2011-05-18

ITAKA (Ur Apalategi_2011-5-14)






Liburuek ere ikasi egin behar izaten dute. Adibidez, igeri egiten. Neskato bat ikusi nuen behin igerileku batean, urpean, eserita liburu bat irakurtzen. Udaberria zen, udako egun zoroen itzalean biluzten diren udaberriko goiz zoro bat hura ere. Eta ni ere urpean, zoro-zoro, eskuetan liburu bat zuen neskatoari begira. Eta ni ere urpean, zoro-zoro, ia itoan,

Liburuek ere ikasi egin behar izaten dute. Adibidez, itotzen. Horregatik existitzen dira udaberriko goiz zoroetan urpean irakurtzen egoten diren neskatoak. Igerilekua eleberri bihurtzen da horrelakoetan, irudimenari ahoa zabaltzen dioten arrainen istorio-leku.

Liburuek ere ikasi egin behar izaten dute. Adibidez, urpetik ateratzeko tentazioari eusten. Izterrak dira liburuen flotagailuak. Fikzioa da itotzear diren liburuen arnas-bide bakarra.


Ur Apalategi -> Gauak guraizez moztu eta hirietan itsasten dituen idazlea, gure gauzak, bereak eta besteonak, sekretupetik askatzen dituen editorea, galtza motzak jantzi eta fikzioaren izterrak erakutsiz ikasleak seduzitzen dituen irakaslea, erdi-guneen bila dabilen poeta eta belaunaldi literarioak auzitan jarri dituen ikertzailea. Paris, Segura Donibane-Garazi, larunbat goizean igerian Ur Apalategirekin batera egin genuen bidea.


"Honaino iritsi zaren hori... jakin ezazu honaino iritsi baldin bazara, hau da, nire izterra ikustera, ba... desiratua zarela. " Larunbatean Ur-ek bere izterrean tatuatu zuen esaldia.

"Heriotza irudikatzen dut... lanaren bukaera bezala, opor handiak, handi-handiak" To, Itakako uhartean Ur-ek utzi zuen perletako bat; solasaldi dirdiratsu batean harribitxi bat gehiago.


Ur Apalategiz gain, bisitan izan genituen Patxi Ezkiaga eta "Ama" -ri eginiko olerki eder bat, Joxe Goikoetxea uharkan igerian aritu zitzaigun, Manex Aranburuk paisaiarekin puzzleak egin zizkigun, Aimar Maizek "Lehengo Aztiri" liburua aurkeztu zigun eta Leire Alonsorekin Sormen Elkartrukeak proiektuaz aritu ginen hizketan. Azken dantza Goierriri begira egin genuen.

Eta hori gutxi ez eta...

lehiaketa jarri genuen martxan. Oparia: Ur Apalategik idatzi eta Susa argitaletxeak argitaratu duen "Fikzioaren izterrak" liburua, Beterriko Liburua Saria irabazi berri duena.

Egin beharrekoa...

Haiku bat idaztea (inoiz kontatu izan dizuet... hiru lerro, 5-7-5...). Gaia: Itaka, uharte galduak, itsasoa, ura, olatuak, bakardadea, mugimendua... Egitura errespetatuz gero, sormen lan guztiak balekoak izango dira... guztiak zakura... eta zozketa. Parte hartu nahi izanez gero... oraindik garaiz zabiltzate! Bidali lasai, nik leihoa zabalik izango dut: irati_goikoetxea@hotmail.com

Ekaitz eta biok larunbatean bertan irratsaioan ausartu ginen bat-baten bi eredu egiten. Hauxe atera zitzaiguna:

Ekaitzek...

Badut gogoa
uharte galdu bat
irabazteko


Iratik...

Bidea ahaztu
zure itsaso bakoitzak
harrapa nazan


Larunbateko saioa entzun nahi izanez gero... egin koxk! (gaur formatu ezberdinean) eta saioa jaitsi eta gorde nahi izanez gero... http://www.divshare.com/download/14868799-313

5 comentarios:

  1. Irratsaioa mamitsua eta ederra, oso ongi eramana, eta Ur gehiago eta hobeto ezagutzeko balio izan du. Fikzioaren izterrak irakurri dut eta oso gustora gelditu naiz.

    ResponderEliminar
  2. Haikuaren ideia oparia barne, oso ederra da, gaurkoan ez diot helduko, baina, aste bukaera, tarteko, zerbait asmatzen dedan. Urrei egindako elkarrizketa bikaina; Ekaitz, nire uste apalean, bizitza bete hustu, hustu bete, dialektikan jarri behar dela. Zoragarri, bikote.

    ResponderEliminar
  3. Aupa Irati: oso pozik heltzen diot zure blogari, eta baita, aspalditxo, zuen irratsaioari. Azkenekoa, Urrena, zoragarria; lehendik ezagutzen nuen, hainbat liburu irakurri dizkiot eta oso gustukoa dut.Segi horrela!

    ResponderEliminar
  4. Izugarri maitte dut Itakako uhartea, zuen saioa. Zorionak Ur Beterriko sariarengatik, eta gu, irakurleok, hainbeste goza arazteagatik

    ResponderEliminar
  5. Eskerrik asko laukote!

    Mikel... haikuaren zain gelditzen naiz...

    Eta aurrera ere hor nahi zaituztet Itakara bidean igerian goazela eskua emanda...

    ResponderEliminar