2011-05-31

GORRITASUN TXIRIKORDATUAK


HITZA: TXIRIKORDA


Haurtzaindegian Loinaz zaintzaileak jartzen zizkidan zaldiak ilean saltoka, mototsa zenbat eta altuago zaldiek orduan eta salto handiagoak egiten zituztela sinesten nuen nik. Beti gustatu izan zait zaldiak saltoka (ia hegan) ikustea, horregatik (tiradizoei mutu) ile artean lasai uzten nituen Loinazen eskuak jolasean.

Amak txirikordak egiten zizkidan, au! eta au! artean. Baina, ezin esan gabe utzi ile korapilo haien erdian artelan politak egiten zizkidala. Zorri txikientzako labirinto ederrak!


Orain nahigabe txirikordatzen zait ilea, ez dut umetan amak gauero-gauro orrazten ninduenean izaten zuen pazientziarik.

Lehen zaldiak eta orain zaldien oroitzapenak, lehen artelanak eta orain artelan haien oroitzapenak txirikordatzen zaizkit ile artean.

Aspaldian bizitza nire baitan nola txirikordatu asmatu nahian nabil, eta gehienetan ahaztu egiten zait bizitza bera dela bere baitan txirikordatzen nauena.







AFORISMOA: "Masail gorrituak lotsaren izerdi tantek bustitako putzuak dira"


Ez dakit masailak gorritzen zaizkigunoi begira daudenek zer pentsatzen ote duten. Ez dakit gure putzuan inork igeri egiten asmatzen ote duen.

Ez dakit, esango nuke lotsa flotagailu bihurtzen dugula masailak gorritzen zaizkigunok.

Ez dakit sendagileren batek masail gorrituentzako sendagairik asmatuko ote duen. Ez dakit masail gorrituentzako sendagairik nahiko nukeen ere.

Masailak gorritzen zaizkigunok (zaizkidan honek) ispiluak eramaten ditugu aurpegian.


2 comentarios:

  1. Gaurko aforismoa ere , bikaina. Ni ere gorritzen den horietakoa naiz, edo hobeto pentsatzen jarrita, nik uste dut beti gorrituta nagoela, kolore gorriarekin ba dudala halako pasioa: lotsa, beroa, beldurra, nahia...nork jakin; orain ere, hau idazten ari naizela, halaxe somatzen ditut nire masailak.

    ResponderEliminar
  2. Ez da egia izango, Pablo! Ni ere gorritu egin nauzu! ;-) Barrua bizirik dagoen seinale! Ni behintzat ez naiz lotsatzen lotsatzeaz... Halere, esango nuke, lotsatzen naizen guztietan gorritzen naizen arren, gorritzen naizen guztietan ez naizela lotsatua sentitzen. Beste misterio bat! Muxu bat!

    ResponderEliminar