2011-03-11

EGIN APUSTU ZURE BURUARI! (XXII)


Ez, ez, problema ongi ebatzi ezean, ez dago hozka egiterik!


Orain dela hiru asteko problema egiten ari zela ikasle bat hurbildu eta problema ongi ebatziz gero saritzat gazta bat oparitu behar banion bera ez zihoala problemarik egitera esan zidan. Ez omen zaio gazta gustatzen! Harekin pentsatuta ekarri dut gaurko problema. Txokolatea gustatuko ote zaio!


Txokolate tableta bat hogeita zortzi ontzaz osatua dago; hogeita zortzi ontza horiek 7x4 tamainako errektangelu bat osatzen dute. Txokolate tableta bi zatitan puskatuko (txokolateak "klak" egiten du... puskatu orduan?) dugu, ebaketa (ebaketa? Ez bagara ebakitzen ari...) bertikalki nahiz horizontalki (ez dio axola! Edo bai... tentazioaren arabera...) eginez. Bi zatietako bat (edo bi pusketetako bat?) hartu eta hortik beste bi pusketa egingo ditugu... Noiz arte? Ontza bakoitza bananduta gelditzen den arte... zer? Ez duzula ontzen arteko arrakala errespetatu? Hasi orduan esperimentuarekin berriro... ontza bakoitza bananduta gelditu arte.


Galdera honakoa da (harrapatu zaitut, tripontzi hori! Oraindik galdera egiteko eta zu dagoeneko txokolate guztia ahoratuta...) : nola egin behar ditugu ebaketak, ahalik eta ebaketa gutxien egin eta ontza guztiak bananduta gelditzeko?


On egin!


No hay comentarios:

Publicar un comentario