2011-11-17

ITAKA (Miren Agur Meabe 2011-11-12)



Ur ontzi batean azal biluziak irrist egiten dio hotzari. Ur ontzi batean begiradak gainezka egiten du begiak urpean bustitzen hasi aurretik; ileak sorbalda gaineetan itotzen dira eta bular-arte ibaitsuan arnasak igeri egiten ikasten duenean, arrainek poesia idazten dute ur ontzietan.

Ur ontzi batean ez dago izterrik, ur ontzi batean ez dago euriterik, ez dago lotarako ipuinik eta galdera ikurrik, dena da basamortu eta dena da isiltasun. Olatuen haizetea entzuten da tarteka, hori baino ez. Ur ontzi batean pentsamendua freskatu bitartean, zuloak banan-banan hotzikarez betetzen dira.

Ur ontzi batean itzalak bustitzen dira, itzal zuriak, eskuetan kabitzen ez diren itzalak, bitsa artean zintzilik gelditzen direnak. Ur ontzietan eskularru zuriz janzten dira eskuak, bitsa eskuetan itsasten denean, elurrak hasten baitu ur ontzietako basamortuetan.





Miren Agur Meabe -> Itsaslabarreko etxearen ondoan eraiki zuen itsasargia, hitz bat eta bi hitz pilatuz. Urtebete egin zuen itsasargian, zazpi orduz azalaren kodeak mozorrotzen, maitasuna zer izan daitekeen bere buruari galdezka. Hondartza maite du udazkenean, eta idaztea bitsa eskuetan hartuta. Eta poesia, poesia eta ipuinak, ipuinak eta irudimena, irudimena eta bizitza. Liburu bat idazten duenean, bere bizitza idazten duelako. Azaroaren 12ko Itaka saioa Lekeition kokatu genuen, itsasaldean, Miren Agur Meaberen ondoan.






Eta Patxi Ezkiagarekin poesiari eta Joxe Goikoetxearekin lastobalari eta Edurne Huesarekin naturaren imitazioari eta Garazi Arrula eta Amaia Larrañagarekin Hitzontziri egin genien koxk!

Larunbatekoa ere gozoa... entzun, jaitsi eta gorde nahi izanez gero...


http://www.divshare.com/download/16197247-57d

4 comentarios:

  1. Elkarrizketa ederra! Nabari da denok ere asko gozatu zenutela elkarrekin solasean. Nik neuk ere, entzule bezala, ikaragarri gozatu dut. Mila esker!

    ResponderEliminar
  2. Agur Meaberen poesia oso gogoko dut, eta berari, edo berarekin batera egindako/osatutako solasaldia oso pozik entzun dut. Eskerrikasko Irati, ongi izan biok.

    ResponderEliminar
  3. Emakume aparta, poetisa handia, idazle bikaina da Miren Agur! Pozten naiz bikote irratsaioarekin gozatu zenutelako! Muxu bana!

    ResponderEliminar
  4. Irati, elkarrizketaren hariari jarraiki ikusten dut elkar ez zaREtela ezagutzen, aldiz, elkarrekin sekulako sintonia eta konplizitatea lortzen duzue, BEJONDAIZUELA, IRRATSAIO BIKAINA.

    ResponderEliminar