2011-03-22

UZTURRE (730 m)





Gainean eramaten dudan koadernotxoa goizean kantari hasi zait. Ez da lan nekeza izan kantuaren jatorria topatzea; kantuan ez ezik dantzan ere hasten zaizkit koadernotxoko orriak, batez ere ertza berdez margotua dutenak. Mendi gainetan utzitako bertsoak kopiatzen ditut berde koloreko orrietan. Azkena Uzturre gainari eskaini dio(gu)t, bi aste joan dira ihesi ordutik; elurra ordukoa da eta argazkiari nabari zaion mozorro usaina ere bai. Izaskundik (Tolosa) gora, hankak pittin bat astintzeko aukera polita eskaintzen dute Uzturre eta inguruek. Urteak azkenekoz joan nintzenetik...

Gustura utzi genuen harripean bertsoa... postontzirik ezean... nolabait moldatu ginen...


Goizean goiztar egunsentiko
eguzki izpiak urre,
guk iñauteri astelehenean
egin nahi genizun aurre,
alderik alde zelai-soroak
itsasoa ere hurre,
Larraul, Alkiza, Tolosa eta
Hernialde aurrez aurre,
mozorro eta mozorro gabe
ederra zara Uzturre.


... eta gustura jaso genuen bueltan erantzuna...

Tarteka postaz, etxean jasotzen ditut bertso erantzunak; ilusioa egiten du, izugarri, Uzturretik, Beriaindik, Adarratik, Hiru Erregeen Mahaitik, Txindokitik, Aizkorritik, Anbototik, Izaspitik... bueltan mezuak jasotzeak. Tarteka e-mailak ere jasotzen ditut. Azkena Uzturretik... sortzen den harremanaren lekuko "nkn"-ri ea bere mezua argitaratu nezakeen galdetu nion... eta hara!

"Keai:
Atzo idatzi behar nizun, baina...
Uzturren ikusi genuen zure oharra, polita jokabidea.
Bi gauzak txokatuta idazten dizut: Bat Irati Goikoetxea ezaguna egin zitzaigula batetik.
Eta bestetik, bertsoan aipatzen ez zenuen Anoetatik ari naizela.
Goiez goi aritu zinen begira aidanez. Behean ikusten ziren bi herriak, ibaiak banatuta, Anoeta eta Irura dira.

Oharra han bertan utzi genuen, ea beste norbaitek ere idazten dizun.
Egunen batean, aurrez aurre topo egindakoan, gogora araziko dizut Uzturrekoa.
Egunotako batean kasualitatez, edo urteren batean nonbait, edo mende honetan non edo non...

Ondo izan, eta segi halako oharrak goietan jartzen. Behin gora iritsitakoan, iristeak ematen duen pozaz gain, oharrak beste bat ematen du.

nkn"


Eta to ikasgaia. Anoeta, Irura... harreman berriak sortzeak hori dakarrelako, ikasgai berrien amarauna sendotzea... Mila esker, nkn! Egunotako batean kasualitatez...


9 comentarios:

  1. Polita izan behar du , bai, mendi gainera iritsi, eta, halako oparitxo eder batekin topo egitea. Bertso ederra, ondo josia eta ondo jantzia. Bersarkada bero bat, bikote.

    ResponderEliminar
  2. Ederra da, bai! Niri ere izugarri gustatzen zait beste norbaitek utzitako idatziren bat, esaldiren bat jasotzea.

    Lehen mezua, orain dela zortzi bat urte, Anie gainean utzi nuen eta bueltan... eskura ekarri zidan mezua jaso zuenak! Ikaskide izan nuen mutil batek jasoa... kasualitate polita!

    Bertsoena azken bi udatako kontua da eta bilduma polita gelditzen ari dela uste dut...

    Besarkada estu bat zuri ere!

    ResponderEliminar
  3. Ez dakit, baina, ederra izan behar du , bai, mendi gainera iritsi eta halako opari polit batekin topo egitea, nekea goxatzeko modu berazia eta aproposa.Ia, bada, egunen batean elkar hartzen dugun, izugarri gustatuko litzaidake.

    ResponderEliminar
  4. Aupa Irati: Biok, Ekaitz eta zu, Mendi gora zeatenean, nork heltzen dio bertsoari? Noiz heltzen diozue? Behin bertsoa bukatuta, kantatzeko ohiturarik badezue? Txalorik izate al da? Barkatu, baina, momentua modu birtualean besterik ez bada ere, bizi nahiko nuke. Mila esker eta segi horrela, gozatzen eta goza arazten.

    ResponderEliminar
  5. Ea ba, Miren, ibilian-ibilian... nork jakin! Mendiak sorpresa asko oparitzen ditu!

    Modu birtualean momentua bizi... ea Mikel... imajinazio pixka batekin... Ekaitz etortzen ez denetan ezinbestean nik heltzen diot bertsoari, gustura egiten dut; baina, Ekaitz etortzen denetan... pisurik handiena beregain uzten dut erraztasun handiagoa duelako (ez, bertso ederragoak egiten dituelako ;-P), baina, nik ere laguntzen diot.

    Gero txukun-txukun idatzi eta postontzian barrura... hori bai, aitari fundamentuz kantatu ondoren. Horretarako ere eskertzen dut Ekaitz alboan izatea... nire aldean zoragarri kantatzen duelako.

    ... eta txaloak falta! Baina, txaloak bezain ederrak dira ondoren jasotzen ditugun erantzunak.

    Horrelaxe ibiltzen gara, Mikel! Muxu bat!

    ResponderEliminar
  6. joe ze ideia ona nik igual poematxo bat utziko det ideia oso ona da , irati musu pila

    ResponderEliminar
  7. Ea ba, ttonttorrak aukeran badituzu... Izaspi, Irimo, Beloki... ea nik Gorkak sinatutako poema-bertsoa noiz topatzen dudan! Gustura erantzungo dizut! Asteburu on!

    ResponderEliminar
  8. Kaixo Irati... Emeterio Arresek idatzitako hau ezin ahaztu Uzturren gaudela. Besarkada bat.

    Atsegin ezti gozo-gozoa
    bord'inguru xakonean
    egarriyaren asekai dagon
    iturritxo gardenean.
    Kezka larriei ateak itxi,
    uxatu guzik batean,
    maiztar illunik ez izan iñoiz
    nere biotz barrenean.
    Ixil osoa... Iñoren zantzu
    gaiztorik ez beñere an,
    ametsak lagun, amets egin, bai
    ¡amets!... mendi magalean.
    Ori nai nuke, ezerez geigo
    bizi naizen bitartean.
    Gero... ezurrak arri biyurtu
    Uzturre-mendi gañean,
    ta ni naizen au betiro bizi...
    oztiñ eder zabalean.

    EMETERIO ARRESE
    (Tolosa -Gipuzkoa-, 1869/03/03 - 1954/04/07).

    ResponderEliminar
  9. Mila esker Jonmikel, opari ederra egin diguzu!

    Ongi etorri txoko txiki honetara! Hemendik bueltan sumatu nahi zintuzket aurrera ere! Muxu bat!

    ResponderEliminar