2010-06-11

EGIN APUSTU ZURE BURUARI (XIX)


Zenbat pisatzen du problema batek soluzioa balantzaren gainean jartzen badugu? Zenbat pisatzen dute lau pentsamenduk igogailu batean ilargira bidaltzen baditugu? Zenbat pisatzen du problema bat ebazteak ematen duen zorionak? Gaurko erronka igogailuaren barrura sartu nork bere burua pisatzea!




IGOGAILUAN

Lau errugbi jokalari igogailu batean sartu dira. Igogailuak gehienez ere 380 kg-ko pisua onartzen du. Gehiegizko pisuagatik alarma garrasika hasi ez dadin lau jokalarien pisua kalkulatu behar duzu lehenbailehen. Hona hemen zenbait datu:

· Pablo da gehien pisatzen duena. Beste laurek berak adina pisatuko balute alarmak igogailua geldiaraziko luke.

· Mikel da gutxien pisatzen duena. Igogailuak bera bezalako bost onartuko lituzke!

· Xabik Pablok baino 14 kilo gutxiago pisatzen ditu, eta Jonek baino sei kilo gutxiago.

· Jonek Mikelek baino 17 kilo gehiago pisatzen ditu.

· Pablo eta Mikelen pisuak bosten multiploak dira.

Zenbat pisatzen du jokalari bakoitzak?


11 comentarios:

  1. Guztira 353 kg dute, Mikelek 75, Xabik 86, Jonek 92 eta Pablok 100. Beraz, ez du alarmak joko, igogailuan errugbian hasten ez badira behintzat.

    ResponderEliminar
  2. OHARRA denontzat, saiatu nahi duzuen guztiontzat: igogailu barruan jokalariak ez dira errugbian jolasten hasiko ;·D Primeran Markos! Baina, jolasean hasiko balira zer gertatuko litzateke?

    ResponderEliminar
  3. Jokalari bakoitzaren pisuari lehenengo letraz deituko diot.

    4P>380
    5M<380

    M+17=J
    J-6=X, beraz, M+11=X
    X+14=P, beraz, M+25=P

    4P>380 -> 4(M+25)>380 -> 4M+100>380 -> M>70
    5M<380 -> M<76

    Beraz Mk 70 eta 76 artean dagoen bosten multiplo izan behar du. 75?

    Pablok 100 kg
    Jonek 92
    Xabik 86
    Mikelek 75

    Eta... bigarren galdera... ezin dela igogailu batean errugbian jolastu? Nahiko txikia da igogailua horrelako lau pertsona handi sartzeko. Gainera korrika egiten saiatzen badira, komeriak.

    Problema polita! Ea ondo egin dudan

    PD: Nik ere ez dut joan zaitezen nahi, esan nizun aurreko batean. Badirudi askok nabarituko dugula zure hutsa. Baita iruzkinik jarri ez dutenek ere! Kurtsoa amaitu bitartean zurekin egoteaz gozatu eta gero zuk irakatsitakoaz, hori da onena. Badakizu zer aurkitu nuen aurreko batean interneten? "Ardi beltza Urbiako larreetan", "Bake mezuaren garraiolari", "Argitasunez ihintzatutako gaua" eta beste hamaika ipuin. Uste duzu "Carmen" eta "Arraroa" ere irakurri ahalko ditudala? Pila gustatzen zaizkit zure hitzak, mila esker.

    ResponderEliminar
  4. Bikain Leire!

    Bai, nik ere ustekabea hartu nuen orain dela gutxi "aspaldi" idatzitako ipuinak interneten ikusi nituenean.

    Carmen, Arraroa, Tales... badakizu arratsalde bat zor diogula elkarri.

    Mila-mila esker bihotzez ;·)!!!

    ResponderEliminar
  5. Beste egunaren porrot egin ondoren, denbora behar izan dut burua konpontzeko. Baina hemen naukazu berriro, nire espekulazioa botatzeko prest.

    Datuen arabera, badakigu:

    Pablo eta Mikelen pisuen arteko ezberdintasuna 25 kilokoa dela (X = P-14 = J-6; J = M+17 = P-8; M = P-25).
    Pablok 95 kilo baino gehiago pisatzen dituela (380 = 95*4).
    Mikelek 76 kilo edo gutxiago pisatzen dituela (380 = 76*5).
    Hauen pisuak 5en multiploak direnez, Pablok behintzat 100 kilo pisatzen dituela eta Mikelek, gehienez ere 75 kilo.

    Pisu horien aldea 25 denez, Pablok 100 kilo pisatzen dituela, Jonek 92 kilo, Xabik 86 kilo eta Mikel txikiak 75 kilo.

    Ez dakit oker nabilenik, baina berdin zait, Reala Primeran baitago!!! Beti Reala!!! Aurrera txuri-urdinak!!!

    Irati, ea Realari bere toki naturalera itzultzeagatik zorionak ematen dizkiozun post polit batekin, olerki ta guzti ;-)

    Muxu pottolo bat!

    ResponderEliminar
  6. Arratsalde horren zain utziko nauzu! Txikitako ipuin horietakoren bat irakurri dut, zureak eta Ekaitzenak, guztiak oraindik ez. Zoragarriak, Irati.

    Sekretutxo bat irakurri nahi? Gaur norbaitek esal ahal zidan gauzari politena esan dit (bere hitzak). Zu bezalakoa naizela bota du gero. Nik agian egunen batean matematika irakasle ona izango naizela esan diot. Zuk egiten duzunaren erdia egitera iritxiko banintz noizbait...

    Eta, gaurkoa, tira. Hori baino askoz gehiago merezi duzu. Baina buru belarri ibili gara azken egunotan zerbait polita prestatzeko ahizpa, ni eta zure ikasle eta ez ikasle zoragarri horiek. Mila esker zuri.

    ResponderEliminar
  7. Niretik pittin bat gelditu bazaizu ni zoriontsu eta harro nago, beste guztia zurea da; zure gaztean izugarria da egiten ari zaren bidea.

    Ziur naiz urrutira iritsiko zarela, dagoeneko egunero-egunero eraikitzen ari baitzara zure ametsen bidea. Muxu bat!

    ResponderEliminar
  8. Oraingoan bai Alvaro! Ebazpena ederki azaldu duzu gainera!

    Erreala jejeje ;·P Ea biharko... denboratxo bat behar dut buruari pare bat buelta emateko. Ez da erraza izango, baina, saiatuko naiz zerbait idazten!

    ResponderEliminar
  9. Aupa Leire!

    Inori egin diezaiokezuen oparirik ederrena egin diozue gaur Iratiri, urtean zehar hitz, amets, ilusio eta harreman berrien bilgune izan den eskola-atarian luzaroan ahaztuko ez dugun emanaldi hunkigarria, bihotzetik bihotzera. Biolin, abesbatza, esker-hitz...guztia unearen neurrira. Baina ai, ai, ai txori txikiak belarrira xuxurlatu zizuna hain dotore helarazi diguzunean... Udaberria loratu didazu begi-ninietan, eta nik zure izena jarri diot edertasunari, heldutasunari, maitasunari. Nik ere izugarri somatuko dut Iratiren hutsunea, baina sentitzen hasterako aurkitu dut nork bete. Ezetz asmatu! Bai, zu zara! Ikasgelaz kanpoko jarduerak indartu eta ikasgelaz haragoko harremanetan sakontzea zen ikasturte hasierako gure erronka. Eta bai, lortu dugu, lortu dugunez. Badakit ikasturte hamaiera ez dela ikasturte hasieraz hitz egiteko garairik egokiena, baina buruari bihotza gailentzen zaionean... Ba horixe, gurean geratzen zaizkizun bi urteetan ea gure bideak ikasgela barruan ere gurutzatzeko ditxarik dugun. Nik ere asko baitut zugandik ikasteko. Goizetan nirekin eta arratsaldetan Irati eta biokin. Zer iruditzen? Badakit bestela nahiago zenukeela, baina heldu den urtean hala beharko du. Zoragarria zara Leire. Mila esker, zure ingurukoak zoriontsu egiteagatik. ASKATASUNAK LOTZEN GAITU!

    ResponderEliminar
  10. Ups!Bai, amaiera "h"rik gabe dela badakit, baina datorren ikasturte hasierako irrikak hasiera hitzaren "h"a amaieran jarrarazi dit. Barka hankasartzeaz ohartu zaretenok. Gainerakook segi zoriontsu!

    ResponderEliminar
  11. Aurten ikasgaietako programazioaren barruan ez zegoen hamaika gauza ikasi dut institutuan. Batzuk ikaskideengandik, beste batzuk irakasleengandik. Azken boladan hitz hunkigarri pila oparitu didate azken horiek gainera (oraintxe malkotan ditut begiak).

    Benetan atsegina izan da zuekin kantuan eta jotzen ibiltzea (datorren urtean dantzan ere bai, zin dagizut). Lehenengo mailakoekin erdi irakasle lanean hastera ere zuek bultzatu nauzue. Mila esker. Gero eta gogo handiagoa daukat irakasle izateko (zuei esker edo zuen erruz, hori noizbait ikasleak izatekotan haiek esan beharko dute).

    Oso gustora joango naiz datorren urtean zure "Testuetan sakontzen" klasera, Ekaitz, ea zerbait polita idaztea lortzen dudan. Arratsaldeetan Irati ikusteko aukerak ikaragarri poztuko nau (kontuak egiten ibili naiz eta momentuz 26 orduko egunak behar ditut... baina Iratirentzat badira aurkituko ditut tarteak).

    Bai, lortu duzue institutuaz zerbait bizia egitea, paper hotzetatik haratago joatea. Mila esker zuen lanagatik, zuengandik ikasteko aukeragatik eta baita guregandik zerbait ikasteko prest egoteagatik ere.

    Irati, orain Zizurren dagokie zu maitatzeko aukera. Muxu bat.

    ResponderEliminar