2011-03-14

HIRU ZUATZ ETA HAMALAU GARO


HITZA: ZU(H)ATZ

Pilatu. Malkoak pilatu, ezpainarteko hortzak, lo hartu gabe pasatako orduak, urtebetean zaharkitu zaizkigun mugikorrak, maitasun aitortzak, sorbalda gainera eroritako ileak, galdutako begiradak, lapurtutako usainak, gizentzeko astirik gabe puztutako zakar poltsak, ohe azpira eroritako txanponak, eman gabeko besarkadak. Pilatu. Begietara sartzen diren hauts pinportak pilatu. Bizitza begietara sartzen diren hauts pinporten pilaketa da. Zu(h)atz (batzuetan h-z ikusi dute, beste batzuetan h-rik gabe; hiztegi batuak ez du jasotzen. Ataundar bati entzun nion lehenengoz irratian, izaldar batek proposatu zidan atzo gaur blogean jartzeko) bat da bizitza. Garoa pilatu ordez, hauts pinportak pilatzen dituena. Zu(h)tzak makila darama erdian (belar metak ez du makilarik izaten, horratx ezberdintasuna); norbera bihurtzen da bere bizitzaren makila. Bakoitzaren lana, horixe: bizitzak pilatutako hauts guztiei eustea.



AFORISMOA: "Poesia zientzia zehatza da, geometria bezalaxe." (Gustave Flaubert)


Gaur Pi-ren eguna da (martxoaren 14a --> 3/14). Pi-ri buruzko poesia baten bila hasi eta honako esaldi eder hau topatu dut. Olerkia ere topatu dut, baina, euskaratuz gero, bere xarma galduko luke, olerkiko hitzek Pi-ren lehenengo 63 zifren neurri (silaba kpurua) bera baitute eta itzultzen hasiz gero... silaba kopurua aldatuko litzatek! Itzultzen ibili beharrik gabe, ea egunen batean halako zerbait sortzeko burua estutzen dudan!

"Poesia zientzia zehatza da, geometria bezalaxe."

Metafora baten irudiak bi zirkulu ditu eta zirkunferentzia bakarra. Errima bi zuzenkiren arteko angeluaren neurriaren parekoa izan daiteke; errimaren zikloek 435º-ko angelua dute. Zer egingo diogu... zikloa ez da beti hasierako puntu berera heltzen... Eta ezin zitekeen bestela izan, hiperbolek hiperbola erraldoien itxura dute. Anaforak zuzen paraleloen artean ezkutatzen dira; nork esan ote die geometria poesiarekin maitemindu dela... Gehiegizko zehaztasunak mundua hankaz gora jarriko duen beldur dira oraindik silabak kontatzen ikasi ez duten puntu ttikiak...


3 comentarios:

  1. Lehen, piñuik eta etzanian, garosaill aundixak zien basuan, mendiko garosaillak, denak, burdiñaratu eitten zien. Udazkeneko lana izaten zen, garotia.

    ResponderEliminar
  2. Ze hitz polittek... burdiñaratu... garotia...

    Nostalgiarako distantzie laburxeagoa deunok irudimena erabili behar izaten deu, halako irudiez gozatzeko...

    Mila esker argazkingatio!

    ResponderEliminar
  3. Ze garaiek, ze oroitzapenak... Baserriko hainbat lan taldean egiten ziren, hau da horietako bat: gurdia, idiak edo behiek uztartu, lera, segea, sardea, eskoarea, lau hortzetakoa... pronto jarri eta garoetara. Irudi batzuk ez dira inoiz ahazten eta , horietako bat hauxe da: aitte zana behetik sardearekin garoa ematen eta goien osaba Martin, neurriz txikia zelako edo, garo sortakada jaso eta ongi banatzen eta zirkuloa isten meteak kono itxura hartu arte. Ederra , benetan.Garo meta, zuatza... hau udazkenean izaten zen, azaro pare horretan.Eskerrikasko Irati gaaurko hitzengatik, idazten izan naizen bitartean irrifartxoa izan det ezpain artean.

    ResponderEliminar