2011-05-03

ITAKA (Igartza gune historikoa_2011-4-30)



"Oriaren alde banatan bi zaldizko, eta erdian zubia. Lanbroa ari du harri gainean eta hazita dator erreka, urduri, udaberriro bezala. Uraren xuxurlak beti ekartzen ditu albiste berriak. Uraren arrastoaren atzetik iristen dira zaldizkoak, beti atzetik, denborarik gabe bizi direla dirudi. Beti Erdi Aroan. Oriaren alde banatan bi zaldizko. Isiltasuna salduko liokeela egin dio oihu zaldi zuri dotorearen gainekoak besteari. Urrutitik dator beste zalduna. Aurpegi nekatua du. Zaldiak batez ere. Isiltasuna saldu, errepikatu dio berriro, errekaren murmurio-hotsa ere etengo lukeela esan dio. Eta harriak? galdetu dio nekatuta datorrenak. Isildu egin da bestea. Hori da bere isiltasuna.

Eta harriak hitz egiten hasi direnean, pauso bat aurrera eman du zaldi zuriak. Eta Erdi Arokoak ziruditen zaldunek denborari ezpata erakutsi baliote bezala, erreka gelditu egin da, isildu, eta historiaren aztarna mutua zubi gainean arrastoa idazten hasi da. Orduantxe eman du zaldi nekatuak ere pauso bat aurrera, orduantxe bakarrik, harrien distira Jauregiko leiho ttikien kristaletan islatu den unean.

Erreka ibilian dator aspaldian. Zubia ere hor dago. Eta zaldizkoak tarteka ere azaltzen omen dira, isiltasunak harri artean irrist egiten duenetan. Zubia zain dago, erreka ere bai, zaldian trostan noiz hasiko zain. "

Josetxo Imaz -> Pausoari aztarnak lotzen dizkio eta aztarnari begia jartzen dio. Jakin-mina eta jakintza elkartzen direnean, kontalari on bat ondoan esertzea bezalakorik ez dago. Ingurua du pasio, ikerkuntza jolas. Helburua jasotako ondarea bueltan itzultzea. Beasaindarra. Lagun handi bat.

Iban Mate -> Igartza gune historikoko Dolarea etxe ederrean jaio zen azken mutikoa. Lau izarreko hotel bihurtu dute orain etxea eta Iban da Arantxa emaztearekin batera hotelaren arduradun nagusia. Arduradun nagusi eta bertako sukaldaria. Sukaldari aparta da Iban; sukaldeko sekretu txikiak kontatzen hasi zaidanetik lagun handi egin dudana ;).


Biekin hizketan aritu ginen larunbateko saioan, Igartza multzo historikoaz, Dolareaz, Dolarea hotelaz... ederki pasa genuen, pentsa, goseak hazka egin zigunerako Idiazabalgo gaztarekin egindako entsalada eder bat estudioko mahai gainean genuen! Mila esker bikote!

Saioari beti bezala Patxi Ezkiagaren olerki eder batekin eman genion hasiera eta Ekaitzek Uxue Apaolazak azken Igartza Bekarekin plazaratu duen Mea Culpa liburua aurkeztu zigun. Azken kanta (Imuntzo eta Belokiren Lazkanoren amona abestia) Amona Prudentxiri eskaini genion, San Prudentzio egunean 89 urte bete dituen gure amonari! Muxu potolo-potolo bat amona!

Saioa entzun nahi izanez gero egin koxk! Eta zuentzat jaso eta saltoka-saltoka entzun nahi baduzue... http://blip.tv/file/get/Irati-IgartzaGuneHistorikoa_2011430882.mp3


4 comentarios:

  1. Beasaindarra izanda ,bereziki, eskertzen dizuet Igartza inguruko uhin bitarteko dokumentu hau, benetan ederra. Zalantzarik ez, harro egon gintezke, eta gaude, beasaindar guztiok gune historiko honen berreskuratze lanekin, txalogarria, guztiz.

    ResponderEliminar
  2. Jon, edonori gonbita luzatuko diogu, ezta? Zer ikusia izango duzue, Beasainen ateak zabalik topatuko dituzue!

    ResponderEliminar
  3. Aztarna gutxi izanda ere, dagoena oso ongi tratatu eta kudeatzen ari dira, usain zaharrak historia bilakatzeko. Lan bikaina.

    ResponderEliminar
  4. Bai, Igartza konplejoak zahar usaina dario eta hori oso gustukoa dut.Irratsaio bikaina, oso gustura entzun dut.

    ResponderEliminar