2019-10-28

URTE ASKOTARAKO, ELEDER!

Pottorron gurea! 

Hori da hori, amatxo, eskutitza hasteko modua! Baina, nola hasi gure artekoa etenik gabeko emana izaten bada: isiltzen ez diren solasak, bukatzen ez diren jolasak, aspertzen ez diren bihurrikeriak... Segundo bakoitza bizitza oso bat da zure ondoan. Hiru urte. Bai, gaur hiru urte. Gaur eskerrak emateko nago; eskerrak, hiru aldiz gutxienez. Hain txikia izanik amatxoren onena balioan jarri eta zure egiteko gaitasuna duzulako, eskerrik asko maittea. Ipuinak irudimen eta irudimena errealitate bihurtuz ingurua gozarazten duzulako, eskerrik asko bihotza. Eta konplizitateagatik, hurbiltasunagatik, esku txiki horiengatik, eskerrik asko Eleder. 

Aurreko bi urteak zoragarriak izan dira. Hau ikaragarria izan da. Zer den zurekin ordutan eta ordutan isildu gabe hizketan aritzea; plazera. Zer den inoiz esperoko ez nituzkeen zure erantzunen galderak ere zuk zeuk asmatzea; plazera. Zer den nire baitako ume txikia zure lagunik onena dela sentitzea; plazera.

Hiru urte. Ikasi duzu kantuak bereizten, ikasi duzu kantuak abesten, ikasi duzu kantuak sortzen, ipuinak kontatzen dizkiguzu, mendirako eta baso guneetarako grina piztu zaizu, salto egiten duzu hankekin, buruarekin eta bihotzarekin, harrigarrikiro ikasi duzu pixa eta kaka noiz, non eta nola egin nahi duzun bereizten, gozatu egiten duzu txirrindu gainean, trenarena egiten eta hogei borobileko eguzkiak marrazten. Hiru urte eta mundu bat zure baitan. 

O baserritxo osorik kantatzen duzu eta Haizeak bidali du... Eta autoan itsasontziaren kanta eta Ekaitzen kanta eskatzen dituzu. Atzo ez bat eta ez bi, aho-soinua jotzen ikasi zenuen. Zure ondoan gure bihotzek dantza baino ez dute egiten. 

Ez dago gauza ederragorik, goizean goiz esnatu, elkarrekin gosaldu, elkarri eguna zabaldu eta barruak lehertu beharrean barrez, zu txirrinduan eta ni korrika, eskolara joatea baino. Horretan ere ikasi duzu, eskola goxatzen eta eskola ilusio bihurtzen. Ez dago gauza ederragorik, oraindik ere, hozkaka jaten duzun titia kale, etxe, kotxe, ohe, parke, liburutegietan... zuretzako agerian jartzea baino. Zuk nahi duzun arte, txiki. Ez dago gauak, oraindik ere, zurekin partekatzea baino ederragorik, begien loan, gauerdian, zerbaiti, auskalo zeri barrezka ari zarela somatzea. Hau sekretua: zure barreak izarapean gorde eta nire oinen inurri-kilimak bihurtzen ditut. 

Badakizu, zer? Hau ere sekretua: gauero egunean zehar zurekin bizitako une bakoitza oroimenean izozten dut eta hori da lo zauden bitartean kontatu eta kontatu egiten dizudan ipuina. 

"Amatxo bat eta bakarra munduan!" esaten didazu. Bat hori zuk aurkitu beharra ere! Zortekoa ni!

Susmoa banuen hala izango zela, baina ederra da, ederra da oso zure ama izatea.

Txindokiko puntan ohea jarri eta bertan egingo omen dugu lo biok. Horixe egunotan bion artean adostu duguna. Lortuko dugu. E! Irudimenarekin! E! Saiatuz! Bai, horixe!

ESKERRIK ASKO, ikaragarria zara eta ikaragarria egiten nauzu.

Hiru urteko zure amatxo, Irati. 


No hay comentarios:

Publicar un comentario