Pausoz pausokoa izaten da mendian utzi-jaso-lotutako bertsoaren lana. Egoerak ezberdinak izaten dira:
1.- Bertsoa tontorrean asmatu. Eguraldi ona egiten badu ongi, eguraldia kaskarra bada... burua gehiago estutu behar. AupaIrati eta bengaIrati... presio sentipena handi samarra izaten da (oinen bat falta dela edota bukaera ongi josi gabe gelditu dela... nire lasaitua Ekaitz inguruan dabilenean).
2.- Bertsoa bidean asmatu. Entretenimendu polita izaten da. Besteen solasaldi-elkarrizketa zurrumurru bihurtzen da eta zu zurera. Ideiaka-ideiaka igotzen da mendia horrelakoetan. Okerrena horixe, bertsoa asmatzeko prozesua mendi bidea bera baino luzeagoa izatea.
3.- Bertsoa aterpean bertan asmatu; bezperan, gauean, lo egin nahian zauden momentu... momentu... momentu... arrarozelebreberezi horietan.
21:20etarako "ohean" geunden larunbatean. 21:25ean lo hartu nuen (lo hartu nuen!!!) 21:45ean esnatu eta 00:40ak arte ez nuen berriro lorik hartu! Bitartean zer egin nuen? Bertsoa asmatu, arnasaldiak zakupean ito, bertsoa asmatu, zurrungak kontatu, bertsoa asmatu, izerdiz blaitutako jertsea kendu, bertsoa asmatu, izerdiz blaitutako galtzak kendu, bertsoa asmatu...
Gosaldu ondoren bertsoa idatzi nuen, tontorrean hotza egingo zuela eta (Perdidoko eguna gogoan) dena prest uzteko asmoz.
Aterpeko liburuan ere idatzia gelditu da. Denborapasa polita izaten da besteek idatzitakoa irakurtzea.
Postontzirik ez dago Posets gainean, harri artean babestu nuen, iristear zen mendizaleak jaso zezan. Hura iritsi bitartean kantatzeko astia hartu genuen.
"Pirineotan Aneto eta
Perdidorekin batera,
Posets inguru zoragarriak
baditu mila aukera,
Angel Orustik gora gustura
urratsez urrats aurrera,
nahiz eta izan zilarrezkoak
izena ta altuera,
zure baitango taupada artean
urrezko sentitu gera."