2016-12-28

Bi hilabete

Elederren bi hilabeteko eskutxoa_2016-12-28 

BI. BARRE TXIKIEN HILABETEA. 

Su artifizialak lehertzen zaizkizu mingainean gora eta oooooooooooooooooooooooo PUM! bihotzak salto egiten digu zure beso artera. Bi hilabetean ezpainak jostailu bihurtu zaizkizu, kolore festa bat da zure ahoa eta gure pozak zure eztarriraino egiten du salto. Begiak itxita egiten zenituen irribarreak barre txiki dira orain; mundua erraldoitu egin da bat-batean. 

Zorionak, pottolo! Osaba Ekaitzek bertso bikaina oparitu dizu:

Bi hilabete eder
gure kabietan
eguzki beteko nahiz
egun bustietan
so nagokizu ahal 
dudan guztietan,
bizitza biltzen zure 
bekain azpietan;
distira berezia
duzu begietan
ta irrifar handia 
ezpain txikietan. 


Elkarri egin diogun mendi oparia:

Luis, Eleder eta Irati Olaberrira bidean_2016-12-28. Argazkilari aitona Joxe. 


2016-12-27

ZORIONAK, AMATXO!

Buñuelen_2016-12-24

Urte askotarako, amatxo! Ondo pasatu dugu eguna, e! Hogeita hamabi urte! Zenbat da hogeita hamabi, ama? Zenbat eguzki dira hogeita hamabi urte? Nik hogeita hamabi ditudanean, zuk zenbat izango dituzu? Asko maite zaitut, ama! Erakutsiko dizkidazu zure umetako argazkiak? Jaio zinenean ere handia al zinen? Zergatik ez zara txikia egin eta nire ondoan etzaten? Gaur goizean esan didazu ni naizela zure oparirik ederrena. Zer dira opariak, ama? Izan zaitezke zu nire oparirik ederrena? Emango didazu muxu bat? Ohera joango gara? Bihar ere kantatu ahal dizut zorionak zuri? Bihar ere zure urtebetetze eguna da? Zorionak, amatxo! Asko maite zaitut; asko baino gehiago. Eleder. 

2016-12-13

Eleder eta Amona Prudentxi

Eleder eta Amona Pruden_2016-11-26
Laurogeita hamalau urte eta erdiko tartea. Historia arrasto neurgaitz baten distantzia infinitesimala dirudi denboraren inozentziak. Eskua eman diote elkarri. Itsaslabarretan arriskua tentatzeko gogoa dute biek ala biek. Eskua eman diote elkarri eta gero etorri da begien zuria. Salto egin dute nire uretaraino eta ni berandu konturatu naiz flotagailuen zuloaz. Lehenengo ito egin gara hirurok eta gero arnasa hartu dugu. Zoragarria izan da. 


- Amona, amona, zenbat zimur dituzun!
- Zure keinu txiki bakoitza gordetzeko zulotxoak dira.

- Eta nork zulatu dizkizu?
- Bazentozela jain nuenean nik neure buruari.
- Nola jakin zenuen banentorrela?
- Kontu batzuk berez jakiten dira.
- Nola berez?
- Begiak itxi eta entzuten jarrita.
- Nik begiak ixten ditudanean ez dut ezer ikusten. Bueno, batzuetan kilimak.
- Nola kilimak? 
- Begiak ixten ditudanean batzuetan koskillak ikusten ditut.
- Horregatik egiten dituzu barre txikiak begiak itxita dituzunean. 
- Barre txikiak egiten ditut?
- Zentimetro eskasekoak. 
- Amona, zenbat da zentimetro eskasa?
- Gutxi eta asko. Biak batera. 
- Hori posible da?
- Begiratu zeure buruari. Berrogeita hemeretzi zentimetro eskas eta erraldoia nire bihotzean.
- Amona, dena da eskasa? Noiz uzten dio zerbaitek eskasa izateari?
- Barre handiak egiten dituenean. 
- Eta hori noiz da?
- Amatxok egiten ditu barre handiak.
- Eskatuko dizkiot? Bi edo hiru barre handi emateko eskatuko diot. 
- Ondo. 
- Ondo? Orain erraldoia banaiz zure bihotzean, barre handiak egiten ditudanean ez naiz kabituko. 
- Horregatik ditut zimurrak.
- Ni gordetzeko zulotxoak dira. 
- Bai. Asko maite zaitut, Eleder. 
- Amona... nik asko baino gehiago zu. 


Eleder, Amona Prudentxi eta Irati_2016-11-26


2016-12-03

Hiru ziento irribarre euskaraz



Idatz nezakeen atzo, bihar bestela. Gaur ez nuen nahi. Baina, tentazioak harrapatu nau berriro; martxoak 8, maiatzak 1, azaroak 25, abenduak 1, abenduak 3...

Inork argazki txiki bat aterako balit, garbi ikusiko luke ez nauela modak bizi. Gaur egun modan dago esatea ez ditugula gogoko hizki larriz egun bakarrera mugatzen diren aldarrikapenak; aldarrikapenak, ospakizunak edo dena delakoak urte osokoa izan behar duela. Ados nago ni ere adierazitakoarekin, baina, konturatzen hasia naiz ados egotera, idaztera eta esatera mugatzen dugula sarri gure iritzia. Eta kezka sortzen dit horrek, eta beldurra, eta tristura eta nazka pixka bat ere bai. Iritzi estatikoak bizi gaituela esatera ausartzen naiz. Urteko egun guztiek izan behar dute euskararenak esaten dugu. Hotz-hotzean hausnartzen hasita, ez dakit oso ondo (eta oso gaizki ere ez) zer esan nahi duen egun bat euskararena izateak. Ezta 365 egunek euskararenak izateak ere. Izatekotan guk izan beharko dugu euskararenak; euskara geure hitzarena egiten dugun neurrian. 

Igandean Wakarrekin hizketan egon nintzen. Pakistandarra da Wakar. Hiru urte eskas daramatza Euskal Herrian. Ahalegin txikiren bat egin duen arren, ez du euskara formalki ikasteko denbora eta aukerarik izan. Bere publikoarekiko jardueran euskaraz dihardu, ordea. Igandean kontatu zidan ilusioz azokan barazkiak euskaraz saltzen dituela. Bezeroekiko duen konplizitatea euskarazkoa dela. Ehunka ez, zientoka saltzen dituela porru landareak. Ilusioz kontatu zidan. Eta zoriontsu eman nion bostekoa. Euskaraz, noski. 

Hiru ziento irribarre oparitu nion. Ez da hain zaila. Ez da hain zaila bakoitzak beretik ematea. Ematea... iritzia baino zertxobait gehiago. Eta sinplea da oso gainera, egiten duzun horrekin gozatzea eta gozatzen duzula transmititzea. Akaso hor dago koxka (baina, auskalo!) ilusio, irrika, gertutasun eta gozamenean.