2010-10-28

ARRAROA


Zuria da azala. Grisa ere izan zitekeen. Arrastoak ditu; ia nabari ez direnak. Bi izen ageri dira azalean eta txakur txiki zuri mutur beltz bat. Tarteka deabru itxura hartzen duena. Las Meninas koadroko artzain txakurraren antz handirik ez du. Lukasi beldurra ematen dio Las Meninas koadroko artzain txakurrak. Margolaria da Lukas, edo margolaria izan nahi du. Umetan ere marrazkiak margotzen zizkion andereñoari eta andereñoak beretzat gordetzen zituen Lukasek marraztutako txakurrak. Erakusketa bat prestatu du; Martinek lagundu dio zeregin horretan. Martin itxaron-gela batean ezagutu du. Arraroa jarri dio Lukasek erakusketari izena. Martinek uste du arraroa dela ezagutu berri duen laguna.




Zuria da azala. Grisa ere izan zitekeen. Arrastoak ditu; ia nabari ez direnak. Bi izen ageri dira azalean eta txakur txiki zuri mutur beltz bat. ARRAROA du album-ak izenburu. Araiz Mesanza Iturritxa eta Irati Goikoetxea Asurabarrena dira izenak, eta txakur txiki zuri mutur beltza Lukasek ikasle txiki zela marraztu zuena da.


Igandean Markina-Xemeingo (bai, Markinak Xemein du atzetik bultzaka, hori Mari Eliri ikasi diot) udaletxean izan nintzen. Gero argitaletxeak album berria argitaratu du eta igandean egin zuen aurkezpena. Peru Abarka ipuin lehiaketako lan saritua da albumean dagoena. Ilustraziodun ipuina da; ilustrazio lehiaketa irabazi duen lanak jantzi du ipuina. Araiz Mesanza da ilustrazio egilea eta Irati Goikoetxea ipuina idatzi duena. Igandean Markina-Xemeinen izan ginen biok; albuma aurkeztu eta bertaratutakoei albumak sinatzen.




Esperientzia zoragarria izan da. Pertsona zoragarriak ezagutzeko aukera izan dut (Iratxe eta Igor euskara teknikariak; Mari Eli Gero argitaletxeko editorea, distantziarik gabe eskua eta bihotza luzatzen dituen emakumea; Araiz ilustratzailea, gehien maite duen horretatik bizitzeko borroka egiten ari den neska bikaina...), nire ipuin batek formatu oso ederrean argia ikusteko aukera izan du, amonaren jaioterria bertatik bertara ezagutu dut...

Arraroa jarri diot lanari izenburu. Besteengandik ezberdin egiten gaituen horrek arraro bihurtzen gaituelako. Arraro bihurtzen gaituen hori delako besteengandik ezberdintzen gaituena. Ezberdintasunak aberasten duelako gizartea.

Ipuina idatzi eta saritua izan ondoren izan nuen Benjamin Prado idazle handiaren Raro liburuaren berri. Hori da argitaratu zuen lehen liburua. Kasualitate polita da. Arraroa balitz bide oparo baten hasiera...

Ekaitzi, argi eta bide. Albumaren lehen orrialdean jartzen du. Ekaitzi eskaini diot ipuina. Bera izan dudalako beti argi eta bide. Nire argi eta nire bide izaten jarraitzen duelako. Bera delako aholkuak ematen dizkidana, bultza egiten didana, nirekin haserretu eta niregatik kezkatzen dena. Nire ilusio guztiak bere sentitzen dituelako.

Goierriko Hitzan argitaratutako elkarrizketa.

7 comentarios:

  1. ni nahi det bat irati siñatu eeeee durangoko azokaN BIKAIÑA

    ResponderEliminar
  2. Beno, Durangoko azokan harrapatzen ez banauzu, etxera gonbidatuta zaude; saiatuko naiz Gorkari zerbait polita idazten.

    ResponderEliminar
  3. Zer sentitzen da norbere liburua sinatzen dugunean? Zirraragarria izan behar du ezta? ZORIONAK!!!

    ResponderEliminar
  4. Zorionak Irati, ia Durangon ikusten garen eta zure liburua sinatzen didazun.

    ResponderEliminar
  5. Lenteja artean galduta ibili naiz (bai, solfeo irakasleak lenteja deitzen zien noten bolatxoei) eta ezin izan dut Arraroaren inguruan lehenago irakurri. Zorionak, beste behin, eta jakinda gehiagotan zoriondu beharko zaitudala.

    Muxu bat

    ResponderEliminar
  6. Zirraragarria da bai, Juli! Oso momentu polita. Denbora dezente kostatu zitzaidan, bakoitzari zerbait ezberdina idatzi nahi nion, zerbait pertsonala... baina, bai, izugarri gozatu nuen, zure ipuinaren irakurlea izango dena aurrez aurre izatea... ederra da!

    Mila esker Patxi! Patxiri idatziko diot... hilabete badut zuri zer idatzi pentsatzeko. Muxu bat!

    Eskerrik asko preziosa! Ostiral gauean zurekin gogoratu nintzen Leire; Zerainen izan nintzen poesia errezitaldi musikatu batean. Eta argazki eder bat atera nion etorkizunari, Leire, Saioa, Ekaitz eta Irati irudikatu nituen taula gainean hitzarekin eta musikarekin jolasean. Zergatik ez, ezta? Ongi ibili!

    ResponderEliminar
  7. Ba, nahi duzuenerako prestatu pare bat abesti. Haydn agian, edo Teleman, Sarasate beharbada, herrikoien bat. Eta guk poemak egingo ditugu. Zenbat denbora behar duzue?

    Etorkizun erakargarria zure argazkikoa, ea egunen batean nik ere ateratzen diodan argazkia.

    Bitartean, segi idazten eta aditzen.

    ResponderEliminar