2010-12-13

ETA POTTOKAK ZENBATUKO BANITU?


HITZA: POTTOKA

Marrazten saiatu naiz. Ez pentsa erraza denik! Lau hanka (lau makil), lepoalde-mutur sendoa (abilagoak ikusi ditut, Irati!) eta bizkargain ez oso altua (ahalegin berezirik egin gabe ni gainean jartzeko modukoa). Begiak egin dizkiot ondoen; begirada. Zumarraga-Urretxura begira dago gaur pottokaren begirada. Santa Lutzi eguna, han, Gipuzkoa sakonean.

Euskal Herriko berezko zaldi txikia da pottoka. POTTOKA. Zerbait polita denean, zerbait goxoa denean, zerbait... besarkatzeko moduko hitza da pottoka. Ekaingo leizean pottokaren irudiak topa ditzakegu. Ordukoak bai marrazkilariak!



AFORISMOA: "Gauean zenbatutako ardiak otsoak jaten ditu goizean".

Pottokak zenbatuko bagenitu, akaso...

Ardi bat eta bi ardi... iluntasun bat eta bi iluntasun... Baina, iluntasuna zenbatu daiteke ala? galdetu dit goizean ikasle batek. Eta baietz erantzun diot (bai, noski! Irakasleok noskika aritu behar omen dugu...) askorik pentsatu gabe (askotan egiten dut (dugu?), lehenengo erantzun eta gero pentsatu. Gero, ordea, hutsik egin gabe pentsatzen duten horietakoa naiz). Bi ordu daramatzat pentsatzen... iluntasun bat, bi iluntasun... Eta bai! Uste dut erantzun egokia eman diodala! Ardiak zenbatu ustean, iluntasuna da zenbatzen duguna. Gauean iluntasun gehiegi pilatzen dugu gure baitan eta goizean ezin argirik ikusi. Alegia... gauean esna ibiltzen denari kosta egiten zaiola goizean esnatzea! Gauez ardiak zenbatzen ibiltzen denak ardiaren balaka otsoak irensten diola goizean!

5 comentarios:

  1. Bai, niretzat ere neurriko hitza da, belarrietara oso ongi sartzen dena, suabea, goxoa.

    ResponderEliminar
  2. Milaka eta milaka urte dira gure pottokak lurralde hauetan, troskan, daramazkinak; gehienetan, libre, basatiki, gure ikuiluetatik urruti, garai batean benetako ehizaldiak antolatu behar izaten ziren bat harrapatu ahal izateko.Animali prezitua, estimatua, erromatar garaiean gerlarako erabiltzen omen zuten, eta, XIX eta XX. mendean kontrabandoan gaiak eta garraiatzeko. Abere txikia, baina, sendoa, gihartsua eta indartsua, baita, argia eta leiala.POTTOKA.

    ResponderEliminar
  3. Ikuskizuna ederra izaten da pottokak, behorrak Aralargo, Urbasako... zelaietan, aske, libre, troskan ikustea.

    ResponderEliminar
  4. Polita aforismoa, Irati!

    Nik ardiei eta hoskidetasunari tiraka, esaera zahar bat oparituko dizut.

    "Ardi galdua atzeman leike, aldi galdua ez!"

    Beraz, badakizu, unean unekoa gozatu!

    ResponderEliminar
  5. Bai, baten batek ardiak, edo iluntasunak zenbatzen ditu. Nik, azken boladan, mahai biribil batean gosaltzen diharduten lagunak zenbatzen ditut. Irati, txoratu beharrean nago. Laguntza apur bat?

    ResponderEliminar