2011-11-07

...gezurren xuxurla urre bila...



HITZA: BAHE

Irudikatu ume garaiko jolas-parkeko txirrista gorri hura (ipurdikoez gogoratu beharrik ez dago). Irudikatu txirrista horren tamaina mikroskopikoa (eta ipurdikoak hartzen zituen ipurdi eder hura txikitu neurri berean). Eta irudikatu zu zoazela txirristan behera (zu, zure beldur, zure tximeleta, zure eztarri neurri gabe zabalduarekin). Txuloan barrura (edo behera, edo bestaldera, edo hara norabait) bultza egin dizu zerbaitek (edo norbaitek, edo gogoak, edo beharrak) eta zure auskalo zer (hori) bestaldean gelditu da (kanpoan, gora, edo han nonbait). Ba horixe da bahea... "zerbait" "nonbait" "egonarazten" duena.




AFORISMOA: Egia hanka motzak gezurra makulu

Bazen behin egiaren ahotan gezurra marrazten ikasi zuen (bizilagun bat?). Marrazki abstraktuak zirela haiek errepikatzen zuen behin eta berriz: hiru arrasto beltz eta erdian ezpain itxurako txalupa baten itzala.

Txalupa egunero hondoratzen omen da itsaso beltzean...

Gezurraren ahotan egia marrazten ikasten duen egunean itsasoa izango da txalupan hondoratuko dena. Itzal itxurako ezpainek irribarre egingo dute orduan.



HAIKUA


Ez egin oihu,

xuxurlaren indarrak

lehertuko zaitu.


1 comentario:

  1. To, haikuaren erantzuna:

    Ixiltasunak
    ixil-ixil-ixilik
    hitz egin zigun.

    ResponderEliminar