2018-06-29

Bihotzez, Patxi

Ekaitz, Joan Mari, Patxi, Eleder eta Irati_2017-3-19 Legorretan

Patxi, maitea: 

Ikusten al duzu argazkia? Irribarre horrek urrea balio du. Bati baino gehiagori esan diot gaur goizean oparia izan dela zu ezagutzea. Orduak eta orduak pasako nituzke 2009tik (lehenagotik akaso) idatzi izan dizkidazun mezu eta poema guztiak irakurtzen. Irati, maitea........... Bihotzez, Patxi. Eta tartean muxuak eta besarkadak, eta tartean aitorpenak gizatasunez.  Zenbat aste ditu urteak? Ba... biderkatu bider bost gutxi gorabehera... zenbat da, Patxi? Eta biderkatu hori sentimendu eta emozioz... hori guztia da eman didazuna, eman diguzuna. Bihotzak salto egin izan dit denbora luzez astero-astero-astero-astero zure izenean, "Poematxoa" izenburupean, mezu elektronikoa jaso eta zabaltzerakoan. Itakako entzuleentzat oparia. Ez dut gogoan nik zuri edo zuk niri egin zenidan astero-astero irratiko lehen tarterako olerkia bidaltzeko proposamena. Zure hitzei oihartzun egiten jarraituko dugu, behar hainbat alditan errepikatuko ditugu zure olerki ederrak, gure artean presente egoten jarrai dezazun. "Lore baten izena eskatzen zaidanean, “lilia” ateratzen zait barrutik, udan, Petretxemarako bidean, mazelak betetzen dituen kolore urdin morea gogoan...". Hitzak desagertu arte errepikatu eta errepikatu egingo nuke zure olerkia... Zenbatetan amestu dudan... gau bat, gau bat mesedez, Patxirekin Belaguan... hemendik aurrera ere zurekin amets egiten jarraituko dut. 

Zorrotza eta gozoa, xorrotxa eta goxoa. Izugarri ikasi dut zuregandik, Patxi. Eta eskerrik asko. Ez ditut ahazteko behin Andraizeaz esan zenizkidanak: "beste zenbait gauzen artean bertako kosmobisio "hondradua" atsegin dut nik, bizikizunen isla. Badakizu, Irati, barrutik leitzen ohituta nagoela...". Ez dut ahazteko orduko hartan bidali zenidan poematxoa "opari pertsonal gisa. Barruan aspaldian lotuta egon diren gauza askotxo askatu nahi izan ditut, modu apalean." Ez dut ahazteko orain hilabete batzuk idatzi zenidana: "ni ere askotan oroitzen naiz zurekin. zaindu Eleder, bihotzez, patxi". 

Zu tarteko lagun asko eta oso onak ditut; Maialen, Joan Mari, Manuel, Felix, Amaia... Zu izango zara gure oroitzapen iturri eder eta emankorra. 

Itakak ahotsa jarriko dizu eta Iratik bihotza. 

Plazera izan da. Eskerrik asko. Bihotzez, Irati. 





2018-06-28

HOGEIGARREN HILABETEA

Eleder oin-hutsik eskuak beteta_2018-6-28

HOGEIGARRENA HILABETEA: OINETAKOEN HILABETEA


Oin-hutsik bide arrastoak bete dituzu denbora luzez. Oin-hutsik pausoak bete dituzu. Oin-hutsik harriak harritu dituzu eta dagoeneko oinutsik ez zebiltzan ume ttikiak ere bai. Oin-hutsik zure beharrak ase dituzu, eta zure nahiak.  Azken egunotan oinetakoak jantzi dituzu denok egiten duguna egiteko… Eta denok erantziko bagenitu zuk egiten duzuna egiteko? Oin-hutsik zorion betea nabari zaizu…


Zorionak, pottolo! Osaba Ekaitzek bertso bikaina oparitu dizu:


Hogeigarrenak ere
zenbat zirrikitu,
zapatilena dela
zaigu iruditu,
parkean gara ttipi
ta ttapa aritu,
lasai maitea nahiz ta
zutik ez gelditu,
zortziko txiki batek 
lau oin behar ditu.


2018-06-10

HEMERETZIGARREN HILABETEA

Eleder pozik


Eleder haserre

HEMERETZIGARREN HILABETEA: ANTZERKIAREN HILABETEA

Sudurra uzkurtzean zimur arrastoetan algarak itsatsi eta haserre imintziok zorion zantzu bihurtzen dira. Masaila keinu jolastien antzezpenak opariak egiten dizkigu uneoro eta zortekoak gu, zure gidoien irakurleok. Eskerrik asko, txiki, lehenengo lerroan aulkitxo bat erreserbatzeko aukera emateagatik.  


Zorionak, pottolo! Osaba Ekaitzek bertso bikaina oparitu zizun maiatzaren 28an (atzeratu egin gara oraingoan!).

Hemeretzigarrena 
keinuen berrespen,
nola jakin azala
mozorro bat ez den?
Begirada akuilu, 
begirada ezten,
begia klixkatu ta
ezpainak tolesten,
segi, maitia, segi
bizitza antzezten.