Y no has comprado la lotería del insti? ¿Y si toca? Eta nik pueska... pues si toca, me alegraré un montón por vosotr@s.
Me parece muy bien esan zidan.

Ba horixe. Ez dut sekula loteriarik erosi. Ez dut urtebeteko "zorionik" nahi. Mariak berak kontatua, telebista saio batean entzuna: loteriak urtebeteko zoriona ematen du. Ez dut nire zoriona iraungitze-data duen probabilitate eskas baten esku utzi nahi. Ni egunero saiatzen naiz ehuneko ehunean nire buruaren zorion izaten. Ehuneko ñimiñoz osatutako ehunekoa da. Nahiago ditut ehuneko txiki-txiki-txiki-txiki-txikiak ehuneko erraldoiak (godoak) baino. Aipatu nezake hazienda, monarkia, nik neure buruarekin koherente izateko dudan konpromisoa... baina, hori guztia kontuan hartuta, kontua hori guztia baino sinpleagoa da. Ez naiz loteria gosez bizi; loteria salgai dagoela ere ahaztu egiten zait, ilusioa ez dit loteria salgai dagoela adierazten duen oharrak pizten, ilusioa ohar horren aldamenean kortxoa partekatuz irakurle talde sortu berriaren aipamena egiten duen oharrak pizten dit, adibidez.

Zer? Hasi dela zenbaki-kantua? Ba horixe! Ni ere banoa opor aurreko festara ikasle-irakasleei pare bat bertso kantatzera. 

Zer? Ah, bai! Zorte on! Ni zuengatik poztuko naiz. Eta neure buruarengatik ere bai!

2011-12-14

IRAKURLE TALDEA


Emozioez hizketan jarri dugu martxan Irakurle Taldea Zizur Nagusian. IES Zizur BHI-ren ekimenez, ikasle, guraso eta irakasleak elkartuko dituen irakurle taldea lehenengoz elkartu zen asteartean arratsaldeko seietan Zizur Nagusiko liburutegian. 

Ederra da barne-emozioak askatzea. Emozionatzea. Emozionatuta nengoen asteartean. Batetik udal-liburutegi berri bat ezagutzeko aukera izan nuelako; herri berrietara hurbiltzen garen kanpotarrok (eta baita bertan bizi direnek ere) herriko gune publikoak ezagutu eta erabiliz, herria gureago sentitzen dugula uste dut. Bestetik, lehendik ezagutzen nituenak gertuago sentitzeko eta ezagutzen ez nituenak ezagutzeko aukera ematen digulako halako talde batek. 

Asteartean bertan Mikel Alvira idazle iruindarrari irakurri nion elkarrizketa batean; berari istorioak kontatzea baino gehiago interesatzen zaiola emozioak sortzea. Irakurle taldeak bizikidetza omen dira, hori Luis Arizaletari ikasi diot. Eta bizikidetza emozioak partekatzea, entzutea, elkar aberastea denez, emozionatuta nago liburuek sorraraziko dizkiguten haserreak, pozak, tristurak, harridura uneak, ustekabeak, beldurrak, irribarreak, malkoak... elkarri eman eta elkarri hartuko dizkiogulako. 

Irakurle taldea martxan dago... eta zuk ere gurekin batera bidea egin nahi baduzu... Urtarrilaren erdialdera arte Alberto Ladron Arana idazle iruindarraren "Ahaztuen mendekua" irakurriko dugu. Zuk ere liburua irakurri nahi baduzu, eta liburuarekiko zure barne-sentipenak gurekin partekatu nahi badituzu, txoko birtualean (http://irakurzizur.blogspot.com) ere topatuko gaituzu!





2011-12-13

ASTEARTEA ETA HAMAHIRU




Bitxia da zebrabide baten erdian katu beltz bat ikustea. Badirudi katu berak itxura ezberdina hartzen duela arrasto zurien gainean edo errepide belztuaren gainean dagoenean. Arrasto zurien gainean, katu beltza izan daiteke zulo bat; errepide belztuaren gainean katu beltza ezerezaren arrastoa da, mugimendurik gabeko isiltasun baten oso antzekoa.

Iratzargailua berandu esnatu da gaur. Hiru minutu. Gehitxo milimetroak erdizka zenbatzen diren goiz baterako. Loa bizkar gainean ibiltzen da halako egunetan. Betazalak makurtzeraino egiten du bultza loaren pisuak. Irratia tarrakataka ari da, ezin trenarentzako geltoki lasairik topatu, eta minutuak aurrera doaz eta esne beroak putz egiten dit aurpegian, lentiletan lurruna itsatsiz. Eguna lainotua dator nonbait.

Olio ziztadak sumatu ditut galtza jantzi berrien gainean. Lau ttantto ilaran, lau ttanttoko irribarrea mingaina ateraz. “To, moldatu hadi nahi badun!”. Eta moldatu egin behar. Minutu bat erabakitzeko: olio ttanttodun galtzak jantzi edo armairuko azken zokoan aspaldian aspertuta dagoen gonari egin tira. “Ez dun inor konturatuko eta tira”… mingaindun irribarre eta guzti banoa korrika eskaileretan behera. Galtza olioztatuak. Ze arraio, moda berria.

Ona omen da eskaileretan gora eta eskaileretan behera ibiltzea. Ipurdia gogortzeko ariketarik onena. Ez, ez zaizkit berriro eskaileretan gora egiteko gogoarengatik ahaztu institutuko giltzak etxean. Bila hasi behar gainera… nork bota ditu zakarretara? Inork ikusita ere… institutua zakarrontzian! Birziklatzeko ontzian.

Eta hortxe azaldu da, ez da oso handia, baina, buztanaren luzeak handitu egiten dizkio begiak. Bai, buztanaren luzearengatik ditu begi handiak. Hortxe dago, gorputz erdia arrasto zuriaren gainean eta gorputz erdia errepide belztuaren gainean duela. Hortxe dago katu beltza. Zulo bat eta ezerezaren arrastoa, biak ditu gorputz erdibanatuan. Eta horrek egiten du beldurgarri, zuloaren erdian ezerezaren arrastoak zintzilik izateak. Katu gizajoa. Eta gizajoa ni goizak hari begira harrapatu nauen hau.

Eta horrelaxe joan da goiza institutuan. Zulo eta ezerez artean. Fotokopia gaizki eginak; esku artean galdutako arkatzak… Sagu txiki bat ere ikusi dut korrika pasabidean aurrera eta han, pasabidearen azken muturrean katu beltza.




ITAKA (Felix Eskisabel 2_2011-11-26)


Lotarako ordua da, kaleko argien nekean nabari da, eta isiltasun errepikatuan. Iluntzen duenean, isiltasuna bikoiztu egiten da, gautxoriak isiltasuna arrantzatzeko ahaleginean ibiltzen dira; arrantza-sareko zuloetatik egiten die, ordea, ihes. Isiltasunak. Umeak egoten dira gautxoriei eta arrantza sareei eta ihesi dabiltzan isiltasunei begira; lotarako orduan leiho ertzera inguratzen diren umeak. Begiak ixten dituzte umeek eta une batez lo hartzen dute. Zutik. Hara norabait begira.

Eta une horretantxe umeak zutik, hara norabait begira lo hartzen duen unean, une horretantxe hasten da ordularia gaua zenbatzen, iluntasun bat eta iluntasun bi. Eta une horretantxe gautxorien arrantza-sareetatik ihesi dabilen isiltasuna ipuinak kontatzen hasten da. Eta une horretantxe, umeak lehenengo zurrunga ttikia egiten duen une horretantxe, badirudi ipuinek oihartzun txikiak egiten dituztela. Eta une horretantxe, iluna ilun-iluna denean, une horretantxe leiho ertzera inguratzen diren ume guztiak entzuten jartzen dira, eta goizeko etorkizunaren irrikan iragana da umeek amesten dutena. 






Behin eta bi aldiz. Istorioek, ipuinek eta iraganak azken punturik ez dutelako. Bigarren astez jarraian Ataungo Arrondo auzoko Espilla baserriko Felix Eskisabelekin izan ginen. Entzuteko modukoak kontuak, kantuak eta barre algarak. Entzuteko modukoa astoak eta otsoak elkarri kantatuz izandako elkarrizketa. Entzuteko moduakoa iragana Felixen begietan.

Azaroaren 26ko goizean ezkaratzean zain Mari Karmen Urteaga izan genuen, Patxi Ezkiagak sonata baterako lau nota oparitu zizkigun eta Jonmikel Intsaustik Hitzontzi lehiaketako lehenengo saskia eskuratu zuen. Azken saltoa Katamaloren "Min hau" kantuarekin egin genuen.

Saioa jaitsi eta gorde nahi izanez gero egin klik!


2011-12-12

... ur(d)(r)e


HITZA: URDE

"Baziren bi txerri, Ttip eta Ttup, bi txerri tturrin-tturrin, buztana arin, mutur gorri...". Zenbat kantu ordu Txirri, Mirri eta Txiribitonekin... pentsa, hogei urteren bueltan letra-doinuak ez zaizkit ahaztu... Ostegunean ezagutu nituen Ttip eta Ttup Arrasaten... bi txerri-urde eder, ehun eta berrogei bat kilokoak, biak otzan, begi-urdin eta sinpatikoak. Kantuan aritu ginen elkarrekin (belarri tente-erneek musikarako gaitasun aparta dute), bazkaldu ere gutxi gorabehera elkarrekin egin genuen eta baita argazki rallya ere. Pena... atzo zuten akabera... txerriaren patua, San Martinak pasa ondorenean ere laban artean bukatu beharra... pena...



 


AFORISMOA: "Zituen zorrak erosi egiten zituen"


Bazen behin zituen zorrak erosten zituen (bizilagun bat?). Zorrak zor izateari uzten zion zor berrien gonapean.
Zulo hutsezko ibiltaria da egun bizilaguna, ingurua betez bere burua zulodun bihurtu duena.








HAIKUA:

"Zerua urrez 
janzten den arratsetan
dena da zulo"


2011-12-02

EGIN APUSTU ZURE BURUARI! (VIII)



Batzuetan asteak horrelaxe joaten dira... pisutsu. Eta pisatzen duena izaten da Iruñerriari hozkaka (gosez? zeren gosez?) egon den behelainoa, eta bulegoko aire mugimendurik gabea, eta ordenagailuan pilatutako hitzen nora eza, eta eskumut
urreko ordulariaren aurrera joan beharra, eta bileren geldotasuna eta... Batzuetan asteak horrelaxe joaten dira... pisutsu. Eta ostiral iritsi berrian sorbaldak okertu egiten dira pisuaren pisuz eseri eta Mikelen begiradaz oroitzen zarenean... "Irati aurrekoan problemarik ez zenuen jarri eta gaur jarriko duzu?". Eta begirada horrek astearen amaierako azken ahalegina merezi duenez... kontzertuak, antzerkia, ikuskizunak... beste batzuentzat utziko ditugu... gu matematikekin kateatuta geldituko gara... gu, Mikel eta biok bai behintzat...




NOR EGON DA NOREKIN?

-Atzo arratsaldean Xabi kontzertu batera joan zen.
-Gorka Anarekin egon zen.
-Asierrek ez zuen Saioa ikusi.
-Maria zineman egon zen.
-Saioa antzerkia ikustera joan zen.

-Neska bat eta mutil bat zoora joan ziren.
-Josu eta Sara ere kontuan hartu behar ditugu.

... nor egon zen norekin?


2011-11-29

... mol gosez...


HITZA: ZIRIMOLA

... mola, ez, ez da "lo que mola". Badira hitz-kontzeptu batzuk ikasi eta gutxira ahazten direnak (bere garaian ulertu ez genituelako, erabiltzen ez ditugulako...); eta badira hitz-kontzeptuak bere garaian oso ongi ulertu ez arren, eta erabiltzen ez ditugun arren, gogoan iltzatuta gelditzen zaizkigunak. 2000. urteko ikasturtea (batxilergoko lehenengo maila) lauzpabost egun beranduago hasi nuen. Oporrak luzatzeko aukera izanda...

Ez nuen askorik sufritu beranduago hasi izana... Ez nintzen atzerapenaz gehiegi ohartu Kimikako ikasgaiaren txanda iritsi zen arte. Mola gora eta Mola behera. Eta ni begiak txingurritu eta ditxosozko molaren bila. Historiako liburuan aurkitu nuen baten bat, baina, Kimikako mol-ak Historiako Molarekin apenas omen zuen loturarik. Inor zirika ere ibili nuen, irakaslea akaso, eta ziri eta mola artean, ba horixe, zirimola hark, nahaste borraste hartk, hamaika urteren ondoren Kimikako (eta Historiako) Molez oroitzeko balio izan didala. Beste zirimolaren batek, beste haizeteren batek, hitzok eraman eta berriak ekarriko dizkidan arte...


AFORISMOA: Denbora jan ahala gose gehiago sentitu.

Bazen behin gauero-gauero bizilagunaren atepetik loa lapurtzen zuen (bizilagun bat?). Egunero-egunero bost minutu beranduago esnatzeko adina lo-puska lapurtzen zituen. Lo gosez bizi da nonbait.

Aspaldian egun osoa egiten du lo bizilagunak. Eta kontua da... bizilagunaren bizilaguna lo egiteko lo-puskarik gabe gelditu dela.





HAIKUA:
"Hotzikara bizkar
beldurtien mamu
izoztua da"

2011-11-25

azaroak 25



Atsedenaldi bat eta bi atsedenaldi... elkarrekin, elkarlanean...





Hitza: Irati Goikoetxea
Musika: Julen Itxaso (mila esker artista!)

2011-11-22

ITAKA (Felix Eskisabel 2011-11-19)


Euri arrastoen azpian iragan pausoek edalontziak betetzen dituzte. Euria ari du harkaitzarte, haran estu itzalez betean. Bost
ak eta erdi dira, arratsaldea errepide ertzeko erreka txikietan behera dator.

Atari polita du Espilla baserriak. Ongi-etorriko besarkada askorentzako lekua dago Espilla baserriko atarian. Zain daude. Pili eta Olatz. Atea zabalik dago. Begirada pausoen aurretik iritsi zait sukaldera. Irrika izango da edo urduritasuna edo jolaserako gogoa. Gaur oroitzapenekin egingo dugu jolas eta hitzarekin eta eztarrian trabatutako isiltasunekin.

Bixkor jarri da zutik. Felix naiz esan dit. Eta irribarre egin diot. Eskerrik asko, Felix, aukera eder hau emateagatik. Xabi ere pozik dago aitaren ondoan.

Mahai handiaren bueltan eseri gara Xabi, Pili, Olatz, Joxe eta ni. Felixi begira gaude denok. Begirada polita du Felixek. Umeak dabiltza bizikletan Felixen begietan. Mahaira luzatu du begirada Felixek. Rec. Grabatzen hasi gara. Asko du kontatzeko...








Azaroaren 5ean izan ginen Espilla baserrian. Aspaldiko asmoa genuen. Garai bateko kontuak ezagutu, bildu... garai bateko kontuekin jolas egin... Azaroaren 5ean izan ginen Espilla baserrian. Azaroaren 4aren biharamunean. Laurogeita bi urte bete zituen Felixek azaroaren 4an.

Felix Eskisabel Zurutuza -> Ataun San Martingo Arrondo auzoko Espilla baserrian jaio zen. Mikela, Maria, Daniel apaiza eta Xeperen anaia; Iñaki, Pili, Josu, Mari Lurdes eta Xabiren aita; Inazio eta Felixianaren semea eta Martina Izagirre Imazen senarra.

Felixen hizketaldiarekin gozatzeaz gain, Patxi Ezkiagak oroitzapenak oparitu zizikigun eta Joxe Goikoetxeak Espilla izenaren nondik norakoak azaldu zizkigun eta Joseba Barandiaranek Santutxun jarri gintuen hausnartzen eta Hitzontzirekin ikasi egin genuen eta barre egin genuen... eta azken kantua Mikel Urdangarinekin abestu genuen. Azken disko berrian "Gaur gurutzatu gara" kantuari egin dion moldaketarekin.

Saioa entzun eta jaitsi nahi izanez gero...


http://www.divshare.com/download/16226223-c5d

2011-11-21

... bezuza hautagai...



HITZA: BEZUZA

... paperik gabe... eta kaxarik gabe... eta laxorik gabe... eta eskutitz-oharrik gabe... eta pisurik gabe... eta hausteko beldurrik gabe... eta astintzeko irrikarik gabe... eta disimulozko aurpegirik gabe... esku ahur biluzien sorpresa da neure buruari egitea gustatzen zaidan oparia.

Bezuza (opari) ederragorik... azal hustasunaren askatasunak bostekoa ematen dizun unea.




AFORISMOA: Inbidia sanoa nork asmatu zuen, sendagile frustraturen batek?

Bazen behin bere buruaren sendagile izatea erabaki zuen (bizilagun bat?). Huraxe... bere buruari bisita egiteko asmatu zuen modu bakarra!

Tarteka gaixotu egiten da, eta tarteka gaixotu egiten dela asmatzen dio bere buruari. Tarteka sendatu egiten da eta tarteka sendatu egiten dela asmatzen dio bere buruari.

Pozik bizi da... bere buruaren sendagai bihurtuta.




HAIKUA:

Hautestontzian
garrasiak ugaldu
egiten dira.


2011-11-18

EGIN APUSTU ZURE BURUARI! (VII)


Begiratzen ez diegunean ispiluek zer egiten ote duten darabilt aspaldian buruan. Gutxi begiratzen diot ispiluari; nire buruari pittin bat gehiago. Gertuen lentillak janzterakoan sentitzen dut (neure burua bai, baina, batez ere ispilua); hatsa lapurtzen diogu elkarri (ispiluak eta biok, ez
neure buruak eta biok) eskuineko begiari putz eta ezkerrekoari tira egiten diodan bitartean.

Kontu bitxia da ispiluena; euren isiltasunean jasangaitza da batzuetan sortzen duten iskanbila. Lagun batek behin esan zidan, eskua luzatu (besoa da luzatzen duguna, ezta?) eta ispiluaren bestaldean zegoena ukitzera iritsi zela. Ez da sinestekoa. Baina, sinetsi egin nion. Hain ikusi nuen serio eta itsusi (hara bitxikeria... gezurrarekin edertu egiten omen da gizakia...).

- Eta? Zer da ikuttu zenduna?

Ni saiatzeko. Ukitzen. Hangoa (auskalo noraino iristen den ispiluaz bestaldeko hangoa). Eta horretan ari naiz aspaldian. Begiratzen ez diegunetan ispiluek zer egiten ote duten neure baitango erantzunei galdetzen diedan bitartean. Horretan ari naiz aspaldian. Ukitzen. Hangoa nahi eta hemengoa ukitzen. Tontorrik gabeko sudurrak eta putzurik gabeko ahoak eta ilerik gabeko betileak eta titirik gabeko bularrak baino ez baititut ukitzen eskua (zera, besoa) ispilura luzatzen dudanetan.



ISPILUAN DENBORAZ

Hemeretzigarren mendeko urte baten bila nabil. Eta zera dakit: "zenbaki hori ispiluan ikustean lau eta erdi aldiz handiagotuta ikusiko dudala".

Zein da hemeretzigarren mendeko urte hori?


(Hemeretzigarren mendeko historiako garai honetan batekoak makil huts dira, sudur txiki eta sudur handirik gabeko makilak).

2011-11-17

ITAKA (Miren Agur Meabe 2011-11-12)



Ur ontzi batean azal biluziak irrist egiten dio hotzari. Ur ontzi batean begiradak gainezka egiten du begiak urpean bustitzen hasi aurretik; ileak sorbalda gaineetan itotzen dira eta bular-arte ibaitsuan arnasak igeri egiten ikasten duenean, arrainek poesia idazten dute ur ontzietan.

Ur ontzi batean ez dago izterrik, ur ontzi batean ez dago euriterik, ez dago lotarako ipuinik eta galdera ikurrik, dena da basamortu eta dena da isiltasun. Olatuen haizetea entzuten da tarteka, hori baino ez. Ur ontzi batean pentsamendua freskatu bitartean, zuloak banan-banan hotzikarez betetzen dira.

Ur ontzi batean itzalak bustitzen dira, itzal zuriak, eskuetan kabitzen ez diren itzalak, bitsa artean zintzilik gelditzen direnak. Ur ontzietan eskularru zuriz janzten dira eskuak, bitsa eskuetan itsasten denean, elurrak hasten baitu ur ontzietako basamortuetan.





Miren Agur Meabe -> Itsaslabarreko etxearen ondoan eraiki zuen itsasargia, hitz bat eta bi hitz pilatuz. Urtebete egin zuen itsasargian, zazpi orduz azalaren kodeak mozorrotzen, maitasuna zer izan daitekeen bere buruari galdezka. Hondartza maite du udazkenean, eta idaztea bitsa eskuetan hartuta. Eta poesia, poesia eta ipuinak, ipuinak eta irudimena, irudimena eta bizitza. Liburu bat idazten duenean, bere bizitza idazten duelako. Azaroaren 12ko Itaka saioa Lekeition kokatu genuen, itsasaldean, Miren Agur Meaberen ondoan.






Eta Patxi Ezkiagarekin poesiari eta Joxe Goikoetxearekin lastobalari eta Edurne Huesarekin naturaren imitazioari eta Garazi Arrula eta Amaia Larrañagarekin Hitzontziri egin genien koxk!

Larunbatekoa ere gozoa... entzun, jaitsi eta gorde nahi izanez gero...


http://www.divshare.com/download/16197247-57d

2011-11-16

UDAZKENA

Udazkenean arrats gosez ibiltzen dira goiz zorriak,
eguerdiak hanka-puntetan
eta gauak pauso eta erdika.

Soildutako begiradekin
egunsentiak saretzen ditu udazkenak.

Kaleak gehiago pisatzen du
udazkenean,
bost tona haize metro karratuko...

... horregatik egiten du lainoak basoartera,
eta orbelen hotzak,
eta jolaserako gogoak,
eta...
zer dago han orbel artean ezkutaturik?




Udazkena ezkutaleku bikaina da.


2011-11-15

ITAKA (Koldo Zubeldia_2011-11-5)



Poetak galdetzen du...
nora zoaz?
Itsasadarretan oinez egin nahiko luke aurrera,
zerbaiti eskua emanda...
zozo beltzen bati, adibidez.

Zuhaitzaren enborpean erreka uholdeka dator...
eta poetak eskuak hotz ditu,
ur ertzean izotz pusketa bi.

Poetak galdetzen du... nora zoaz?
eta errekak tarteka atzera begiratzen dio...
nirekin etorri nahi duzu? esaten dio,
urak zirt eta urak zirt egiten du.

Poetak begirada ito du...
pentsatuz... hori dela aurrera egiteko modu bakarra.
Begirada izoztu bitartean
eutsiko dio bideari...
itsasadarretan oinez egin nahiko luke aurrera,
baina, enborpetik,
zozoaren ondoan egon nahi baitu,
eta zozoak ez daki igerian.






Koldo Zubeldia -> goizeko ordu txikietan pizten duena bonbilla, Zaldibiko mutila, abila, umila... aldamenean gustura hartzen duena Irati neskatila ;-)


Keinu jostalari batekin ekin genion solasari. Solas-lagun Koldo Zubeldia zaldibiar poeta izan genuen azaroaren 5ean.
Gozo, patxadan, elkarri begira poesia biluztu genuen. Eta poesiak bizitzari egiten dionez tira... bizitzari biluztu genion goiza. Elkarri begira, elkarrekin.






Saioa entzun nahi izanez gero... egin klik! Jaitsi eta gorde nahi izanez gero...

http://www.divshare.com/download/16172415-9bf

2011-11-14

... pot aterik gabeko isiltasunei...


HITZA: POT

Pot(t) egin zuen mutilak ezpain haien gozotasunari ihes egin nahian korrika hasi zenean. Erle baten eztenak koxk egin ziola ohartu zen, pot haren eztitasunak azukrea uholdeka itsatsi zionean. Bihotz tantaka bizi da ordutik...

Muxuak erori egiten zaizkio odol-bideetan behera... emandako pot guztiak urkatu egingo lituzke korrikaldi bat gehiago arnasari oparitzeagatik.




AFORISMOA: "Esan na
hi eta esan gabe utzitako guztiek barrua bete ez, hustu egiten dute"

Bazen behin isiltasunaz maitemindu zen (bizilagun bat?). Maitasun eskutitzak idazten zizkion mututasunaren itzalari eta bueltan jasotzen zituen oihartzun guztiekin lore sortak egiten zituen.

Bizilagunaren lorategia hutsik dago aspaldian. Badirudi usainek beste hizketaldi batzuetara egin dutela ihes.





HAIKUA:

"Giltzarik ez dut;
beraz, a
terik ere
ez dut iza
n nahi."




2011-11-09

KALEAN


Horrelakoak kalean gertatzen dira. Demagun... Antsoain (Nafarroa). Demagun... astelehena. Demagun... arratsaldeko zortziak eta erdi. Demagun iluntzeak Irati hortxe harrapatu duela. Kalea horrelakoa da, (g)uneak harrapatu egiten zaitu. Gustatu egiten zait (deitu lotsagabe!), begia bezalaxe belarria ere luzatzea.

Bi mutiko, hamalau urte izango dituzte. Gutxi gorabehera. Hamabost agian? Adingabeak direla ziurtasun osoz esango nuke. Boto eskubiderik ez, beraz. Bizikletarekin bat, oinez bestea. Lagunak dirudite. Konfiantza nabari da bien artean. EQUO talde berriak kale kantoian ipini dituen informazio-mahaien ondotik pasa dira, sagarrak eta informazioa banatzen ari dira ibiltariei. Informaziorik ez, sagar bana hartu dute bi mutikoek; hozka egin die etorkizunari. Bost pausoren bueltan Ezkerra-Izquierda alderdiko zinegotzi baten etxepetik pasa dira bi mutikoak, atarian argi txiki bat eta ondoan kartel bat dagoela ikusi dute. Amaiur... como el pueblo de Baztán! Esan dio batak besteari. Besteak aurpegiera okertu dio, ez dakiela Amaiur non dagoen esan nahi dio. Baina, lotsatu egin da. Eta hortik aurreragokoa... poltsikoan gorde dut:





- ¿Tú vas a votar?
- No lo sé, tal vez sí...
- ¿Tú de que eres... de Rubalcaba o de Rajoy?
- Yo de Rubalcaba...
- Ah. ¿Sabes? Todos los presidentes son malos...
- Ya...
- ¿Entonces?
- Psssssssssss... yo de Rubalcaba...
- ...

Bi pauso eman ditut aurrera. Elkarrizketari eutsi nahi diot. Baina, badoaz... lastima. Lepoa luzatu dut, baina...

"No quiero que te besen otros labios..." tupustean adineko gizon batekin gurutzatu naiz... kantari doa... eta zalantzak kalean harrapatu nau... bi mutikoen atzetik edo gizonaren atzetik... nori jarraitu zalantza egin dut... eta badoaz... lastima...

Amaiurren kartelari begiratu diot Izquierda-Ezkerrako zinegotziaren zain nagoen bitartean. Kalean harrapatu nau EQUOko kideak. Entzun egin diot. Eta hozka egin diot sagarrari... eta etorkizunari. Bi "handiren" artean "txiki" asko dago. Han doaz mutikoak... konturatu ote dira?

2011-11-08

ITAKA (Fermin Etxegoien 2011-10-29)



Errepideko asfalto hotzean barraskilo bat urrutian datorren barr
askilo handiago bati begira. Euri egin berritan bi adar tenteekin agur egiten dio barraskiloak barraskilo handiagoari. Badirudi zain dagoela, bizkar gainean daraman etxea beteko dion norbaiten esperoan. Sukalde hotzeko paretetan zintzilik begirada distiraz beteak jarriko lituzke. Ohe gainean pentsamendu ibiltariak eta komuneko ispiluan bi esku, umezurtz gelditu zaion besarkadaren berogailu.

Egunetik egunera pittin bat gehiago hustutzen zaio barraskiloari gainean daraman etxea. Ia sentitu ere ez du egiten. Eta bitxia da sentsazioa. Hutsuneak gero eta gehiago pisatzen baitio. Lehen etzanda ematen zituen pausoak, orain makurtuta egiten du aurrera. Eta begira jarraitzen du, aurrean duen barraskilo handiagoari begira, harrit
uta. Barraskilo hanidaren handitasunak harritu egin du. Begirada distiraz beteak eta pentsamendu ibiltariak eta eskuak ehunka eta milioika izango dituela pentsatu du barraskiloak eta bana eskatuko dizkiola. Mesedez eta arren.

Barraskiloak ez daki, ordea, aurrean duen barraskilo handia autokarabana bat baino ez dela. Eta autokarabanetan begirada distiraz beteak eta pentsamendu ibiltariak eta eskuak soberan ez eta faltan izaten direla...


Errepideko asfalto hotzean barraskilo bat urrutian datorren autokarabana bati begira. Euri egin berritan bi adar tenteekin agur egiten dio barrask
iloak autokarabanari.




Fermin Etxegoien -> Neurona izanik, ez dakit zeurona izan ote daitekeen. Lau neuronako autokarabanak ez dakit gurpilik behar izaten ote duen. Ekaitzek perfekzioaz askorik dakiten ere ez dakit... Kalakan aritu gaitezke neuronaz eta zeuronaz, autokarabanez eta ekaitz perfektuez... Ferminekin... oñatiar bilbotartuarekin... idazlea da, eta irrati esataria, eta gidoilaria... Femin Etxegoien.


Honatx urriaren 29an elkarrekin Itakan izan genuen solasaldia.






Ferminez gain, Joxe Mari Gabiriak ere uso artean bisita egin zigun:




Joxeren esku artera txoriak mokoan "aro" hitza hartuta egin zuen salto:



Eta hitz ontzia betez, Hitzontzirekin jolasean ere ibili ginen, Iñaki Etxeberria lagun hartuta:




Eta azken kantua... Mikel, Uxue eta Eñautekin, Markez, Alberdi eta Elorrietarekin batera abestu genuen:



Gaur urriaren 29ko saioa pusketaka, pastela zatika ere gozagarri izaten delako, zatika ere aho-bete daitekeelako.




2011-11-07

...gezurren xuxurla urre bila...



HITZA: BAHE

Irudikatu ume garaiko jolas-parkeko txirrista gorri hura (ipurdikoez gogoratu beharrik ez dago). Irudikatu txirrista horren tamaina mikroskopikoa (eta ipurdikoak hartzen zituen ipurdi eder hura txikitu neurri berean). Eta irudikatu zu zoazela txirristan behera (zu, zure beldur, zure tximeleta, zure eztarri neurri gabe zabalduarekin). Txuloan barrura (edo behera, edo bestaldera, edo hara norabait) bultza egin dizu zerbaitek (edo norbaitek, edo gogoak, edo beharrak) eta zure auskalo zer (hori) bestaldean gelditu da (kanpoan, gora, edo han nonbait). Ba horixe da bahea... "zerbait" "nonbait" "egonarazten" duena.




AFORISMOA: Egia hanka motzak gezurra makulu

Bazen behin egiaren ahotan gezurra marrazten ikasi zuen (bizilagun bat?). Marrazki abstraktuak zirela haiek errepikatzen zuen behin eta berriz: hiru arrasto beltz eta erdian ezpain itxurako txalupa baten itzala.

Txalupa egunero hondoratzen omen da itsaso beltzean...

Gezurraren ahotan egia marrazten ikasten duen egunean itsasoa izango da txalupan hondoratuko dena. Itzal itxurako ezpainek irribarre egingo dute orduan.



HAIKUA


Ez egin oihu,

xuxurlaren indarrak

lehertuko zaitu.


2011-11-04

EGIN APUSTU ZURE BURUARI! (VI)



Ehun biztanleko herri batean ehun gari-poltsa banatu dira; gizon bakoitzari hiru gari-poltsa eman zaizkio, emakume bakoitzari bi eta umeei gari-poltsa erdia (nor ote da banatzaile lotsagabea! Muturra behar da gero...). Zenbat gizon, emakume eta ume daude herrian?




Hara bi lotsagabe! Gari-banatzailea eta problema aurkezten ari dena... bai... emaitza zehaztuko badugu... daturen bat gehiago behar dugu, ezta?

Demagun herrian gaudela (bai, bai, imajinatu garaia eta jenzkera eta tripa zorrien doinua...) eta herri sarreran nekazari batekin eta adin txikiko bere semetxoarekin topo egiten dugula.

- Zurea al da ume hau? - galdera egiten duena zu zara...
- Bai, seme-alabetan txikiena da.
- Zenbat urte dituzu, txiki? - zuk txikiari.
- Anai-arrebak bezainbeste.
- Eta zenbat anai-arreba dituzu?
- Herriko gainerako umeek bezainbeste.

Ume egoskorra (hori zuk zeure buruari esan diozuna)... aitari galdetzea onena...

- Zenbat ume daude herri honetan? - zuk nekazariari.
- Ez nuke zehatz esaten asmatuko... baina, umezurtzik ez dago, ume bazterturik ere ez eta gurasorik gaberik ere ez dago, guztiek dute euren aita eta ama.

Pittin bat lasaitu zaitu erantzunak... baina, ez askorik... galderak hor jarraitzen du zintzilik eta ez omen dago kontatzeko besterik...

Zenbat gizon, emakume eta ume daude herrian?


2011-11-03

Larunbat goizetan... Txindoki ikasgai...



Larunbat goizetan lo egin daiteke, eta lo egin ondoren (ondo
ren horrek zenbateko luzera du?) aste osoan egin gabeko ohea egiten pasa goiza (zenbat denbora behar da bost egunez egin gabeko ohea egiteko? Egunen joanak izaren zimurrak fosldu egiten ditu?). Larunbat goiza ohe ondoko hauts pinportei putz eginez igaro daiteke, ezkutatu gabeko itzal mamutiarrekin jolasean. Larunbat goizak egutegia birrantolatzeko izan daitezke, aste buruko buru gabekeriei izena jartzeko.

Edo... ... edo larunbat goizetan...

... Goierriko herri txokoak ezagutuz Geografia landu daiteke...


... edo belar artean zorrotz (jaio? Harriak jaio egiten dira?) jaiotako harriak hizpide Geologiaz hitz egin daiteke...



... edo inurri ikusezinen bila Biologia errepasa daiteke...





... edo nekearen eta ahaleginaren arteko ezberdintasunen inguruan Filosofiaz jardun daiteke...




... edo Gaztelu mendiko azken konkista garaia Historia tarteko ezagutu daiteke...



... edo artaldea eta artaldak eman dezakeen esne kantitatea eta esne kantitatearekin egin daitekeen gazta kopurua eta gazta salmentarekin lor daitekeen etekina kalkulatzeko Matematika erabil daiteke...



... edo pentsatu, harremanak estutu, irribarre egin (algarak zirela haiek? Tira, algara egin, orduan...), ipurdikoak hartu, hitzordu berriak prestatu, txisteak kontatu.... daitezke... Adibidez, Txindokin, adibidez... guraso, ikasle eta irakasleekin... adibidez, gozamena ikasgai, ikasbide, ikasteko arrazoi bihurtzen zaigun larunbat goizetan.






Nahiz ta haseran Txindoki gaina
ikusten genuen urrun,
oso gustura igo garela
argazkietan ezagun,
"Zizur aldetik" etorri gara
taldean hamalau lagun,
zorion egun ederra Asier,
zurekin pasa dezagun,
ea hurrengo urtean ere
mendian ospatzen dugun.