HITZA: MIHISE
"Izara artean kukutu da".
"Maindire artean kukutu da".
"Mihise artean kukutu da". Hiru kukutzeak ez dakit berdinak diren. Ez dakit maindirearen samurtasunak izararen ziztada artean lekurik topatzen ote duen. Ez dakit mihisea-ri falta zaion "zer hori" (h hizkiak hitza zulatu duela dirudi) maindireak bete dezakeen. Ez dakit izara artean eta maindire artean eta mihise artean egindako loaldi berak amets berak loratzen dituen. Hiru silabako ohean zurrungak zintzilik gelditzen dira, ohearen luze-zabalean sartu ezinda. Zurrungak lo gaudela egiten ditugun galderak dira. Edo hala direla esatea otu zait.
HAIKUA:
Isil-isilik
begiak hasperenka
zituen baina.

No hay comentarios:
Publicar un comentario