25 minutu. Tentsio pittin bat. Begirada dirdiraz beteak. Bost irribarre eta laurden. Algara txikiak. Haserraldi puskatu bat. Proposamen bat baino gehiago. 25 minutu... nahikoa izan zen apenas ezagutzen nuen insittutuko ikasle bat lagun egiteko. Jarritako hezkuntza neurriarengatik (zigorrak neurri bihurtu dira, neurria zein unitatetan neurtu behar den erabakitzen izaten ditugu komeriak orain!) haserre hurbildu zitzaidan. Eta hitz egin genuen. 25 minutuz. 25 mintutan idatzi zidan bere etorkizunaren tesia. Idatzi, ahoz. Ongi, kezkati, zentzuz, koherente, kritiko, indartsu... hamazazpi urteko mutiko batek egin behar duen eran. Pozik bukatu genuen hizketaldia. Eta proposamena luzatu nion: esan dizkidazunak zergatik ez dituzu ipuin batean biltzen? Hortxe duzu aitzakia polita: institutuko literatur lehiaketa.
Apirilaren 24a. Institutuko Lengua eta Literatura Mintegiak literatur lehiaketaren sari banaketa antolatu du seigarren saiorako. Parte hartu duten guztiak (100 bat ikasle, bejondeizuela!) daude aretoan, tartean Aitor. Hiru hilabete pasa dira 25 minutuko hizketaldi hartatik. Hiru hilabete bizitza oso bat da 1200 ikasleko zentro batean. Egunero gertatzen diren guztiak alez ale bata bestearen ondoan jarriko banitu munduari bira emango genioke. Hiru hilabete mundu oso bat da 1200 ikasleko zentro batean. Pasabidean gurutzatu izan dut Aitor, zer moduz dabilen ere galdetu izan diot, baina, 25 minutu haiek hor nonbait galduak nituen, munduari bira ematen, Ozeano Bare inguruan edo. Aretoan ikusi dut Aitor. Ezustean harrapatu nau. Batxilergoko mailan lehenengo saria jaso du. Puy irakaslea ari da bere ipuina irakurtzen. Ikasle bat psikologoaren bulegoan dago. Hizketan ari dira. Kolore arrosez margotutako etorkizunaz hizketan. Ezagunak zaizkit ikaslearen hitzak. Ezagunak zaizkit psikologoaren hitzak. Ezaguna zait elkarrizketa. Ipuinaren irakurraldiak iraun duen bost minutuan pasatako hiru hilabeteak korapilatu zaizkit. Laxo polita osatu du korapiloak. Ekitaldia bukatu denean, zain gelditu naiz. Parte hartzaile txikienen buruen gainetik eskua eman diot Aitorri. Zorionak. Begia kliskatu dit. Irribarre egin diot. "Zerbaitetarako balio izan zuen, eskerrik asko" esan dit. Lan bikaina idatzi du. Esperientzia ipuin bihurtu du, eta ipuina errealitate. Sekulako ilusioa egin dit. Literatura bizitzari hozkaka dabilen suge txiki jolastia dela frogatu diot neure buruari. Beste behin. Lan bikaina egin du Aitorrek. 25 minutu. Horixe ipuinari jarri dion izenburua. Bai, Aitorrek badaki bere etorkizunaren tesiak 25 minutuko neurria duela. Eta 25 minutu asko da. Bizitza oso bat.
Hogeita bost minutuk hainbesterako eman zezaketenik pentsatzea ere! Zorionak bioi!
ResponderEliminar