2014-01-31

ITAKA_LEIRE BILBAO_2014-1-18




Ez dakit zergatik, akaso beldurragatik, edo haizetara botatzeko tentazioa ekiditeagatik; agian ezjakintasunagatik, edo lotsa ezkutatu nahi izateagatik. Ez dakit zergatik, akaso bertigoagatik, edo iluntasunean marrubizko argiak ezartzeagatik, agian isiltasunagatik edo zuloak ziztadaz estaltzeagatik. Ez dakit zergatik hegazkinean gora egin aurretik, azken aterantz pausoa luzatu aurretik, nire gorputza eskanerrean txikitu aurretik, atzo gauean idatzitako poema poltsikoan sartu  dut. Eskanerrak zapaldu egin nau, lehertu. Ordenagailuan nire hezurrak falta dira, nire azala falta da, mingaina desagertu zait. Ordenagailu aurrean eskaner zaintzailea dago; desagertutako nire gorputzari begira, poltsikoko poema irakurtzen. Eta atzean bidaiari-ilara bat, luze-luzea. Eta hegazkina hutsik. Eta ni erdian. Eta poltsikoko poema eskanerrean. 



Leire Bilbao ->  Xuxen-xuxen muinera, xuxen-xuxen irudira, xuxen-xuxen betazalpeko argazkietara. Hitzarekin, marrazki poetikoekin. Xuxen-xuxen poesiarekin. Haur literaturari askotan egin dio hozka, bi poesia-liburu ere baditu argitaratuak: "Ezkatak" eta "Scanner". Azken liburu hori hartuta hurbildu ginen urtarrilaren 18an Itakara, idazle ondarrutarrari kaixo esatera. 

2014-01-30

ITAKA_UXUE ALBERDI_2014-1-11



Eta ia sudurzuloetan barrura sartu zitzaion. Azal zuriaren gainean isiltasun gogaikarri bat zirudien. Eta ongi dakigu zer gertatzen zaien azal zuriaren gaineko isiltasunei; hausten ez badira, lehertu egiten direla; eta ongi dakigu zer gertatzen zaien lehertzen diren isiltasunei... trumoi bihurtzen direla eta euritan azal zuria busti egiten dela. Haizea zurrubilo artean zorabiatzen da eta arrasto beltzak, azal zuriaren gainean tatuatua gelditu denak, isiltasun gogaikarri baten itxura hartzen du. Oihartzun bertikal batena. 

Trumoia zekarren giroak azal zuriaren gainetik. Isiltasun gogaikarri bat zirudien euliak azal zuriaren gainean. Isiltasun beltz bat. Eta ia sudurzuloetan barrura sartu zitzaion eulia; eta ia sudurzuloetan barrura sartu zitzaion isiltasun beltza. 




Uxue Alberdi -> Zorrotza eta sentibera; zorrotza, zuzena eta sentibera. Sormen lanarekin gozatu egiten duena. Idazle eta bertsolaria. Bizitzari begietara begiratzen diona eta ikusten duena transmititzen saiatzen dena. Euli-giro bere azken ipuin-liburuaren aitzakian kox-kox jo genion atean urtarrilaren 11n. 


2014-01-22

ISILTASUNA




nire isiltasuna

Larunbatean Xabier Sarasola musikari handi herritarrak Beasaingo Igartza Jauregian eskainitako Musika-Matematika hitzaldian izan nintzen. Kontu interesgarri asko aipatu zituen eta tartean berak aipatuta izan nuen 4´33´´ obraren (John Cage) berri. 

Neure buruari galdetzen diot ea zenbateko pisua izango duen lau minutu eta hogeita hamairu segundoko isiltasunak. Zer den isiltasun hori, benetan existitzen ote den, ukitu ote dezakegun, irudikatu, sentitu. 

Ni mendian saiatzen naiz isiltasun hori neure begi artera erakartzen. Uste dut oraindik ez dudala lortu; lortze bidea ordea, zoragarria da. Uste dut diot, izan ere, ez baitakit ziur zer den isiltasun hori, zer den isiltasun horren bila aritzea, zer den benetan aurkitu beharko nukeena, nola jakingo nukeen bila nabilen hori aurkitu dudala. 

4´33´´-ko tarte dezente daramatzat ondoko bideoari begira. Zerbait ikusten dut, zerbait nabari dut, zerbait sentitzera iristen naiz. Baina, aldiko (eta hori da harrigarriena) ezberdina da 4´33´´-ko tarte horietako bakoitza. Isiltasun bat baino gehiago daudela ondorioztatzen hasia naiz, akaso dena isiltasuna dela ere baieztatzen ausartuko nintzateke, zu zeu ere oraintxe (uneinstantmomentuziztadaarnasaldihonetan) nire isiltasun zarela sinetsita. 

 
                       

2014-01-17

Itaka_Gabriel Korta eta Koldo Zubeldia_2013-12-14



Gabriel Korta

Bi birekin. Bi birentzako. Bi birengatik. Bitan bi. Bitan bikoitza. Bitan lau. Abenduaren 14an beste behin bisita egin zigun Koldo Zubeldiak irratira. Orduko hartan, ordea, ez zen bakarrik etorri: Gabriel Korta ere bigarrenez izan zen Segura Irratiko estudioetan. Protagonistak bi eta poesia. 




Koldo Zubeldia



2014-01-14

GALDERAK



Galderak ittea gustatzen zait. Parekoa ze pentsatzen ai dan jakittea. Begik irakurtzea. O hango hari irriparrek nola alde in dion atzematea. Galderak ittea gustatzen zait. Ta galderea nik ze erantzungo nuken pentsau ta gero ittea. Ez pentsa, ariketa politte da. Jolasteko modu bat. Ta egie esan, nei izugarri gustatzen zait jolastea; ingurukok espero ez duenakin jolastea gustatzen zait, ingurukoa ahoa erdi irikin erdi itxin harrapatzea, begiradak lapurtzea ta parre algarak oparitzea. Galderak ittea gustatzen zait.

Halaxe, gertau bezelaxe kontatzen dizuet. Asteazkenen bueltau ginen institutua oporretatio. Lehenengo ordun DBH 1eko nere ikasle maittekin gai berrikin hasteko asmoa: zatikik. Mohamed ta hamazazpi gamelun ipuine kontau nien, nola hiltzorin zeola bere hiru seme-alaban arten banau behar zittun gameluk eta bla, bla, bla... Beste ordu laurden batez zatikin ingurun hizketan eon ondoren ateatako ondoriok arbelen idazten hasi nintzen, ikasitakok koadernon txukun-txukun jasotzeko. Ez zait denbora luzez arbelen idazten, ikasleei erdi-bizkarra emanda eotea gustatzen ta... bost bat minutu eamango nittunen ta bakoitza bere lanen zentrauta zeonen... zapla! ez bat eta ez bi! di-da! buelta erdie eman ta harrapazka bota nien galderea: pozik bizi al zeate? Eta zapla! ez bat eta ez bi! di-da! altu ta fuerte! fundamentuz! seguru! Anek erantzun zon: BAI!

Bate pentsau be erantzun beharreko galderea dala uste det. Bost bat segundoz pentsatzen eon ta gero Gorka han hasi zan... bueno, eske etxeko-lanak, eske azterketak, eske, eske, eske...

BAI o EZ. Pentsau be erantzun beharreko galdera dala ustet. Emozionau in nindun Anen baiezkok bai, baino batez e erantzunen berehalakotasunek, ziurtasunek eta indarrak, ta gaineako ikaslei re emozio hoi transmititzen saiau nintzen. Ustet ulertu zuela.

Hoi bai, danak harrittu zien in nien galderaz. Harrittu... ta lotsau in ziela re esango nuke... izan e... pozik bizi al zeate? Ikusi nittun aurpegingatio sekula inork ez ziela halakoik galdetu re pentsau nun. Baten batek "Irati pitza-pitza inda dau" re pentsauko zon. Baino, nei izugarri gustatzen zait Irati pitza-pitza inda dau pentsatzeko motibok ematea. Pozik bizi dien ez dakit, momentu hoi pozik bizi izan zuela bai. 


2014-01-13

ITAKA_AMETS ARZALLUS_2014-1-4


Amets, Ekaitz eta hirurok solasaldiaren ondoren Segura Irratiko estudioetan_2014-1-3
Izara artean argi ttiki bat; piztu eta itzali, piztu eta itzali. Izara artean, iluntasun erabatekoan argi ttiki bat; piztu eta itzali, piztu eta itzali. Izara artean iratxo batek iluntasun erabatekoan argi ttiki bati putz egiten dio eta piztu eta itzali, piztu eta itzali, argiak iratxoaren begi keinukaria dirudi. Izara artean iratxo batek iluntasun erabatekoan argi ttiki bati putz egiten dio eta piztu eta itzali, piztu eta itzali... argiak iratxoaren begi keinukaria dirudi gauaren erdian  izara artean iluntasun erabatekoan. Amets bat horrelako da; iratxo bat keinuka, piztu eta itzali, izara artean, iluntasun erabatekoan. Argi ttiki bat eta argi handi bat; amets bat horrelako da. 



Amets Arzallus -> Txiki-txikitatik eman zuen bertso eskolarako pausoa, etxean ere gertutik bizi izan ditu beti bertsoaren bihurrikeriak. Baloia sarera, pilota txapa gainera eta bertsoa entzuleengana iristarazten trebea. Barrura begira kanpokoa ikustarazten duen bertsolaria, bertso puntu bakoitzean korapiloa ongi estutzen dakiena. Gozoa, umila, entzuleen maitteko. Hendaiarra, Euskal Herriko Bertsolari Txapeldun berria. 2014ko lehen Itaka Saioan Segura Irratian izan genuena. 

Ekaitz eta .Amets galde-erantzunean_2014-1-3