2011-12-13

ITAKA (Felix Eskisabel 2_2011-11-26)


Lotarako ordua da, kaleko argien nekean nabari da, eta isiltasun errepikatuan. Iluntzen duenean, isiltasuna bikoiztu egiten da, gautxoriak isiltasuna arrantzatzeko ahaleginean ibiltzen dira; arrantza-sareko zuloetatik egiten die, ordea, ihes. Isiltasunak. Umeak egoten dira gautxoriei eta arrantza sareei eta ihesi dabiltzan isiltasunei begira; lotarako orduan leiho ertzera inguratzen diren umeak. Begiak ixten dituzte umeek eta une batez lo hartzen dute. Zutik. Hara norabait begira.

Eta une horretantxe umeak zutik, hara norabait begira lo hartzen duen unean, une horretantxe hasten da ordularia gaua zenbatzen, iluntasun bat eta iluntasun bi. Eta une horretantxe gautxorien arrantza-sareetatik ihesi dabilen isiltasuna ipuinak kontatzen hasten da. Eta une horretantxe, umeak lehenengo zurrunga ttikia egiten duen une horretantxe, badirudi ipuinek oihartzun txikiak egiten dituztela. Eta une horretantxe, iluna ilun-iluna denean, une horretantxe leiho ertzera inguratzen diren ume guztiak entzuten jartzen dira, eta goizeko etorkizunaren irrikan iragana da umeek amesten dutena. 






Behin eta bi aldiz. Istorioek, ipuinek eta iraganak azken punturik ez dutelako. Bigarren astez jarraian Ataungo Arrondo auzoko Espilla baserriko Felix Eskisabelekin izan ginen. Entzuteko modukoak kontuak, kantuak eta barre algarak. Entzuteko modukoa astoak eta otsoak elkarri kantatuz izandako elkarrizketa. Entzuteko moduakoa iragana Felixen begietan.

Azaroaren 26ko goizean ezkaratzean zain Mari Karmen Urteaga izan genuen, Patxi Ezkiagak sonata baterako lau nota oparitu zizkigun eta Jonmikel Intsaustik Hitzontzi lehiaketako lehenengo saskia eskuratu zuen. Azken saltoa Katamaloren "Min hau" kantuarekin egin genuen.

Saioa jaitsi eta gorde nahi izanez gero egin klik!


3 comentarios:

  1. Benetan ederrak, ederrak eta ondo jasotzeko modukoak; nik horixe egin dut, grabatu eta jaso harribitxi bat bailitza.Mila esker, Irati; mila esker, Felix Eskisabel.

    ResponderEliminar
  2. Gozamen hutsa izan da Felixekin izandako solasaldia entzutea. Ea antzeko gehiago egiten dituzuen!

    ResponderEliminar
  3. Ederrak izan dira, bai! Eta bai... halako grabazio gehiago egiteko gogotsu gaude! Beraz, bakarren batek bere etxeko iraganeko ateak zabaldu nahi badizkigu... gu barrura sartzeko prest!

    ResponderEliminar