2018-06-29

Bihotzez, Patxi

Ekaitz, Joan Mari, Patxi, Eleder eta Irati_2017-3-19 Legorretan

Patxi, maitea: 

Ikusten al duzu argazkia? Irribarre horrek urrea balio du. Bati baino gehiagori esan diot gaur goizean oparia izan dela zu ezagutzea. Orduak eta orduak pasako nituzke 2009tik (lehenagotik akaso) idatzi izan dizkidazun mezu eta poema guztiak irakurtzen. Irati, maitea........... Bihotzez, Patxi. Eta tartean muxuak eta besarkadak, eta tartean aitorpenak gizatasunez.  Zenbat aste ditu urteak? Ba... biderkatu bider bost gutxi gorabehera... zenbat da, Patxi? Eta biderkatu hori sentimendu eta emozioz... hori guztia da eman didazuna, eman diguzuna. Bihotzak salto egin izan dit denbora luzez astero-astero-astero-astero zure izenean, "Poematxoa" izenburupean, mezu elektronikoa jaso eta zabaltzerakoan. Itakako entzuleentzat oparia. Ez dut gogoan nik zuri edo zuk niri egin zenidan astero-astero irratiko lehen tarterako olerkia bidaltzeko proposamena. Zure hitzei oihartzun egiten jarraituko dugu, behar hainbat alditan errepikatuko ditugu zure olerki ederrak, gure artean presente egoten jarrai dezazun. "Lore baten izena eskatzen zaidanean, “lilia” ateratzen zait barrutik, udan, Petretxemarako bidean, mazelak betetzen dituen kolore urdin morea gogoan...". Hitzak desagertu arte errepikatu eta errepikatu egingo nuke zure olerkia... Zenbatetan amestu dudan... gau bat, gau bat mesedez, Patxirekin Belaguan... hemendik aurrera ere zurekin amets egiten jarraituko dut. 

Zorrotza eta gozoa, xorrotxa eta goxoa. Izugarri ikasi dut zuregandik, Patxi. Eta eskerrik asko. Ez ditut ahazteko behin Andraizeaz esan zenizkidanak: "beste zenbait gauzen artean bertako kosmobisio "hondradua" atsegin dut nik, bizikizunen isla. Badakizu, Irati, barrutik leitzen ohituta nagoela...". Ez dut ahazteko orduko hartan bidali zenidan poematxoa "opari pertsonal gisa. Barruan aspaldian lotuta egon diren gauza askotxo askatu nahi izan ditut, modu apalean." Ez dut ahazteko orain hilabete batzuk idatzi zenidana: "ni ere askotan oroitzen naiz zurekin. zaindu Eleder, bihotzez, patxi". 

Zu tarteko lagun asko eta oso onak ditut; Maialen, Joan Mari, Manuel, Felix, Amaia... Zu izango zara gure oroitzapen iturri eder eta emankorra. 

Itakak ahotsa jarriko dizu eta Iratik bihotza. 

Plazera izan da. Eskerrik asko. Bihotzez, Irati. 





No hay comentarios:

Publicar un comentario