Orain dela hiru bat aste
Iruñeko San Francisco plazan. Hurbildu eta besterik esan gabe galdetu zidan,
begietara begira: ze izen duzu? Ez nuen ezagutzen eta berari baino lehenago,
inguruari begiratu nion. Ez dakit zergatik. Irati esan nion, gutxi gorabehera
begietara begira; ez dakit zergatik baina ez nion bere izenik galdetu. Akaso
nik galdetzerako berak esan zidalako Mikel zuela izena. Eta jarraian, ia begiak
gatibu hartuta, gaineratu zidan: eman diezadakezu besarkada bat? Eta ez bat eta
ez bi, ordurako irribarrea ezpainetan, besarkada eman nion, edo eman zidan edo
eman genion elkarri edo ez dakit zeri edo nori. Agian pentsatzen jarri izan
banintz ez niokeen emango. Ez dakit zergatik. Bi segundo? Hiru? Banantzean
irribarreak trukatu genizkion elkarri, telefono eta posta elektroniko beharrik
gabe elkarren berri izaten jarrai dezagun. Agur eta agur. Galdetuko niokeenean
zer sentitu zuen, zergatik-zertarako-noiztik-nondik-nora-nolatan-norekin. Ez
nion ezer esan. Ez dakit zergatik.
Atzean Eleder txikia nuen
begira-begira, betiko moduan korrika-korrika berarengana zuzenean joatea
oztopatu zidan besarkada hura zer zen galdetuz bezala. Eta nik ezin kontatu
zergatik-zertarako-noiztik-nondik-nora-nolatan-norekin. Besarkadaka jan nuen
horrela ulertuko zidalakoan. Mikelen besarkada gurearenaren baitan zegoela
sentitu nuen. Barrezka hasi zen Eleder eta pittin bat zoriontsuago sentitu
nintzen. Imajina dezaket zergatik.
Hiru bat aste pasa dira
ordutik. Ez dut Mikel berriro ikusi. Besarkadaz tarteka-tarteka gogoratzen naiz. Oso
ederra iruditu zitzaidan Mikelek probokatu zuen egoera. Oso ederra.
Errepikatzeko moduakoa. Baina, behin baino gehiagotan galdetu diot neure
buruari zergatik ez naizen gauza bera egiten ausartzen, ni beste Mikel
batzuekin. Eta zoritxarrez uste dut badakidala zergatik.
Pasa den asteartean Euskalerria Irratirako prestatu nuen irrintzia da. Honatx audioa.
No hay comentarios:
Publicar un comentario