2011-06-02

AMA


Ez, oraindik ez. Aita noiz aitonduko dudan zain dagoen arren, ez, ez dut uste oraindik ama izateko garaia denik. Uste diot... ez baitakit oso ongi amatasun deia bereizteko gai ote naizen. Ez dit inork, ez eskolan eta ezta unibertsitatean ere, amatasunaz kontu askorik irakatsi. Sentitu edo entzun edo piztu edo esnatu egiten omen da... amatasunaren ez dakit zer. Baina, ez dakit iratzargailuari, ateko txirrinari edo telefono-deiren bati egin beharko diodan kasu. Ai! Telefono mugikorrik gabe ibiltzen garen koitaduok! Ez ote digu dei galduren batek ihes egingo...

Berrogeita hamaika zentimetro amaren altzoan. Kixkurtuta. Besarteko beroari tiraka. Metro bat eta laurogei zentimetrorekin ere hala jarraitzen dugu, altzoan. Pixka bat (puska bat) kixkurtuago, hori bai. Besarteko beroari tiraka, halere. Hor zaudelako. Gaur ere, esnatzean pentsamenduak zugana eraman nauelako. Mugikorrik existitzen ez zen garai hartan poltsikoan (poltsikoan?) zeozerk tira egin zizulako. Ez duzu inoiz jakin, ordea, tira eginez zebilena ni nintzela. Gaur badakizu. Urte askotarako!


2 comentarios:

  1. Ederrak zure hitzak, Irati. Idatzi guztietan benetakotasuna islatzen duzu. Eta halako hitzen jabe dena, bera ere benetakoa da, dudarik ez.

    ResponderEliminar
  2. Mila esker kilker, benekotasun horren isla izateagatik.

    Udako gau izartsu batean baserriko leihoa zabaldu eta badakizu zure kilker doinuen aldamenean afaldu nahiko nukeela... bitartean... muxu potolo bat!

    ResponderEliminar