Ez dakit zergatik, akaso beldurragatik, edo haizetara botatzeko tentazioa ekiditeagatik; agian ezjakintasunagatik, edo lotsa ezkutatu nahi izateagatik. Ez dakit zergatik, akaso bertigoagatik, edo iluntasunean marrubizko argiak ezartzeagatik, agian isiltasunagatik edo zuloak ziztadaz estaltzeagatik. Ez dakit zergatik hegazkinean gora egin aurretik, azken aterantz pausoa luzatu aurretik, nire gorputza eskanerrean txikitu aurretik, atzo gauean idatzitako poema poltsikoan sartu dut. Eskanerrak zapaldu egin nau, lehertu. Ordenagailuan nire hezurrak falta dira, nire azala falta da, mingaina desagertu zait. Ordenagailu aurrean eskaner zaintzailea dago; desagertutako nire gorputzari begira, poltsikoko poema irakurtzen. Eta atzean bidaiari-ilara bat, luze-luzea. Eta hegazkina hutsik. Eta ni erdian. Eta poltsikoko poema eskanerrean.
Leire Bilbao -> Xuxen-xuxen muinera, xuxen-xuxen irudira, xuxen-xuxen betazalpeko argazkietara. Hitzarekin, marrazki poetikoekin. Xuxen-xuxen poesiarekin. Haur literaturari askotan egin dio hozka, bi poesia-liburu ere baditu argitaratuak: "Ezkatak" eta "Scanner". Azken liburu hori hartuta hurbildu ginen urtarrilaren 18an Itakara, idazle ondarrutarrari kaixo esatera.
No hay comentarios:
Publicar un comentario