2011-04-23

AIZKORRI (1528 m)-ELURTZULO (1430 m)-ARATZ(1446 m)




Zalantzak berarekin ekartzen dituen opariak... Hasierako asmoa Aizkorri igo eta jaistea zen. Aizkorriko gainean erabaki dugu ohiko bidetik jaitsi ordez, eta Urbiako buelta luzetxo egingo zitzaigula iritzita, Oltza aldera jaistea. Txabolagune ederra da Oltzakoa, ez dut uste inoiz bertaratu garenik (beti zuzenean Urbia aldera egin izan dugu) eta aukera polita iruditu zaigu gure ibilia luzatuz bertaratzea. Baina, beherakoan asmatu ez, eta bidegurutzeak ihes egin digula ohartzean (bidegurutzeak ihesbide), erabakia braustakoan hartu dugu... goazen Aratza! Aspaldiko urteetan egon gabea, oso gustura heldu diot gorako bideari. Aizkorrin utzi ez dudan bertsoaren arantzari tira egitea nuen helburu, eta goiza hobeto zukutzea, eta Arabako lautadari begia luzatzea, eta bidean berriro Kukua kantari harrapatzea, eta... jolas berri baten arrastoa harkaitz artean uztea. Espero ez nuena... Aratza bidean Elurtzulorekin topo egitea.



Laino artean eguzki printza
masailetan irristari,
pago gerriak besarkatuaz
naturak jarri nau adi,
Kuku kantuak ezkututikan
ipini gaitu dantzari,
Aizkorri gainai muxu emanda
Aratz zugana kantari,
maitasun grima hartzen baitiot
zure besoarteari.


Bertsoarekin arantzari tira egin diot, Arabako lautadari begia luzatu diot, Aratz gainean Kukuak berriro egin dit ku-ku eta... bai, jolas berri bati hasiera ere eman diogu. Bizitza jolas bihurtzen saiatzen garelako, uneoroko gozamen. Bi paper zati utzi ditut Aratz gaineko postontzian; bat bertsoarekin eta bestea bertso puntu batekin. Eta hortxe jolasa... bertso puntua erantzuten duenari liburu bat oparituko diot. Badakizue, mendi zoragarri bat ezagutu eta bertsoari heltzen badiozue... zain izango nauzue...

"Berriro itzuliko
al zara Aratza?
.........................
........................."


4 comentarios:

  1. ze bista zoragarrik nik lehen bi mila ea joaten garen hirurok elkarrekin badakizu irati laister beitia aurten bai eeee animo oporrak jeee

    ResponderEliminar
  2. Zorionak Gorka! Estreinaldi polita...Alamos...leku zoragarria da; nik ez dut gaina ezagutzen baina... zer moduz ipurdi-masail-izterrak? ;)

    Beitia bai, ea aurten hutsik egiten ez diogun!
    Muxu bat txapeldun!

    ResponderEliminar
  3. Opor hauetan ere mendi bidaiari ibili zara, zalantzarik ez, paraje ederrak eskeintzen ditu Aizkorrik. Urte sasoi hau zoragarria da edozein mendi edo baso bazterretan sartzeko. Ni ere izan naiz Ezkaurre eta Izarraitzen. Bertso ideia zoragarria iruditzen zait, ia egunen batean topo egiten dudan zure bertsoren batekin, ederra litzateke.

    ResponderEliminar
  4. Hasi ba entrenatzen, Aitor. Dagoeneko hiru bertso puntu dantzan dabiltza eta hiru mendi-tontor ezberdinetan! Badakizu, animatzen bazara ni dantzarako prest!

    ResponderEliminar