Orain dela bi aste bost ikasle
inguratu zitzaizkidan errefuxiatuei buruzko lan bat egin behar zutela eta nire
iritzi-ikuspegiaz galdezka. Zergatik ukatu, deseroso sentitu nintzen, ez gaude
ohituta gai krudel honen aurrean – beste gai askoren aurrean bezalaxe –
aurpegia ematera. Begiak bai, begiak guztiok jartzen ditugu telebista eta
argazki morbosoen aurrean; belarria jartzea gehixeago kostatzen zaigu; baina,
aurpegia, aurpegia inork gutxik ematen du. Baietz erantzun nien, nola ez,
ziurtasun osoz, baietz, izango nuela solasaldia beraiekin; hausnarketarako
tarte bat hartu eta iritzia beste edonorekin partekatzea beti dela
aberasgarria; besteentzat batez ere, norberarentzat zer esanik ez.
Urteak eta urteak
eta urteak daramatza gaiak gaiztotuta; egia esan, gaia bera da gaiztoa. Lehen,
garai batean, ez ginen izaten mundu zabalean existitzen ziren egoera
lotsagarrien jakitun; orain, nola-hala, baina, gure artera iristen den
ezagutzari existentzia ezabatzen saiatzen gara.
Begira
harrapatzen gaitu egunerokoak, aurpegirik eman gabe. Erromatarren garaian
esklaboak hiltzen zituzten; herritarrak begira egoten ziren; txaloka asko.
Inkisizio garaian elizaren agindupean sorginak eraman zituzten Logroñon epaitu
eta sutara, eta herritarrak begira, txaloka asko. Zibilizazioak, gizakiak,
humanoak azken urte eta hamarkadetan aurrera egin duela esango du askok, baina…
Mediterraneoa eta
Egeo Itsasoa hilobi erraldoi bihurtzen ari diren honetan, Idomeniko kanpalekuan
gaixotasun aspaldi desagertuak zabaltzen ari diren honetan, herritarrak, zu eta
ni, bai, zu eta ni, begira gaude, interes ekonomikoak eta politikoak arrazoi,
erantzule eta aitzakia bihurtuz. Bitartean, herritarrak, zu eta ni, bai zu eta
ni begira gaude.
Ikasleek
solasaldia mugikorrean grabatu nahi zutela eta nahi banuen bizkarrez hitz egin
nezakeela esan zidaten. Ez nuen zalantzarik izan: aurpegia eman nuen.
Euskalerria irratiko irrintzia; martxoaren 15ekoa:
No hay comentarios:
Publicar un comentario