Polita da 2014an 2013ko Iparragirre sariak banatzea. Polita da 2013an idatziak 2014an liburu panpox batean bilduak ikustea. Polita da 2013an itsu-itsuan epaitutako lanen egileen aurpegiak 2014an ezagutzea. Polita da 2013an hausnartutakoak 2014an kontatzea. Polita da 2013an bakarka egindako lana 2014an talde argazki bihurtzea.
Bi deialdi daramatzat Iparragirre sarietan epaimahai gisa lanean; bi deialdi esperientzi aberasgarri honetaz gozatzen; bi deialdi ikasten, hazten, hezten, jakin-minari hazka egiten, beste behin zorionekoa naizela konturatzen. Bi deialdi Patxi Ezkiaga idazle handiarekin batera ilusio zipriztinak irakurtzen.
Otsailaren 21ean banatu ziren 2013ko Iparragirre sariak. Eredugarria da Urretxu eta Zumarragako udalek elkarrekin kulturaren alde egiten duten apustua, eredugarria Felix Marañak sariketari oparitzen dion goxotasuna eta mimoa, eta Bermingham argitaletxeak saritutako lanak liburu eder batean argitaratzeko egiten duen ahalegina.
Iparragirre abila zela askori diot entzuna; Iparragirre sariak ere bereziak direla askori diot entzuna, mahai horren bueltan esertzeko zortea izan dugun guztiei diet entzuna. Horrek esan nahi du zerbait; horrek esan nahi du asko.
Aurtengo lan sarituengatik zorionak Alex, Mikel, Dario, Alberto, Aitor eta Iñigori!
2014ko otsailaren 21ean Urretxuko Udaletxean |
Polita da. Polita da eguerdiko txirrina hotsean ahizparen matematika irakasleak mintegi parean harrapatzea. Polita da institutuko matematika mintegia izatea literatur gehien gordetzen duena. Polita da liburua ireki eta boligrafoz marraztutako trena ikustea lehen orrian, inpernura edo, Italiara edo. Polita da sinestea behin topatutako ke irudiak berriz ere topatzen direla, eta horretarako gogoz izatea. Polita da geometria projektiboa, tarteka planoko zuzen paraleloek elkar ebakitzen asmatzea. Polita da literatur lehiaketa bat hurbil sentitzen duzun lehen aldia. Polita da matematika mintegi parean hurbil sentitutako literatur lehiaketek txikitan ama lagundutako igande goizak gogoraraztea. Polita da egongelako jolasa: sofan neskato bat ordenagailua hanketan, azken poema sorta txukuntzen ari da, urduri, bidaltzeko data heltzear baitago. Leiho pareko mahaian emakume bat orri pila baten aurrean, gutxi falta da irabazleak aukeratzeko egunerako eta denak irakurri behar ditu.
ResponderEliminarIparragirrek hurbildu ninduen literatur lehiaketetara, literatur lehiaketazale eta irakurle izatera bultzatu. Polita izan zen, polita izan zen trenean igotzea nora ote zijoan jakin gabe.
Elkar ebakitzen duten bi muxu paralelo.
Ai, Miru, Miru... harrapatzen bahaut!
ResponderEliminarIa zorabiatu naun geometria projektiboaren korapiloetan!
Zenbateko distantzia dago elkar ebakitzen duten bi muxu paraleloren artean? Galdetu iezaien nire ikasleei!