2011-03-29

ITAKA (Pello Añorga_2011-3-26)



"Aitak lo hartu zuenean, alaba begira gelditu zitzaion. Printzesak zituen aitak betileetan kateaturik; printzesak eta otsoak, hegan egiten zuten kattagorriak eta elkarri sekretuak lapurtzen zizkioten mamuak. Aitak lo hartu zuenean, alabaren eskuak aitarenean bilduta jarraitzen zuen. Iluntasunari begiradak jostea, ez zuen alabak beste entretenimendurik aitak lo hartzen zuenean. Eta aita kontatzen ari zitzaion ipuinari amaiera asmatzea.

Orduko hartan, ordea, ez zitzaion ezer otu. Saiatu zen, nola saiatu gainera, printzesei hegan eginarazten eta otsoak mamuen lagun egiten eta kattagorrien sekretuak ezagutzen eta irudimenari korapiloak lotzen. Saiatu zen, baina, ezin. Eta aitak lo jarraitzen zuen; eta alabak begira. Harik eta aspaldian buruan zerabilenak belarri atzean berriro hozka egin zion arte. Urtebete zeraman gauero-gauero kontatzen zizkion ipuinak aitak non ekartzen ote zizkion pentsatzen. Eta ahalegintzea erabaki zuen. Esku ttikiari tira egin eta... aita esnatu egin zen, ordea. Eta urtebete pasa da berriro, eta alabari oraindik belarri atzean hozka egiten dio buruan darabilenak. Oraindik ez du eskua aitaren galtzetako poltsikoan sartzea lortu. Gauero-gauero kontatzen dizkion ipuinak aitak poltsikoan ekartzen dizkiola uste du alabak. "


Pello Añorga -> Eta une batez pentsatu nuen ume izan nahi nuela berriro, eta begiak atera ziezazkidala nahi nuela. Hogeita bost bat urte daramatza ipuinak kontatzen eta idazten. Irudimenari tira egin eta irudimena oparitzen. Berari irakurri diot kontatzea dela areago entzutea. Kontatzea dela usaina aditzea. Kontatzea dela amildegira lerratzea, sentitzen duzulako hazi batek lur hartu behar duela oraindik existitzen ez den lurrean. Kontatzea dela isiltasuna esperimentatzea. Kontatzea dela elkar berotzea. Kontatzea dela eguneroko errautsetatik su haziak distira egitea. Kontatzea dela areago ikustea. Kontatzea dela ez kontatzea. Berari irakurri diot. Oiartzuarra da. Ipuin kontalari aparta.

Pello Añorga Itakan izan genuen larunbat goizean eta eki, eki, eki, eki, eki... esku ahurrean lore bat zigun ireki... eta eki, eki, eki, eki, eki... pasatu genuen ederki... eta eki, eki, eki, eki, eki larunbateko saioa gogoan izango dugu beti ;-) , jolas egiten irakatsi zigulako Pellok.

Eta gainera, Patxi Ezkiagak infinituaz eta eternitateaz, eta itsasoaz eta espazioaz hitz egin zigun; eta Joxe Goikoetxeak amaraunean zintzilik jarri gintuen; eta Doltza Barandiaranek izerditan blai utzi gintuen Gasteizerainoko joan-etorri tentsioz betean; eta Ane Muruamendiarazek barruko korapiloei tira egin zien eta Juan Ibañezek Lisboara eraman gintuen José Saramagoren itzalari jarraituz, "Lisboako Setioaren Historia" liburua aurkeztu zigun; eta Ekaitzek amaieran ongi etorria eman zigun Xabier Solanoren ahotsa dantzan jarriz. Gozatu, gozatzeko moduko kanta ("Gogoak") alaia sortu du-eta Esne Beltza taldeak.

Oroimenean txoko txiki berri bat egingo diogu larunbateko saioari. Osatzen ari garen puzzle ederreko pieza eder bat gehiago. Entzun nahi izanez gero egin koxk!... eta saltoka entzun eta gogoan ez ezik ordenagailuan jaso nahi izanez gero http://blip.tv/file/get/Irati-ItakaPelloAorga_2011328284.mp3


3 comentarios:

  1. Oso saio ederra, Pello Añorgari egindako elkarrizketa mamitsua eta dotore eramandakoa. Esne Beltzaren kanta, mundiala.

    ResponderEliminar
  2. Ederra izan zen bai, Naiara. Kontu asko ikasi dizkiogu Pellori!

    ResponderEliminar
  3. Bai, Pello Añorga ikastetxetik ezagutzen det, ze erreztasuna umeak eta ez hain umeak geranok harrapatzeko; ikuskizuna handia eta entzuteko ederra eskeintzen duena.Elkarrizketa, Naiarak dion bezala, mamitsua eta ederra.Zorionak Irati, Ekaitz eta parte hartzen duzuen guztiak.

    ResponderEliminar