2012-09-11

TRONPA ZAURITUAK


HITZA: TRONPATU

Ez, ez da elefanteek asmatutako aditza; elefanteak hizkuntzalari lanetan jarriko bagenitu guk geure burua tronpatuko genuke. Guk geure burua nahasi eta engainatuko genukeela, alegia. Tronpatzeko moduko aditza da tronpatu, engainatu egiten duelako, elefante bat irudikatu eta ispiluak norbere burua erakusten duelako. Nahastu egiten gaituelako, konfunditu, eta aldi berean engainatu. 

Engainua baita, elefantea uste izan eta inurri izan beharra. Engainua eta nahasteko modukoa.

Ba horixe! Nahaste borraste galanta dela tronpatzearen kontu hau.Elefante baten tronpa luze korapilatua dirudi. Baina, ez, tronpatu ez da elefanteek asmatutako aditza.



 AFORISMOA: Ixten ez diren zaurietan zabalik gelditzen dena zer da, leihoa edo atea?

... eta ixten ez diren zaurietan zer egin daiteke, sartu edo atera? 

Imajinatu zuen buruak zauri batean barrura eta barrura egiten. Pausoa hegan, ezerez mikroskopiko baten esklabu bihurtuta, mina lekuko bakar.

Edo imajinatu zuen buruak zauri batean kanpora eta kanpora egiten. Pausoa astun, minari tarrakataka. 

Zer dago sartzearen eta ateratzearen mugan? Leiho baten mina? Edo ate baten dolorea?


 HAIKUA

Lan bila dabil
bilatze lana bera
lan bihurtuta



No hay comentarios:

Publicar un comentario