OLERKI BIHURTU NAHI DUT
Tarteka iristen da haizea itsasertzera,
tarteka iristen da ura hondar gaineko zure pausoetara.
Zure begiak marraztu nahi ditut eguzkiak gaua irensten duen momentuan.
Ez izan olatuak itoko zaituen beldurrik,
ez izan ilargi beteak biluzik, babes gabe harrapatuko zaituen beldurrik.
Zure indarra idatzi nahi dut eskuaren sabelean.
Zergatik saiatzen zara zure itzalaren argia isiltzen?
Zergatik ezkutatzen duzu zure masailen gorria?
Iraganaren koadroak zintzilikatu eta aurrera egin,
zure bidearen arrastoa olerki bihurtu nahi dut.
ITXAROPEN JARRI ZIZUTEN IZENA
Itxaropen jarri zizuten izena,
soineko berde argia, bularraldean bi lazo.
Ez dakit zer ikusten duten zure begiek,
ez dakit zenbatekoa den zure kemenaren indarra.
Memoria lagun, etorkizuna zubi,
euriak ez du ekaitzik lehertzen.
Errekasto bihurri, mendi malkartsu,
haizea hegan-hegan.
Zergatik ez? Oihartzunaren kantua,
oihartzunaren soka ikusi dut etorkizunari tira egiten,
eta erdian zu;
sokaren korapiloak zure eguzkia behar du,
berde eta argi, bularraldean bi lazo.
Itxaropen jarri zizuten izena.
Atzo, azaroak 10, Memoriaren Eguna: pausu ederra, ez erabatekoa, baina, halere, ederra eta ezinbestekoa gure eguneroko elkarbizitzan eragin, eta, aurrerapausuak ematen hasteko.
ResponderEliminarMEMORIAREN EGUNA: oroimenaren haritik, gogoratu, bizi, sentitu,enpatizatu, ikasi...Garrantzitsua emndako pausua. Nire uste apaletan, oroimenak, gizatiago bizitzen eta sentitzen laguntzen digu.
ResponderEliminar