2014-01-22

ISILTASUNA




nire isiltasuna

Larunbatean Xabier Sarasola musikari handi herritarrak Beasaingo Igartza Jauregian eskainitako Musika-Matematika hitzaldian izan nintzen. Kontu interesgarri asko aipatu zituen eta tartean berak aipatuta izan nuen 4´33´´ obraren (John Cage) berri. 

Neure buruari galdetzen diot ea zenbateko pisua izango duen lau minutu eta hogeita hamairu segundoko isiltasunak. Zer den isiltasun hori, benetan existitzen ote den, ukitu ote dezakegun, irudikatu, sentitu. 

Ni mendian saiatzen naiz isiltasun hori neure begi artera erakartzen. Uste dut oraindik ez dudala lortu; lortze bidea ordea, zoragarria da. Uste dut diot, izan ere, ez baitakit ziur zer den isiltasun hori, zer den isiltasun horren bila aritzea, zer den benetan aurkitu beharko nukeena, nola jakingo nukeen bila nabilen hori aurkitu dudala. 

4´33´´-ko tarte dezente daramatzat ondoko bideoari begira. Zerbait ikusten dut, zerbait nabari dut, zerbait sentitzera iristen naiz. Baina, aldiko (eta hori da harrigarriena) ezberdina da 4´33´´-ko tarte horietako bakoitza. Isiltasun bat baino gehiago daudela ondorioztatzen hasia naiz, akaso dena isiltasuna dela ere baieztatzen ausartuko nintzateke, zu zeu ere oraintxe (uneinstantmomentuziztadaarnasaldihonetan) nire isiltasun zarela sinetsita. 

 
                       

3 comentarios:

  1. Nik uste dut, isiltasuna pisurik ez duela bakarrik sentitu dezakegula isiltasuna.
    Baina, isiltasuna egoteko uste dut lehenengo aurkitu behar dugula.
    Non aurkitu al dezakegu?

    ResponderEliminar
  2. 11K gelan behintzat ez! Pentsa zenbat kosta zitzaigun atzo isiltasun erabatekoa aurkitzea! Posible ote da hori, Maia? Isiltasun erabatekoarena... Bihotz taupada aipatu zituen Nereak...

    Ongi pasa asteburua!

    ResponderEliminar
  3. "Isiltasun" hitza bakarra bada ere, adieraztera ematen duena anitza da, ordea. "Hutsun" hitzari gertatzen zaion antzekoa gertatzen zaio gure isiltasunari, hots, zerbaiten falta diruditela, zeren bata materia-energia eza eta bestea soinu eza direla onartzen den. Horrela ikusita, isiltasun asko dago, soinu adina: musika eza, txio eza, ahots eza...Horiek guztiak baina, isiltasun errealak dira, eta existitzen diren jakiterik ez bada ere, isiltasun bereziak sentitzen ditugulakoan nago, adibidez, gure buruari zalantzak argitzeko galderak egiterakoan jasotzen dugun erantzun eza...

    ResponderEliminar