2013-09-11

GORBATA


Atal berri bat sortzea otu zait: "autobusekoak" ez dago azalpen handirik eman beharrik zertaz ariko naiz ulertzeko, ezta? ;-D 


Iruñeatik Zizurrera. Irailaren 9an.Goizeko zazpiak eta erdietan.

Goizeko zazpiak eta erdi. Autobus geralekuan bi lagunek topo egin dute. Hirugarren bat barruan zuten zain. Hirugarrenaren ondoko eserlekuan eseri naiz ni. Libre zegoen. Zutik gelditu diren bi lagunetako bat dotore jantzita dago: galtza zuriak, alkandora beltza eta lepoaren bueltan aske daraman gorbata zuri bat. Lan elkarrizketa bat izango du... (hori neurekiko). Gorbatarekin korapiloa nola egiten ez dakiela esan die bi lagunei. Barre egin dute bi lagunek eta aitortu haiek ere ez dakitela asko gorbata kontuez. Ezer ez. Ez dio axola, gaur egun ezer ez jakitea dena jakitearen parekoa da baldin eta mugikor bat eskura izanez gero (hori ere neurekiko). 

Lagunetako bat jaitsi egin da. Bigarren lagunak, esku bat mugikorrean eta bestea lagunaren lepoan, asmatu du, kosta bazaio ere, korapilo txukun bat egiten. Ez dago gaizki. 8,5 altu bat. Dotore dago. Arkatza eta papera hartu ditut burutapenok idazteko... eta konturatu naizenerako gorbataduna falta. Arrastoaren bila leihotik kanpora begiratu eta...

Ni lan elkarrizketa batera zihoalakoan. Neska panpox bat zuen kalean zain. Muxu eman diote elkarri. Eta niri bi zalantza sortu zaizkit:

1.- Neskak janztea hainbeste kosta zaion gorbataz ezer esan ote dion.
2.- Kalean dabiltzanak (gabiltzanok) inoiz pentsatzen jartzen ote diren kalean dabiltzanen (gabiltzanon) istorio-iturri bihurtzen direla. 


1 comentario:

  1. Kanadatik idazten dizun Josu14 de septiembre de 2013, 5:03

    Ideia paregabea! Gustura irakurriko ditut tankera honetako istorioak (historioak?) eta atala sortuz gero, Atlantikotik bestalde jarraituko ditut. Eta aurreko galderari erantzunez, bai besarkada batek Atlantikoa, Barea eta Indikoa zeharka ditzake nahi beste alditan, besarkadek ez dutelako ozeanoz eta kontinentez ulertzen. Beste bat zuretzako!

    ResponderEliminar