Euskalerria Irratirako astearterako prestaturiko irrintzia:
BIZI DANTZA dio Pirritx, Porrotx eta Marimototsen
azken diskoak. Porrotxek bidali zion opari Elederri urtebetetze egunean.
Hilabete darama gure etxean eta honezkero buruz dakizkit kantu guztiak.
Gaur ez da
ostadarrik agertu zeruan, baina kolorez bete da mundua dio kantu sarrera batek. Nork kendu dio kolore gorria ortzadarrari
galdetzen du Leire Bilbao letragileak dotore, eta ez dakit, etxeko apaletan
mozorrotarako sudur gorri bat aurkitu dut eta ez dakit ostadarraren gorria ez
ote dabilen gure etxeko zoko-mokoetan. Kendu, ordea, ez diogu ezer kendu
ostadarrari, izatekotan beste norabait joan behar eta gurean sartuko zen
kukuka. Eta guk tokia egin, sudurrari, gorriari eta ostadarrari.
Dantza doinuak kantu eta kantuak dantza doinu
bihurtu ditu proiektu berriak gorputz eta mingainak mugitzeko gonbita luzatuz.
Baina dantzak bizia izango bada plazak behar ditu eta bizitzak dantza egingo
badu plazak behar ditu. Plaza anitzak. Plaza koloretsuak. Eta plaza irekiak.
Ama hitzkuntza euskara dutenek ere, Iruñean ere,
berdintasun, aniztasun, adiskidetasun, eskuzabaltasun, maitasun baloreen
erritmoan, euskaraz ere, dantza egin nahi dute. Ama hizkuntza euskara ez, baina
euskara dakitenek ere, Iruñean ere, berdintasun, aniztasun, adiskidetasun,
eskuzabaltasun, maitasun baloreen erritmoan, euskaraz ere, dantza egin nahi
dute. Eta ama hizkuntza euskara ez, eta euskararik oraindik ez dakitenek ere,
Iruñean ere, berdintasun, aniztasun, adiskidetasun, eskuzabaltasun, maitasun
baloreen erritmoan, euskaraz ere, dantza egin nahi dute.
Etxeko sudur gorria hartu eta kalean utzi dut. Ea
nork hartzen duen!
Audioa: https://euskalerriairratia.eus/komunitatea/IratiGoikoetxea/1574780525475-irati-goikoetxea-aza26-2019
No hay comentarios:
Publicar un comentario