2018-10-30

ITAKA_Koldo Zubeldia_2018-10-13

Elkarrekin saio asko egiten ari garen froga... 2014ko argazkia :-D

Erraz esaten da... hogeita zortzigarrena... begiradak elkarri lotuak, irribarre iheskorren konplizitatea poesi bihurtuta. Eskerrik asko, Koldo, bisita egiten diguzun aldiro eskaintzen diguzun guztiagatik. 

2018-10-28

URTE ASKOTARAKO, ELEDER!


Eleder frutazko pastelari putz egiten_2018-10-28


Urte askotarako, txiki! Zorionak, Eleder!

Bi, bi, bi! Zenbat pazientzi du Elederrek? Bi! Zenbat begi ditu Elederrek? Bi! Zenbat eguzki daude zeruan? Bi! Eta Elederren eskuetan? Zenbat eguzki daude Elederren eskuetan? Bi, bi, bi! Eta… zenbat urte bete ditu Elederrek? Bi! Oraintxe dena da bi, bi, bi, bi, bi eta lau eta sei eta asko esateko hamaika. Baina, batez ere bi. Bi da ikaragarri, baina asko baino gutxiago.

Bihotza, urte zoragarria izan da bigarren hau. Elederrekin zer moduz galdetzen didaten guztiei sekulako esperientzia izaten ari dela erantzuten diet eta izugarri ari naizela gozatzen. Gozatzen eta ikasten. Zuk irakatsi didazu zaldiak nola edaten duen behiaren errapetik, zebra-bidean gelditzen diren auto gidariei irribarrea nola eragin, besoak eta irudimena astinduz hegan nola egin, ikusten ez den tokian trena nola ikusi, haizeari nola egin bultza, udazkenarekin nola jolastu… Zuk irakatsi didazu beso artean estututa ama nola maitatu. Une eta gune bakoitza bihurtzen duzu jolas eta ikasbide, eta zure bidean harrapatzen gaituzun guztiok bihurtzen gaituzu jostailu eta ikaskide.

Aspaldian hitza besterik ez duzu ahoan; adur arteko itsaso da esateko zure nahia eta beharra. Esaten duzun guztia asko gustatzen zait, baina batez ere, esaten duzun horri ematen diozun doinua gustatzen zait. Hitz bakoitza dantzan jartzen duzu ezpain artean ELEA EDER bihurtuz.

Egunak, asteak eta hilabeteak egin dituzu azken urte honetan lau hankan, eta etxe, parke eta kaleak galtza artean ondo garbitu ondoren, azkenean hogei hilabeterekin jarri zenituen zinbili eta zanbala bakar-bakarrik pausoak urrats ematen. Bai, zu, jartzen dituzu pausoak urratsa ematen, zuzara zure bidearen egile, jabe eta arduradun. Orain, korrika ustean, urrutira joaten ez zaizun itzalaren atzetik ibiltzen zara saltoka. Liburuak irentsi egiten ditugu elkarrekin, nire mingainera hatzak eraman eta ipuinak ateratzen dizkidazu aztarrika, kantari aritzen zara lo hartu aurretik eta margoz janzten duzu paper zuria.

Azken egunotako kontua da... zer uste zenuen ez nintzela konturatuko? Amarekiko distantzian milimetroak zentimetro bihurtu dituzu: hau Elele, hau Elele! Eta hor jarduten duzu saiatutakoak lortzen. Eta ni pozik eta ni harro. Eta pixka bat triste ere bai, Eleder bakarrik zenbat gauza egiteko gai den ikusita. Posible al da hori? Pozik eta harro eta triste?

Baina, batez ere eskertua. Ama, titia, hemen esaten didazun bakoitzean mundua gelditu eta bizitza oparitzen didazula sentitzen baitut.

Zenbat bihotz maite du Elederrek amatxo? Bi! Eskerrik asko, maitte, bihotz horien haizetearekin amatxo erotzeko duzun gaitasunagatik.

Asko maite zaitut, asko baino gehiago. Nik ere bi bihotz; betikoa eta bestea.



Amatxo



Osaba Ekaitzek oparitu dizun bertsoa: 

 Bigarrenera ere
heldu zara ezen,
hasi baitzara zaren
ederraz jabetzen,
elkarren erregalu
bihurtu gaitezen,
segi urterik urte
etapak erretzen,
espazioa eta
denbora betetzen.


Eta atzo Itakan zutaz eta zurekin egindako irratsaioa: 





2018-10-22

Itaka_Olaia Baigorri_2018-9-29

Olaia Baigorri
No(s)otras liburua argitaratu berri du aurtengo udan Olaia Baigorri 17 urteko uhartearrak. Elkarrekin solasean aritzeko aukera izan genuen irratian. Sekulako heldutasuna eta sormen gaitasuna erakutsi zuen. Behin eta berriz entzutea eta aztertzea merezi duen irratsaio horietakoa... Eskerrik asko, Olaia! Eta zorionak!


2018-10-16

BESARKADAK




Orain dela hiru bat aste Iruñeko San Francisco plazan. Hurbildu eta besterik esan gabe galdetu zidan, begietara begira: ze izen duzu? Ez nuen ezagutzen eta berari baino lehenago, inguruari begiratu nion. Ez dakit zergatik. Irati esan nion, gutxi gorabehera begietara begira; ez dakit zergatik baina ez nion bere izenik galdetu. Akaso nik galdetzerako berak esan zidalako Mikel zuela izena. Eta jarraian, ia begiak gatibu hartuta, gaineratu zidan: eman diezadakezu besarkada bat? Eta ez bat eta ez bi, ordurako irribarrea ezpainetan, besarkada eman nion, edo eman zidan edo eman genion elkarri edo ez dakit zeri edo nori. Agian pentsatzen jarri izan banintz ez niokeen emango. Ez dakit zergatik. Bi segundo? Hiru? Banantzean irribarreak trukatu genizkion elkarri, telefono eta posta elektroniko beharrik gabe elkarren berri izaten jarrai dezagun. Agur eta agur. Galdetuko niokeenean zer sentitu zuen, zergatik-zertarako-noiztik-nondik-nora-nolatan-norekin. Ez nion ezer esan. Ez dakit zergatik.

Atzean Eleder txikia nuen begira-begira, betiko moduan korrika-korrika berarengana zuzenean joatea oztopatu zidan besarkada hura zer zen galdetuz bezala. Eta nik ezin kontatu zergatik-zertarako-noiztik-nondik-nora-nolatan-norekin. Besarkadaka jan nuen horrela ulertuko zidalakoan. Mikelen besarkada gurearenaren baitan zegoela sentitu nuen. Barrezka hasi zen Eleder eta pittin bat zoriontsuago sentitu nintzen. Imajina dezaket zergatik.


Hiru bat aste pasa dira ordutik. Ez dut Mikel berriro ikusi. Besarkadaz tarteka-tarteka gogoratzen naiz. Oso ederra iruditu zitzaidan Mikelek probokatu zuen egoera. Oso ederra. Errepikatzeko moduakoa. Baina, behin baino gehiagotan galdetu diot neure buruari zergatik ez naizen gauza bera egiten ausartzen, ni beste Mikel batzuekin. Eta zoritxarrez uste dut badakidala zergatik.



Pasa den asteartean Euskalerria Irratirako prestatu nuen irrintzia da. Honatx audioa.


2018-10-09

ITAKA_Lazkao Txiki Bertsopaper Lehiaketa_2018-9-22

Sari banaketa eguneko argazkia_2018-9-9

Aurtengoa XXVII.edizioa izan da. Harro egoteko moduan da Lazkao Txiki. Aurtengo sarituak: Oinatz Aramendi Plazaola, Aner Azurmendi Beain, Ane Arrizabalaga Arrieta, Maddi Aiestaran Iparragirre, Aner Peritz Manterola, Ekaitz Goikoetxea Asurabarrena, Aitor Albistur Pulido eta Jon Gurrutxaga Urbieta.

Irailaren 9ko irratsaioan Oinatz, Maddi eta Ekaitzekin hitz egiteko eta beraien lanak ezagutzeko aukera izan genuen.   

Ohikoa baino saio motzagoa egin genuen, egun horretarako Lazkao Txikiri Abaliñe jaiotetxean antolatutako omenaldira egin baikenuen salto.  

Zorionak parte hartzaile eta saritu guztiei!