Zulo batzuk handiak izaten dira eta beste batzuk txikiak. Oso txikiak. Zulo batzuetan oihartzunak hankaz gora egiten du irrist. Isiltasuna hanka puntetan ibiltzen da beste zulo batzuetan. Zulo batzuk begiak ixten ditugunean sortzen dira, beste zulo batzuk ez dira existitzen, iluntasun huts dira.
Argi txiki batekin jolasean zebilen mutilaz oroitu naiz gaur. Argi txikia zulo handi batean sartu zuen eta zuloa estali zuen gero. Eta begira gelditu zitzaion zulo estaliari eta barruko argiari. Amari esan zion gero, hiru orduz zulo estaliari eta barruko argiari begira egon ostean, amari esan zion: "zain egoten ikasi dut". Eta amak ulertu zuen zain egotea estalitako zulo baten barruko argiari begira egotea zela, eta berak ere ikasi beharko zuela zain egoten. Argi handi bat zulo txiki baten barnean sartzen saiatu zen orduan. Ama amondu egin da eta mutikoa gizondu. Amak ez du sekula zain egoten ikasi. Argia atera egiten zaio zulotik. Semeak ez dio esan zulo handiago bat aurkitu beharko duela eta amari ez zaio bururatu. Ordularirik gabe bizi dira biak, badaezpada ere.
Joseba Lozano -> Zer den liburu bati hozka egin nahi eta liburuak berak zu hozkatzea. Argiarekin edo argirik gabe, kontua erreinua zure egin nahi izatea. Asmatu ezean, biak, argia eta erreinua, Josebak jarri dizkigu eskura. Idazle gasteiztarra "Argiaren erreinua" bere lehen eleberria hartuta etorri zen Itakara apirilaren 14an eta gu pozik, Itakako erreinuari argi berri bat zintzilikatu geniolako.
Imajinatu zure burua Pragan lainope ilun misterioz betean. Imajinatu zure burua kale estuetan barna korrika, atzetik nor dabilen oso garbi izan gabe... Imajinatu zure burua liburuko orriei atximur egiten beldurra, jakin-mina, ezustea... bultzak ari zaizuna zer den oso garbi izan gabe... Imajinatu zure burua "Argiaren erreinua" liburuaren baitan, apirilaren 14ko irratsaioa entzun bitartean... gustatuko zaizkizu... biak... Josebaren liburua eta Josebaren solasaldia...
Egin klik!
No hay comentarios:
Publicar un comentario